JOANES URRESTARAZU
Gold Well, GALVINen aita, ez zen inoiz laisterketa batetara atera baina txapeldun handiak eman ditu eta Montjeu handiaren anaia izanik bere odol urdinaren arrastoa utzi du bere produkzioan. Holywell, Johns Spirit eta Two For Gold bezalako izen handien ondoren, GALVIN bere seme kuttunak ikusi zuen munduaren argia orain direla 8 urte. GALVIN Gordon Elliott irlandar prestatzailearen azken proiektu kuttuna da. Beti izugarrizko maila ematea lortzen duen klase handiko metronomo txikia.
Bitan atera da Cheltenhameko zirkuitu miresgarrira eta argi utzi du oso gustokoa duela, batean irabaziaz eta bestean bigarrena lortuaz. Lasterketak gogortzen direnean bere onena ateratzea lortzen duen zaldia da GALVIN. Bihotz erraldoia duela esango nuke eta bere oraingo 8 urteak oso ongi etorriko zaizkio bere garaipen handiena lortzeko: Cheltenhameko Gold Cupa. Oso sendoak ikusten ditut bere Blue Ribbanda lortzeko aukerak.
Bihotzari so egiten badiot, Protektorat ere aipatu nahi dut. Skeltodarrak, Dan eta Harry oso maitekoak ditut eta dudarik gabe merezi dute honelako garaipen izugarri bat. Ostiralean beste urte batez gure txanpain kopaz topa egingo dugu, beste urte batez Gold Cupa gozatzea lortu dugulako.
Gora Cheltenham!

O’MAIDAGAN
Programa begiratu ondoren edozein zalek ondorioztatuko luke, hasiera batean Gold Cup hau GALVIN eta A PLUS TARDen artean jokatuko dela. GALVINek bi denboraldi bikain daramatza eta bere azken lasterketan sekulako gorakada burutu zuen eta estilo bikainez gainera, A PLUS TARD berberari gailenduz amaieran. A PLUS TARD balore estratosferiko bat markatzetik zetorren Haydocketik eta ziur aski ez zuen espero GALVIN etorri berriak, ordura arte denboraldiko hitzordu handirako prestaketa ezin hobea izaten ari zena, zapuztuko zionik.
Galdera nagusia da ea A PLUS TARD eta bere taldeak planik pentsatu ote duten GALVINen amaigabeko errematetik bizirik irteteko. Hor egongo da karreraren drama.
MINELLA INDOK aurreko edizioan bere onetik atera zuen A PLUS TARD atribulatua, baina denboraldi honetan soso samar ibili da, eta pista honetan hazten den arren, ez dirudi iaz ekarri zuen bultzadarekin iristen denik. Aurten ez bezala, iazko prestaketa-lasterketetan estropezu pare bat egin arren, gehiagora zihoazela erakusten zuen.
Benetan gehiagora doanaren seinaleak ematen dituena PROTEKTORAT da, izan ere oztopoetara igaro zenetik pozak eman ditu etengabe. Hori bai, ikusteke dago Cheltenhameko lokatzetan hiru milia egin ondoren, oraindik ere erreserbak izango ote dituen unean-uneko stayer bikote handiari eta beste irlandar bati aurre egiteko, zeinak, helmugara bideratzea tokatzen denean, ia ziurra dena hor egongo dela: AL BOUM PHOTO.
Arraroa da zaldi honek jada estatuarik ez izatea Cheltenhameko txokoren batean. Bi Gold Cup irabazita, iazkoaren hirukoan sartzea eta edizio honetara inolaz ere baztertzen ez duen paperarekin iristea, benetako balentria da. Beharbada, bere ospea bere arrakasten mailan ez egotea (izena gorabehera), oso gutxitan ikusteagatik izango da. Baina bihar bikian sartzen bada, ez da aitzakiarik izango. Pista horrekin ia edozer gauza gerta daiteke eta litekeena da berriro hirukotean amaitzea.
Lokatzetan aitzakiarik jarriko ez duen beste bat FLYER TORNADO da, baina badakigu Cheltenhamen hiru miliak ez direla Kemptoneko hiru miliak. Gainera, zuzengunera hazita iristen direnei itogailua estutzeko hor egongo da GALVIN. Gauza bera esan dezakegu CHANTRY HOUSEri buruz, orain arte ia egoera guztietan ondo konpondu da baina, agian oraindik, gutxi onduta egob daiteke ostiralerako zitarako.
Gainerakoetatik, ASTERION FORLONGEk zulo gehiegi ditu historialean, ROYALE PAGAILLEk balio sendoegirik ez du irlandarren aldean eta AYE RIGHT ez dago maila horretan. Eta gero SANTINI dago, jauntxo bat izan zena eta oraindik ere badena. Bere mailako batentzat lasterketa honetan figurante soila izatea luxu gehiegizkoa da, ea gora etortzen den eta edizio honetan figurante gisa akreditatzen duen esaldiren bat lortzen duen.
Laburbilduz: topera ez dagoena GALVINekin gorriak ikusiko ditu, bera baita faborito argia. Bikirako, A PLUS TARD eta hirugarren postua AL BOUM PHOTOri kentzea lortzen duenarentzat izango da.

EUSKALTURF
Dudarik gabe, denboraldiko jardunik onena A PLUS TARDen eskutik etorri da. Azaroko Betfair Chasen emandako erakustaldia inork ezin izan du berdindu, ezta gerturatu ere. Han egin zuena errepikatzeko gaitasuna baldin badu, beste guztiek jai izango dute. Egia da denboraldiko bigarren lasterketan GALVINek garaipena zapuztu ziola baina, batetik, egun hartako erritmo “motelak” ez zitzaion mesedetan etorri, eta bestetik, ez zirudien puntu puntuan zegoenik egun hartan. Prestaketa lanak guztiz beteta, egunik garrantzitsuenean %100ean itzuliko dela ziur nago eta iazko bigarren postuarekin bildutako porrotaren ordaina jasotzea merezi du Cheveley Parkeko zaldi boteretsuak.
Beste faboritoetaik kanpo, adi CHANTRY HOUSE sorpresarekin. Kemptongo King George garrantzitsuan izan zuen bere azkenaldiko porrot bakarra. Askok ezabatu dute bere kuttun listatik egun hartako emaitzagatik eta lokatzetan horren distantzia luzea egiteko gai izango ote den dudengatik. Hala ere, hobetu besterik ez du egiten lasterketa guztietan (King George kenduta) eta oraindik ere hobekuntza izan dezake kilometro urriko bere motorean. Adi.
