zaldilasterketak.eus

Ekainak 1: analisia

Maiatzean atsedena hartu ondoren hemen gara bueltan. Jada udako denboraldiari aurre egiteko prest. Ekaineko aperitifa asteazkenean izango da, arratsaldez aurreneko bi asteotan eta goizez azkeneko bietan. Espero bezala programa txikiak eta, lehen mailako zaldiak Madrilgo sari nagusienetan daudela, bigarren lerroko protagonistekin. Baina ez horregatik sinple eta xoxoagoak. Pista lehorra eta PMU sareko jokoa izango dugu. Goazen gure analisiarekin.

1. Lasterketa (18:30): SUANCES SARIA (3 urteko moxal ez irabazleak). 2.000 m

01 SASLONGek beti kobratu du bere sei irteeretan. Bi kilometroko distantzian ohitua 36ko balioarekin etorri da Frantziatik. Hori hemen asko da. Madrilgo berragerpenean, milian, hirugarren txukun batekin aurkeztu zen. Besteen oso gainetik dirudi. Zambudiok emango dion deskarguarekin gauzak are errazago. Faborito argia. 05 HEY JUDEk debut polita utzi zuen Madrilen behorren artean. Gerora, denborak orduko lotea ezbaian utzi du. Ondoren, faborito izan arren, huts handia egin zuen. Aitortu behar zaio lotea askoz gogorragoa zela eta agian distantzia luzatzeak ez ziola lagundu. Zubietan, eta arerio hauen aurka, debuteko itxura berretsi behar digu. 04 MACADAMIA bere azkenekoan Padiernoren atzetik sartu zen eta honek berriz irabazi du igande honetan. Ildo sendoa. Sasoian dabil eta pista ezagutzen duen bakarretakoa da. Hirukoan seguru. 06 SOFUNNYk jatorri dotore askoa du baina bere lau agerraldietan ez du txintik esan. Martxoan lehian hasitakoa da. Denbora behar duelakoan, beste aukera bat eman behar diogu. 02 JARRETON bere zalditegiko “ezkutuko zaldia” omen da bere trainerraren hitzetan. Distantzia, lokatza eta denborarekin zeresana emango omen du. Hemen ez du horrelakorik izango baina gure koadernotxoan gordeko dugu hurrengo baterako.

Gure hautua: 01 SASLONG – 05 HEY JUDE – 04 MACADAMIA

2. Lasterketa (19:00): PRINCIPE DUERO SARIA (D mailako baldintzazkoa). 2.000 m.

03 DEFINED Gosden ohi bat da, Golden Horn Arcoduraren semea. Arizkorretatik irletatik ekarri zuen 38ko balioarekin Villamejor saria korritzeko. Huts egin, zikiratu eta atseden hartzen utzi dute orain arte. Madrilen apalki berragertu ondoren oso erraz irabazi berri du Ageneko karrera txiki batean. Errekuperatuta dagoelakoan, Ingalaterrako balioa mantentzen badu irabazlea izango dela uste dugu. 04 GAHERIS Alvaro Odriozolak Irlandan J.P. O`Brienekin edukitako zaldia da. Iaz han irabazi zuen 40,5 balioa emanez. 8 hilabeteren ostean berragertu berri da Daxen, jada Ramon Avialen aginduetara. Ez zuen apartekorik erakutsi baina seguru gorantz egingo duela. Interesgarria. 02 MAZELTOF Frantzian erosi zuen Sarabia jaunak 41eko balio sendoa zuela. Gure artean dagoenetik maldan behera doa itxura nahiko grisa erakutsiz. Ez dugu uste hondoa jo duenik oraindik. Pista ezagutzen du baina ez digu batere konfidantzarik ematen. Kokapenen bat. 01 HEADHUNTER hondarreko erregea bihurtu zaigu iaz bost garaipen erdietsiz. Belarrean ostera beste kirol batekoa dirudi. Bipolarra. Zubieta ez du ezagutzen eta pentsatzen dugu bere udako hondar-bira prestatzera datorrela. Mus.

Gure hautua: 03 DEFINED – 04 GAHERIS – 02 MAZELTOF

3. Lasterketa (19:30): PERSIAN RULER SARIA (handikap 1. zatia). 1.600 m

03 COPITA DE CAVA, Sudafricaren ahizpa honek debutetik itxaropen handienak piztu izan ditu. Distantzia luzeko hitzordu klasikoetan huts egin ondoren, 4 urterekin aurkeztu zaigu galdera ikur handi batekin. Azkenekoz, hemen, txundituta utzi gintuen Vetona txukuna txikitzen distantzia honetan. Uste dugu ez dela handikapekoa eta proba gogorragoetan espero dugu. Bigunean hobeto. Halere, irabaztera. 02 CUPPACOFFEE zaharra zeozer kamustu da azken aldian. Ilun ari da Madrilen baina arerio indartsuagoen kontra. Hemen maila apalagoa aurkituko du. Vaclakek punta harrapatzen badu izerditan jar ditzake denak. Outsider. 01 LEADER´S LEGACY metronomo bat da hemen. Betiko parametro ia berdintsuak baina pisuz zigortuago. Gertu, beste behin. 04 HOLLOKOrengatik ia gauza berbera esan dezakegu, hitzez-hitz. 08 CONSPIRACYk behin bakarrik korritu du hemen, iazko uztailean. Oso gutxigatik galdu zuen El Sokhnaren kontra. Ordutik ez du bururik altxa Madrilen, handikapean 10 kilo argaltzeraino. Pista eta giro aldaketak on egin diezaioke. Nahiz eta gaurko distantzia pittin bat luzea izan, ustekabea eman lezake. Urre bilatzaileentzat.

Gure hautua: 03 COPITA DE CAVA – 02 CUPPACOFFEE – 01 LEADER´S LEGACY

4. Lasterketa (20:00): CHACAL SARIA (handikap 2. zatia). 1.600 m

01 KENNOCHA aspalditik jarraitzen ari garen behorra da. Baldintzazko karreretan aritu da 27 balioarekin sailkatu arte. Azkenekoan hemen hankatxoa erakutsi zuen Vetona eta Copita de Cava bikainen atzetik. Berriki muturra ere erakutsi du Daxen ustez askoz maila altuagokoak diren elementuengandik gertu. Hirugarren, 3G irabazlea den Mujbarren gorputz erdira!!! (guk 34 balioa kalkulatu diogu) Gaspar Vazek ohitu gaitu udarero bere zaharren baten eztandarekin (gogoratu Jasmineren berpizkundea). Aurten Kennocharen denboraldia izango delakoan gaude. Handikapean aspaldiko irabazlerik argienetakoa. Leihatiletan tokia utzi!!! 07 STERLING GOLDek apirilean hemen egindakoarekin geratu ginen. Barruko errailetatik, bakarrik, irabazteko imintzioa egin zuen azken metroetan pott eginez. Ikuluz aldatu eta zazpi hilabete osteko berragerpena zen. Oso ibilbide apala du, oso. Baina hobera bakarrik egin dezake eta Zambudioren deskarguarekin aukera bat ikusten diogu. Sorpresatzarra! 04 DREAM START gure pistako beste klasiko bat da (Leader´s Legacy, Holloko, Hanna eta enparauen antzekoa). Bere parametro faboritoak eta apuntatzetik dator krisi luze baten ondoren. Pisuz oparituta dago handikapean. Gainera, Janacek. Halere, ez gara guztiz fido. 08 HANNAri aurre hartu zion orduko hartan pisu baldintza beretsuetan. Honek gurean egindako karrerarik txarrenetakoa izan zen hura. Pittin bat hobetuz gero, oso arriskutsua litzateke berriz. Baina irabaztea asko kostatzen zaio (23 irteera eta maiden oraindik). 03 STUDENT urtebete lehorrean egon ondoren apirilean berragertu zen 3 karrera segidan korrituz. Azkenekoan laugarren egin zuen Adaaylight Dancer, Anaz eta Pont de Rudaren atzetik. Hilabeteko atsedena izan du eta askoz arerio ahulagoak topatuko ditu 2. zati honetan. Sorpresa.

Gure hautua: 01 KENNOCHA – 07 STERLING GOLD – 03 STUDENT

5. Lasterketa (20:30): BARILONE SARIA (salmentazkoa). 2.000 m.

01 SISON irabaztetik oso gertu izan da orain bi aste Daxen, 32 balioarekin. Hori nahikoa da lote ahul honetan irabazteko. Vicky Alonsok ondo ezagutzen du eta kilo batzuetako deskarguarekin zalantza oro uxatzen du. Irabaztera. 03 JERY SMAIHek karrera onak utzi ditu pistan nahiz eta bere gustuko lokatzik aurkitu ez. Orain ere ez du aurkituko baina Cristina Perezen deskarguarekin oso arin aterako da. Faboritoaren deskuidoak aprobetxa ditzake. 02 FARSAMANek lokatza behar du bere profilik onena erakusteko. Pista lehorrarekin topatuko da. Azken kokapena eskura du. 04 JOE BLININGen balioa eskasagoa da. Baina Julia Zambudiok bere maniak ezagutzen ditu eta badaki nola engainatu lan piska bat egin dezan. Hirukoa itxi dezake.

Gure hautua: 01 SISON – 03 JERY SMAIH – 04 JOE BLINING

Ekainak 1: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top