1. Lasterketa: Pico del Loro saria, 1.500 metro (2 urtekoak)
“Loretope” izena behar zuen sariak (a ze gauzak asmatu izan dituzten gure hizkuntza izkutatzearren: “pico del loro“…..) faborito oso nabarmena zuen Brujildarekin. Baina azken orduko Machu Picchu ondraduaren berrengaiatzeak gauzak zaildu dizkio. Irabazlea bietako bat izango da. Guk Arizkorretaren behorraren alde egingo dugu, nahiz eta azkenekoetan zertxobait beherantz egin, hemen irabazlea da eta ezin dugu ahaztu Gang of Ten bere amaren alaba dela, Kutxa irabazitakoa. Rodriguezek berrengaiatutakoak aldiz, bere irteera guztietan kobratu du eta Madrilen sasoian dagoela erakutsi ere. Leiha estua izango dute biek. Besteak urruti espero ditugu. Agian White Sock berrengaiatua gertura daiteke, oraindik berretsi ez duen jatorri polita baitauka.
Gure hautua: BRUJILDA – MACHU PICCHU
2. Lasterketa: Txikierdi saria, 1.500 metro (handikap 2. zatia)
Shades of Mistek oso apunte ozena utzi du bere azkenekoan Madrilen. Cerqueirarenera egin duen patio aldaketarekin asko igoko dela uste dugu eta eskalan egoera irabazlean dago. Ikusi behar nola moldatzen da gure bihurgune estuetara. Baina asko gustatzen zaigu. Nyala bigarren zatian erori da oraingo honetan. Hemen udan irabazi zuen eta hau da bere distantzia. Biguna topatzen badu, pozik. Madrilen ez ditu karrera onak utzi azkenaldian, baina hobekuntza espero dugu. Tropel portugaldarraren aldetik, Pereiraren biek – Such Promise eta Hatha– distantzia egokia dutenez ondo korrituko dutela uste dugu. Royal Destiny ere irabazteko irrikitan amaitu zuen uda hemen baina ez zuen lortu. Orduko forma mantendu badu, beste aukera bat dauka.
Gure hautua: SHADES OF MIST – NYALA – HATHA
3. Lasterketa: Ulia mendia saria, 1.500 m (handikap 1. zatia)
2 Battle of Waterloo iruditzen zaigu lote honetanko zaldirik onena. Egia da Madrilen bere azkenekoetan beherantz egin duela baina hemen ondo aritutakoa da eta uste dugu bere arerioek baino kategoria gehixeago duela. Oscar Anaya entrenatzailea ez dator alperrik Madrildik. Distantzia pittin bat luzea agian. 1 Iron Rock eta 3 Holloko uda honetako bikote portugaldar banaezina dugu. A ze parea! Berriz ere hortxe egongo dira, beti bezala. Baina bien egoera handikapean jada oso itogarria da eta sasoi betean beharko lukete eskala horrekin irabazteko. Halere, batek daki. Magie portugaise…. 5 Just One Look-ek aurreko astean pisuz kaltetuta agertzen zen arerio gogorragoen aurka eta leihatik urrun ibili zen. Orain handikapean, distantzian eta lote txiki honetan aukera polita du, oso erregularra baita Zubietan.
Gure hautua: 2 BATTLE OF WATERLOO – 1 IRON ROCK – 5 JUST ONE LOOK
4. Lasterketa: Pirulo (1954) saria, 2.000 metro (salmenta)
Ez da inkognita gutxi karrera honetan. Beti udazkeneko pista bigunetan izan duen erregulartasuna eta balioari erreparatuz 9 Saumet litzateke ezbairik gabeko faborito nagusia. Baina bere azken irteeretan azkenputz tristea izan da (aurrekoan perra galdu omen zuen) eta depresioak jota dirudi. Halere, bere trainerrak ondo entrenatzen duela dio. Eta pisuz oparituta dago. Auskalo! 1 Urban Rock bizitza aseguru bat da. Ia beti kokatua, distantzia honetan eta bere erregulartasunari erreparatuz, berarekin ezinbestean kontatu behar dugu. 02 Parabakek karrera onak egin zituen udan hemen eta berriz gertu egon daiteke, baina bigunean ez omen da ondo egokitzen. Hau gutxi ez eta gainera bi meloi irekitzeko: 7 Korevsky hesietan eta lauan Listedeko kokatua. 2018an 46ko balioa zuen, baina aurten bakarrik behin korritu du, hesietan, eta bapatean Equhipo donostiar zalditegiaren izenean dator orain. Balioz galaktiko bat, baina osasunez ikusi behar. Padockean arretaz miatzeko. 4 Target Zone beste Listed kokatu bat da, baina hau irletan. Erromes ibili da han eta hemen eta orain Gaspar Vazen patiora erori da. Balioarengatik hau ere galaktikoa (43 zuen iaz), baina hemen ikusteak susmo latzak eragiten ditu. Udan Zubietan berragerpen txukuna egin zuen baina geroztik ez du korritu. Ezagunen alde egingo dugu pronostikoetan baina belarriak oso tente.
Gure hautua: 1 URBAN ROCK – 2 PARABAK – 4 TARGET ZONE
5. Lasterketa: Santa Klara uhartea saria, 2.000 metro (3 urteko moxalak)
2 Tito eta 1 Kuko asko nabarmentzen dira hemen besteen gainetik. Hirugarrena aukeratzeko nahiko lan. Titok jada hemen erraz nagusitu zitzaion Apujamiri duela bi aste eta oraingoak antzeko trazak ditu. Zaldia igotzen ari da eta ez luke arazo handiegirik izan beharko irabazteko. Gerra piska bat eman diezaiokeen bakarra Kuko da. Oso erregularra Zubietan, udan lote eskasak aprobetxatu zituen poltsikoak ondo betetzeko -garaipen bat eta hiru kokapen-. Baina hobetu beharrekoa udan egin zuela ematen du eta bigarren postuarekin amestuko du. Gainontzekoetatik ez dakigu zein gomendatu. Agian 7 Little Lulu edo 8 Nuria portugaldarrak, baina ez dute arrazoi sendorik eman horretarako.
Gure hautua: 2 TITO – 1 KUKO