Ateak itxitako beste ostiral bat. Bezperetako euriek pista lokaztuta utzi zuten (4,1) berriz, nahiz eta eguneko eguzkiak giro umela zertxobait goxatu. Programa txikia eta faborito nabarmenez josia.
1. Lasterketa: Urdaneta saria

El Tapado moxalak konfirmatu egin zuen pronostikoa eta debutean utzitako apuntea berretsi zuen. Hori bai, lanak izan zituen atzetik erasoka zetorkion Luancoren (Janacek) erasoari heltzeko. Kanpo-kanpotik bidea oztopatu ziolakoan erreklamazioa aurkeztu zuen Arizkorretarenak baina komisarioek ez zuten aintzat hartu eta helmugako ordena bere horretan utzi zuten. Rocio behortegiko moxalak -oso mejoratuta bere debutarekin alderatuz gero- horrexegatik galdu zuen bigarren postua, Ha Chop apalak probestu zuena. Gaztetxo denak ere indarrez justu iritsi ziren helmugara, pista oso astuna baitzegoen. Debut polita etxean jokatzen zuen Chief of Stallena, El Ingratoren anaia, hirugarren eginez. Planetariumek bihurgunea ez zuen ondo marraztu eta aukera guztiak galdu zituen bertan.
Bere tokian: El Tapado / Huts: Planetarium / Jarraitzeko: Chief of Stall
2. Lasterketa: Legazpi saria

Ignacio Melgarejo gazteak bigarren garaipena jarraian lortu zuen, oraingoan Brey de Valiente prestuarekin. Ivan Lopez kanariarraren zaldiak erreskan eramaten duen hirugarren lasterketa da hau. Pistan oso gustura eta lokatzetan zer esanik ez. Ez ordea Tazones, aurrez faborito argia izan arren, huts egin zuen bigunean. Urte kargatua ere badarama beste honek. Bigarrengoz jarraian Janacek Melgarejoren atzetik. Hirukoa Benijo´s Bravek osatu zuen, berarentzat distantzia luzeegia izan arren.
Bere tokian: Brey de Valiente / Huts: Tazones
3. Lasterketa: Elkano saria

Hhirugarrenean bai. Errebantxa hartu zuen Janacekek eta Muguetajarra faboritoarekin irabazi. Genuen zalantza bakarra -zenbateraino lokatzetan moldatuko zen Caradaken seme hau- uxatu eta erraz nagusitu zen Rocio zalditegikoa. Aurtengo hirugarren garaipena El Topo donostiarraren anaia honentzat. Lau gorputz luzera Melgarejok Chicago Dream ekarri zuen. Behor honek karrera ona errepikatu du bigunean hemen eta aurki bere handikapa aurki dezakeela ematen du. Beste galaxia batean gainontzerakoak. Horietatik Pereira portugaldarraren Little Luluk hartu zien aurre besteei. Azpimarratzekoa Romaniren performance makala, bere zalditegiko gehienak bezalaxe. Ez dirudite lehiatzeko gutxieneko mailan daudenik. Grilo “eroak” oraingoan ez zuen ezer arrarorik egin, agian jada indar apurrik ez zaiolako geratzen. Oporrak behar ditu gizajoak. Kohoofek oso lasterketa grisa egin zuen, hau ere nekatu itxurarekin.
Bere tokian: Muguetajarra / Huts: Kohoof / Jarraitzeko: Chicago Dream
4. Lasterketa: Lezo saria

Honetan ere faboritoak pronostiko guztiak bete zituen eta baita garaipen erraza eskuratu ere. Jasmine portugaldarrak ez zuen inongo arazorik izan udako bere ohiko lehiakidea, La Frisla, distantzia eroso batera uzteko. Historia gutxiko beste handikap apal bat. Udakoen Déjà vu-a. Hirugarren, luma-pisua probestuz, Octavia Minor sartu zen Monceaux frantsesarekin. Gelabertek gogotik lan egin zuen Guitar karreran sartu nahiean, baina zaharrak ez du ezer jakin nahi eta ez zuen lortu, ezta usta hasieratik erabilita ere. Azpimarratzekoa berriz Militar behortegiko kidearen karrera deigarria. Pulgarcita urruneko azkena izateaz gain, lehenengo bihurgunean Lore Tokirako bidea hartu nahi izan zuen, buelta erdia emanez, baina berriz karreran sartzea lortu zuen Mila Hrubosovak. Ez geneukan horrelakorik ikusita.
Bere tokian: Jasmine / Huts: Guitar / Jarraitzeko: La Frisla
5. Lasterketa: Okendo saria

Aurrez idatzitako gidoia hitzez-hitz bete zuten sari honetako sei behorrek. Harrigarriki inor ez zen kezkatu ere egin Algaidaren garaipena zalantzan jartzeaz. Bakoitza berera. Faboritoak punta hartu zuen eta, aurreko bere hiru garaipenetan bezalaxe, helmugaraino eroso-eroso iritsi zen inork trabarik egin gabe. Hrubosovaren beste garaipen gozo bat, aurreko karreran Pulgarcitarekin egin zituen malabarrak ahaztutzeko gozagarria. Nayade gaztea nonbait irteeratik konforme zegoen berarentzat aurrikusten zen bigarren postuarekin. Eta denak hala joan ziren, bakoitza bere tokian txintxo-txintxo, pronostikoak diseinatutako iritsiera betetzeraino. Kontatzeko apenas ezer ez.
Bere tokian: Algaida
Argazki galeria
Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar