Beste asteazken bat, oraingoan goizez. Jardunaldia 11:35etan hasiko da. Erdi pareko programatxoa, une interesgarri batzuk ere badituena. PMU jokoarekin beste behin. Iragarpenen arabera pista lehorra aurreikusi daiteke. Goazen karreren azterketarekin.
1. Lasterketa (11:35): Saturraran saria (behorrak). 2.000 m
Karrera oso irekia. Gehien erakutsi duten hiru behorrek oso balio berdintsua dute: 02 ALDUFOOF (36,5), 03 IDOLE ROYALE (35) eta 04 ISABELA (36,5). Azken biek zapore mingotsa utzi digute euren azkenekoan eta horregatik Zambudio inspiratuak eramango duen 02 ALDUFOOFekin geratuko gara. Baina beste biei ez diegu begirik kenduko gure pistan normalean ondo aritzen dira eta. Berez, Isabelak iaz karrera hau irabazi zuen eta kategoria handiagoko behorra izan da orain arte. Ez diogu begirik ere kenduko 05 KENNOCHAri. Izugarri erraz irabazi zuen bigarren mailako handikap bat eta 4,5 kiloko igoerarekin zigortu dute handikapean. Seguru gaude beste bat irabazteko gorputzaldian dabilela baina distantzia hau ez du inoiz egin. Gaspar Vazek martxan jartzen dituenean geraezinak izaten dira. Karrera honetan bertan iaz Isabelak Vazen Jasmineri buru bat besterik ez zion atera, eiznezkoa zirudienean. Argi berarekin. 06 DREAM BAHAMA ere moto gainean dabil azken aldian. Bigarren zati bat irabaztetik zaharren kontra lehiatzera pasatzen da, baina gutxik dute bere sasoia eta pisuz oso arin irtengo da. Nekaezina da. Berriz hor.
Gure hautua: 02 ALDUFOOF – 05 KENNOCHA – 06 DREAM BAHAMA
2. Lasterketa (12:05): Ondarrera saria (amateurrak). 2.000 m
02 ANAZek irabazi berri du aurreko astean betaurrekoak estrenatuz. Parametro berdintsuetan orain eta fidatzeko moduko jockeyarekin. Oso aurrean espero dugu. 01 LEADER´S LEGACY hipodromoko zaldirik erregularrena da, ia beti dago bikoan. Halere distantzia hau ez du inoiz egin eta pisua (68,6 k) gogorra da. Huts egitekotan, gaur egingo du. 04 HONOR BERE aldiz hemen amateurrarekin irabazitakoa da eta Frantzian sasoi ona erakutsi du. Jockeyak asmatzen badu helmugan irabazteko borrokan izango da. F. Guy frantsesa karrerako jockeyrik onena da, aldearekin, eta pentsatzen dugu ez dela gurera alperrik etorriko. Baina bere zaldia 05 SARDASHT ez dabil fin eta huts egitetik dator. Oso eztabaidagarria.
Gure hautua: 02 ANAZ – 04 HONOR BERE – 01 LEADER´S LEGACY
3. Lasterketa (12:35): Itzurun saria (handikap 1. zatia). 1.500 m
01 CATAPUM Pouleko irabazlea hemen ikusteak harri eta zur utzi gaitu. Derbya korritzetik handikap apal batera. Bilatu dioten deskarguarekin 60 kilotan aterako da eta, gure ustez, ez litzateke karrerarik egon beharko. Irabazle argia. 02 CUPPACOFFEE ez da garai bateko gladiadorea baina hemen bere azkenekoan puntuak berreskuratu zituen eta oraindik gerra eman dezakeela erakutsi zuen. Deskargu ona Alonsorena. Kokatzeko. 06 LINDA oso arin aterako da 50 kilorekin. Pista eta distantzia gustuko ditu eta azkar ateratzen bada pisudunei izerdiaraziko die. 08 KOHOOFek sorpresa eman berri du Madrilen, esprintean. Zubietan beti ondo aritu da eta sasoi puntua aprobetxatuz diruren bat harrapa dezake. 07 MACHU PICCHU negargarri ari da aurten eta asko jaitsi da handikapean. Harritzen gaitu bere entrenatzailea gurera etortzea bakarrik berarekin. Ez da ohikoa. Lupa jarriko diogu, badaezpada ere.
Gure hautua: 01 CATAPUM – 06 LINDA – 02 CUPPACOFFEE
4. Lasterketa (13:05): Zurriola saria (handikap 2. zatia). 1.500 m
10 HANNA erloju bat da, beti kokatzen da horrelako karreretan. Baina zorroztasun punttu bat falta zaio lasterketak erabakitzeko. Gaur ere aldeko baldintzak ditu baina uste dugu berriz ere irabaztetik gertu geratuko dela. 25 agerraldi, erdietan kokatu baina oraindik maiden! Horixe, bigarren edo hirugarren. 05 DREAM START portugaldarra ez da oso argia eta azkenekoan erretiratu egin dute. Halere, iaz baino 10 kilo arinago dago handikapean eta Sousak gidatuko du. Bere aurrekoan hemen bakarrik Talesek gainditu zuen. Itzal txiki batzuekin baina argi berdeak piztuta ditu. Gure faboritoa. Orduko hartan 03 TALESek gainditu zuen kilo erdi jasoz. Orain ez du pisuaren abantaila hori izango, baina lotea eskasa da eta sasoian egoteak asko suposatzen du. Fayosek estutuko du. Kontuz berarekin. 01 VITO CAOS Arizkorretak bere debutean irabazi zuen udazkenean distantzia honetantxe. Ez zuen inor aipagarririk utzi atzean. Aurten penagarri aritu da distantzia luzetan. Ez dakigu zein den bere benetako bertsioa. Dudarik gabe, jatorri horrekin, bigarren zati hau baino gehiago balio beharko luke. Baina 63 kilo asko dira gazte batentzat. Guk ezin dugu gomendatu. 09 STERLING GOLDen atzetik gabiltza uda honetan. Mugatua da eta ez du hobekuntza izugarririk izango. Baina zerbait egin nahi badu horrelako loteak aprobetxatu behar ditu. Txanpan dabilen Cristina Perezen deskargua darama. Sorpresa.
Gure hautua: 05 DREAM START – 10 HANNA – 03 TALES
5. Lasterketa (13:35): Kontxa saria (3 urteko moxalak). 2.000 m
02 GRAN BELGAk ondo irabazi zion 01 SASLONGi aurreko hilean Madrilen. Egia da orduko distantzian (1.600) agian hobeto moldatzen zela Paquito Jimenezek entrenatzen duena bestea baino. Hurrengoan berriz GRAN BELGAk Madrilen amore eman du pisu eta arerio gogorragoen aurka. 01 SASLONG aldiz hemen irabazlea da distantzia honetan, baina askoz arerio ahulagoen kontra. Karrera horretan kanporantz egin zituen diagonalak susmagarriak iruditu zitzaizkigun. Bi faborito nagusienak dira. Baina ez dugu ahaztu behar 04 TINTIN Militar Behortegikoa. Lehenengo eta bigarren izan da bere bi karreretan, fisiko indartsua erakutsiz. Azkenekoan ozta-ozta irabazi zion Dream Bahamak, gerora errepikatu duena. Ildo ona. Faboritoengandik jasoko dituen kiloak aprobetxa ditzake. 06 GREZIA erretiratu egin dute.
Gure hautua: 02 GRAN BELGA – 04 TINTIN – 01 SASLONG