zaldilasterketak.eus

Ekainak 1: kronika + argazki galeria

Ekaina hasteko arratsalde dizdiratsua eta animatua izan genuen Zubietan. Programa txikia zen, aparteko kalitaterik gabekoa, baina zaleak karrera gosez gaudenez jende mordoska bat bildu zen asteazken arratsale honetan.

Saslong / Julia Zambudio – Argazkia: Dabid Argindar

1. Lasterketa (18:30): SUANCES SARIA (3 urteko moxal ez irabazleak). 2.000 m

01 SASLONGek pronostiko guztiak bete zituen aparteko izerdirik atera gabe. Julia Zambudiok ez zen konplikatu eta garaipen erraza eskuratu zuen. Zaldiak bere balioa berretsi zuen eta ematen du bere jabeak berarekin dibertituko direla. Bigarrena 06 SOFUNNY sartu zen karrerako sorpresa emanez. Atarikoan esaten genuen jatorri polita zeukala eta halako batean esnatzen hasi behar zuela. Hala egin zuen, barrutik Janacekek -nola ez- ibilbide inteligente bat emanez. Mediterraneoko bi ordezkariak uste baino apalago ibili ziren, 3. eta 4. postuak betez. 04 MACADAMIA bere ohiko erregulartasuna berretsiz eta 05 HEY JUDEk erremate argirik gabe, kolpeka etorri baitzen.

Bere tokian: SASLONG / Jarraitzeko: SOFUNNY / Huts: HEY JUDE

Defined / V. Janacek – Argazkia: Dabid Argindar

2. Lasterketa (19:00): PRINCIPE DUERO SARIA (D mailako baldintzazkoa). 2.000 m.

03 DEFINED Gosden-ohia hasi da berarengandik espero zena berresten. Janacekek esan zuenez oraindik distantzia gehiago ondo egingo du eta sari handietan ikusiko dugu aurrerantzean. Gorantza joango da, seguru. Buruz-buruko polita eskaini zigun 04 GAHERISekin, Odriozolaren zaldi irlandarra. Fisiko eta ibilera ederrak ditu beste honek ere eta proba gogorragoetan ikusi ahal izatea espero dugu. Biek arratsaldeko kalitate tantak utzi zizkiguten. 02 MAZELTOFek jada paddockean oso itxura eskasa zuenez eta 01 HEADHUNTER bere udako hondarraldia prestatzera zetorrenez, 06 SATURNO behargina hirugarren postuan sartzea lortu zuen Sousak, azeri.

Bere tokian: DEFINED / Jarraitzeko: DEFINED, GAHERIS / Huts: MAZELTOF

Copita de Cava / J.L. Martinez- Argazkia: Dabid Argindar

3. Lasterketa (19:30): PERSIAN RULER SARIA (handikap 1. zatia). 1.600 m

03 COPITA DE CAVAk apirilean hemen bertan lortutako garaipena berretsi zuen eta honez gero badirudi handikapak motz geratuko zaizkiola. Behor handia izanik ere Bugattiko bihurgunera oso ondo egokitzen da eta ezin gusturako dabil Zubietako ibilbidean. Sari handiagoetan espero dugu, beti ere miliaren inguruan. Bere atzetik 01 LEADER´S LEGACY eternala sartu zen, ezin erregularrago Zambudio bere ohiko konplizearekin. Azken metroetan harrapatu zuen 03 CUPPACOFFEE, dudarik gabe handikapean duen kokapenarekin uda honetan hemen bere handikapa aurkituko duena. Cristina Perezek ihes egiten saiatu zen 07 BOUJOC-i punta eroa emanez, baina gasolina amaitu zitzaion 300 metro faltan. Honek ere berea aurkituko du udan, baina hobeto bigarren zati batean.

Bere tokian: COPITA DE CAVA / Jarraitzeko: CUPPACOFFEE / Huts: CONSPIRACY

Kennocha / R.Sousa – Argazkia: Dabid Argindar

4. Lasterketa (20:00): CHACAL SARIA (handikap 2. zatia). 1.600 m

01 KENNOCHA goizeko faborito nagusienetakoa zen eta pronostikoa bete zuen aparteko gorabeherarik gabe (2,5/1 PMUn). Erne behor honekin handikapean asko igotzeko moduan baitago. Gaspar Vazen ohiko berreskuratze lana, hainbatekin egin duen bezalaxe. Sousa ez zen konplikatu garaipen argi bat lortzeko. Bigarren 08 HANNA izan zen Hrubosova bere kide bereiziezinarekin, Mario Julio Perezen 06 MELODY FRANCEren aurretik. Gure goizeko “petardoa”, 07 STERLING GOLD oso urduri zebilen paddockean eta azkenean laugarren sartu zen, benetako borrokan sartu gabe.

Bere tokian: HANNA / Jarraitzeko: KENNOCHA

Sison / Vicky Alonso – Argazkia: Dabid Argindar

5. Lasterketa (20:30): BARILONE SARIA (salmentazkoa). 2.000 m.

Kontatzeko gauza handirik ez azkenekoan. Oso alde zuen 01 SISONek karrera programa ikusita eta egin beharrekoa egitera mugatu zen Vicky Alonso. Garaipen argi eta erosoa. Ez zuen asko estutu behar izan zaldi zuribeltza irabazteko. Zubietan oso gustura dabil eta, nahiz eta handikapean altu xamar ibili, topatuko du gurean bere neurriko beste karreraren bat. Bigarren posturako borroka izan zen 03 JERY SMAIH eta 04 JOE BLININGen artean, Cristina Perez eta Julia Zambudioren artean alegia, orden horretan amaitu zena. Neska gazteen hirukoa: Vicky Alonso- Cristina Perez – Julia Zambudio. Azken aldi honetako promesa gero eta sendoagoak.

Bere tokian: SISON

Ekainak 1: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top