Largabistak garbitzen hasita gaude hilabete eskas falta denean gure denboraldia berriz martxan jartzeko. Baina aurtengoa inkognita handi batean murgilduta dator: nola eragingo dio COVID-19aren pandemiak Zubietako zaldi lasterketei?
Jakina da ia Europa osoan birusak lasterketak geldiarazi dituela martxoaren erditik gaurdaino. Baina poliki-poliki datorren astetik aurrera euren lasterketei berrekiten hasiko dira –hori bai, hipodromoetan ikuslerik gabe- hainbat herrialdetan: Alemania, Frantzia…. eta Estatu Espainiarrean zer?
Madrilek maiatzaren 24an hasi nahi
Estatuan, Madrilgo denboraldiaren etenaldiaren ostean, ONLAEk diruz lagundutako jardunaldi guzti-guztiak berreskuratu nahian, egutegi proposamen berri bat aurkeztu zuen apirilaren 22an.

Horren arabera, ekainetik irailerako hilabeteetan, astero bi jardunaldi izango lirateke, Zubietakoa bat eta bestea Madrilekoa edo Sanlucarrekoa. Gehiegizko jardunaldi pilaketa dirudi oraintxe Estatuan entrenamenduan 703 zaldi daudela kontutan hartuta. Baina tira, hobe mozkorraldia izatea hilabete hauetako lehortea baino.
Gurean ekainaren 3an
Zubietan lasterketak ekainean asteazken goizetan izango genituzke. Hortik aurrera igandeetako arratsalde tipikoetara pasako ginateke, salbuespen gutxi batzuekin: Urrezko Kopa larunbatez eta abuztu bukaera eta iraila hasierako aste barruko bi jardunaldi. Guztia ere konfirmatzeke.
Ustezko “normaltasun” berri horretarantz faseka bueltatzera goazen honetan, posibletzat jotzen da Loterías y Apuestas del Estado delakoak bere bulegoak irekitzen hastea maiatzaren 11an. Ezinbesteko pausua Madrilgo lasterketak antolatzeari berriz ekiteko. Aurki konfirmatu daiteke urrats hori eta ondorioz, Madrilerako aurreikusita zegoen egutegi berria betetzek aukerak ugarituko dira.
Seguruagoa dirudi gure denboraldiaren ekaineko hasierako txanpa. Jardunaldiok PMUren babesa izanik, nahiko segurutzat jotzen da –horrelako ezer esan baldin badaiteke gaur egun….- lasterketak jokatu ahal izango direla. Ikusteko dago ikusleen presentziarik izango ote den hipodromoan.
Zuzenean edo pantailetan?
Pandemiaren aurkako fasekako araudi berriei kasu eginez, aurreikusten da ekainaren 8tik 21era (3. fasea), dena ondo badoa, aforo mugak ezarriko direla aire libreko ikuskizunetan, pertsonako 9 metro kuadro errespetatuz. Ez dirudi, hipodromoan hau arazo izango litzatekeenik, baina adituek esan beharko dute. Hortik aurrera ´¨normaltasun berria”ren aroan murgilduko gara. Suposa daiteke, neurriak oraindik malguagoak izango direla. Hipodromoaren edukiera mugatu beharko da, seguru asko, baina pentsatu nahi dugu, urtero bezala, gure lasteketetaz zuzenean gozatu ahal izango dugula berriz ere. Seguru baietz. Ea ba!
Aupa familia!! Hemen daukazute jarraitzaile bat. Goizero botako diot begirada bat orriari lasterketen berrien bila eta euskeraz irakurtzeko asmoakin ere. Eta laguntza behar ba dezute hemen nago. Eskerrikasko eta eutsi aurrera!!
Mila esker Atxen, asko poztutzen gara!!