zaldilasterketak.eus

Ekainak 10: analisia

1. Lasterketa (11:10): Barilone saria (2 urtekoak)

Hemen daukagu belaunaldi berri bat. Estrainekoz 2018an jaiotakoak pistan. Pronostikorako apenas erreferentziarik daukagun. Baina tira, 4 SCALACH oso prest izaten dituen patiokoa da eta hori asko da aurreneko karrera hauetan. 1 FORCE CAT Calderonek izena eman dituen hiruetatik jockeyrik onena darama. Nahikoa bikia osatzeko, halere Cat Alegria bere arreba propioak maila eskasa erakutsi du gaurdaino. Ea honek hobetzen duen.

Gure hautua: 4 SCALACH – 1 FORCE CAT

2. Lasterketa (11:40): Suances Saria (3 urtekoak)

7 KOHOOFek aurreko astean harritu gintuen maila oneneko behorrekin lehian. Berrengaiatu dute eta ordukoa errepikatzen badu eta esfortzuaren nekeak ahaztu, irabaztetik oso gertu egongo da. 2 INTOCABLEk bere azkenekoan huts egin zuen goi-mailakoenekin, baina aurretik aise menpean hartuak zituen Marrero, Truhan eta enparauak. Ea oraingoan zein bertsio tokatzen den. 1 ANFION orain arteko hiru lasterketetan ez da azaldu, baina distantzia laburtzen diote eta garaia du Acamante eta Nioberen anaia dela erakusten hasteko. Hobetzen. 4 MUGUETAJARRA El Topo ezagunaren anaia propioa izanik jarraitu beharko dugu, nahiz eta oso debut grisa izan martxoan. Lokatza ez luke gustukoa izan beharko. Hurrengoetarako. 6 ABUNDANCIAri biguna izugarri gustatzen omen zaio eta bere ingurukoak bero dabiltza berarekin. Baina gaur arte ez du ezer erakutsi eta guk mus egingo dugu. 5 UNTITTLED Lope de Vegaren semea izanik begi bat jarriko diogu, baina debutean ezer gutxi erakutsi zuen urtarrilean. 9 NUBE CANARIAk Sevillan izandako bere azkenekoan pott egin zuen metro gutxiren faltan. Ordukoa ninian gordeta, aukeraren bat izan dezakeela uste dugu erdipurdiko lote honetan.

Gure hautua: 7 KOHOOF – 2 INTOCABLE – 9 NUBE CANARIA

3. Lasterkea (12:10): Persian Ruler Saria (handikap 2. zatia)

9 PORT GRIMAUD: aurten ondo korritu du, bere distantzia da eta zelan onena darama, Janacek. Eztabaidatzeko gutxi. Zubietan behin atera eta hirugarren. Zalantza bakarra lokatza. 10 ARS SUCCESS: neguan Paben irabazitakoa da eta bere patioan bizi-bizi dauzkate. Pistan irabazlea (debutean) eta orain bi kilo terdiko deskarguarekin. Hori guztia konpainia honetan asko da.11 JAROCHO: bigunzale amorratua. Bere puntazale estiloa ondo egokituko da hemen. Forman zetorren Sevillatik, baina pisuz justu dabil. Garmarren antzera, bere aukera badu. 6 NYALA handikapean baxu xamar dago. Zubietan ondo aritutakoa da eta gainean Sousa ikusteak gure susmoak hauspotzen ditu. Erne berarekin. 2 ST PETER´S BASILICA (hau ere izena zaldi batentzat!) apostuzaleak zulora eramaten dituen “promesa eternal” horietako beste bat da. Bere aitaren dizdirak (Galileo!) beti faboritoen artean kokatzen du eta (ia) beti huts. Jada bigarren zatian dago, eta zikiratu osteko honetan, ez badu irabazten… hurrengoan edo hurrengoan. Auskalo.

Gure hautua: 9 PORT GRIMAUD – 6 NYALA – 10 ARS SUCCESS

4. Lasterketa (12:40): Chacal Saria (handikap 1. zatia)

7 CITY GENT pistan irabazlea da, bere distantzian, neguan sasio onean zetorren eta punta-puntako jockeya bilatu dute (Sousa). Zalantza lur oso bigunean ondo moldatuko ote den. Gure faboritoa. 4 CAÑEDO oso erregularra de bere balioan. Orain Fonsecaren deskarguarekin eta bere distantzian arriskutsua da. Aurreko astean zertxobai ikusi genion, makina asko behartu gabe. Zalantza ere biguna gustuko ote duen. 1 ANGEL DOWN lau aldiz irabazi du pista honetan. Distantziaz ondo, bigunean gustura eta pisuz ere bai. Esperientzia gutxiko jockeya (Saccu) izateak eta azkenak erdipurdikoak dituela eta, zalantzak sortzen zaizkigu. 11 LEITZA: uste dugu behor honekin ez dutela asmatu eta hobea dela gaur arte erakutsitakoa baino. Bizkorra da eta pista hau ondo doakio. Pisuz aske xamar. Asko gustatzen zaigu (herria ere bai).

Gure hautua: 7 CITY GENT – 4 CAÑEDO – 11 LEITZA

5. Lasterketa (13:10): AEPCC Saria

2 BILLYCOCK HILL metronomo bat da, gutxitan huts egiten duena eta horrek ematen digu konfidantza gehien minaz beteriko lote honetan. Distantzia eta lur pisutsuan ondo. Ea nork hartzen dion aurre. 8 BRIAREO bere adinekoen oilartxoetako bat da. Garaipen ikusgarri pare bat utzi ditu bere gelakoen kontra, baina orain gorriak ikustiako beteranoak ditu aurrez-aurre. 6 kilo arinago joan arren zakur zaharren kontra fundamentu handiz jardun beharko du. 1 ARAB POET gainean daraman jockey amateurrarengatik ez balitz euroren bat botako genioke, pistan oso ondo moldatzen baita. Baina hemen denak labana hortzetan irtetzen dira eta oso fin aritu behar da. Hurrengoetarako apuntatuta. 3 CUPACOFFE puntazale amorratua, seguru berriz saiatuko dela bere taktikarekin. Atsegin dugu zaldi hau, baina lurraren baldintzak ez dugu uste mesede handirik egiten diotenik. Hau ere hurrengorako. 4 POWERFUL SOLE gauza bat dela eta bestea dela estatuan ez du eman Frantzian zuen maila. Orain, zikiratu ostean, lasaitu dela diote eta ondo entrenatzen ari dela. Entrenatzailez aldatuta (orain Buzón) hobetzen hasteko ordua badu.

Gure hautua: 2 BILLYCOCK HILL8 BRIAREO4 POWERFUL SOLE

Ekainak 10: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top