Zaldi lasterketak

Ekainak 15: kronika + argazki galeria

1. Lasterketa (11:35): Saturraran saria (behorrak). 2.000 m

KENNOCHA (R. Sousa) / Argazkia: Dabid argindar

Atarikoan esaten genuen 05 KENNOCHA oso arriskutsua zela nahiz eta, itxuraz, distantzia bere ahalmenetik kanpo egon (miliatik inoiz ez baitzen pasa). Baina pista azkar baten gainean erakutsi zuen Zubietara ondo egokituta eta sasoi betean dabilen zaldiari ez dutela ez metroek ez distantziak geldiarazten. Gaspar Vazek, iaz Jasminekin egin zuen antzera, berriz ere egin du. Balio ezin apalago sei urteko behorra, bapatean erdi mailakoak gainditu eta gora begira jarri du. Dena den, Sousak esan zigun ez diola garapen handiagorik ikusten. Baina auskalo. Gurean beste garaipen bat izan dezake. 02 ALDUFOOFen ipurdira egin zuen bide osoa, zuzenean nagusitasunez gainditzeko. Puntazalearen ikulukidea 03 IDOLE ROYALE etorri zen amaieran bigarren egiteko, inork espero ez zuen 07 WALZACKen aurretik. Huts nabarmena 02 ALDUFOOF eta, batez ere, 04 ISABELArena.

Bere tokian: 03 IDOLE ROYALE / Jarraitzeko:  05 KENNOCHA / Huts: 02 ALDUFOOF

2. Lasterketa (12:05): Ondarrera saria (amateurrak). 2.000 m

LEADER´S LEGACY (D. Sarabia) / Argazkia: Dabid argindar

01 LEADER´S LEGACYri buruz jada ez dakigu zer esan. Zaldi hau bileteak sortzeko makina bat da. Beti kokatu edo irabazten, atzokoan irabaztea tokatu zitzaion. Eta honentzat ere distantzia luzea izan arren, pista lehorrak eta erritmo mantsoak lagundu zion kilometro bikoitza egiten. Sarabia ez zen konplikatu berarekin eta barruko errail zaila utzi zion bere arerio nagusienari, 02 ANAZ. Honek ez zuen bide argirik aurkitu sendo errematatzeko eta azken momentuan bigarren postua galdu zuen 04 HONOR BEREk , atzeko postutik etorrita, errematatu zuelako. Karrerako sorpres eman zuen 08 SANBLASSek, laugarren eginda, nahiko gertu. Hurrengoetarako apuntatuta. 05 SARDASHT aldiz, karrerako porrota, ilun aritu zen nahiz eta F. Guy luxuzko jockey amateur frantsesa gainean eraman. Kezkagarri.

Bere tokian: 01 LEADER´S LEGACY / Jarraitzeko: 04 HONOR BERE / Huts: 05 SARDASHT

3. Lasterketa (12:35): Itzurun saria (handikap 1. zatia). 1.500 m

CUPPACOFFEE ( V. Alonso) / Argazkia: Dabid argindar

A ze porrota 01 CATAPUM Poule txapeldunarena!!! Handikapera jaitsi “galdu ezin zuen” entrenamendutxo bat egitera eta buru makur atera. Karrerak korritu egin behar dira eta ibilbidean beti gerta daiteke zeozer pronostiko guztiak txikitu ditzakeena. Apustuzale guztiek fede itsua zuten Elarrenarengan (1,6/1 PMUn) baina epelak hartuta itzuli ziren etxera. Izan ere, 02 CUPPACOFFEE zaharrak bere ohiko puntako ibilbidea egin zuen, faboritoak tropelaren erdian karrera lasaia egiten zuen bitartean. Azken zuzenean Cristina Perez gazteak ez zuen asmatu bide argiren bat bilatzen eta zaldiaren errematea guztiz lehertu gabe geratu zen. Atera zuenerako berandu zen. Aldaketa gehiegi (distantzia, pista, jockeya, pisua, estrategia…) Elarreren moxal gaztearentzat. 03 HOLLOKO bere ohiko tokian, hirugarren geratu zen. Handikapean kokatzen ari da eta bere karreratxoa aurkituko du aurki. 05 LINDAren aldetik gehiago espero genuen.

Bere tokian: 02 CUPPACOFFEE / Huts: 01 CATAPUM / Jarraizeko: 03 HOLLOKO

4. Lasterketa (13:05): Zurriola saria (handikap 2. zatia). 1.500 m

TALES (B. Fayos) / Argazkia: Dabid argindar

Bigarren zatian zaharrak berri. Duela zehazki bi hilabete, apirilaren 15ean, izandako argazki berbera ikusi genuen berriz. 03 TALES irabazten, 05 DREAM START bere itzalean atze-atzetik etorrita eta 10 HANNA, ohi bezala, ezin irabaziz, hirugarren. Aurtengo bigarren zatiko handikapak horrelakoxeak izango direla iruditzen zaigu. Ez dago kaliate handirik eta osasuntsu dabiltzan zaldiak errepikatuko dute behin eta berriz. Kalitate apurra izan zezakeen 01 VITO CAOS moxal gaztetxoak pott egin zuen, uste dugu 63 kiloko zamak hondoratu zuela. Gainontzerakoka urruti, euren tokian.

Bere tokian: 05 DREAM START / Huts: 01 VITO CAOS

5. Lasterketa (13:35): Kontxa saria (3 urteko moxalak). 2.000 m

GRAN BELGA (B.Fayos) Argazkia: Dabid argindar

Eguneko azken karrerak kontatzeko handirik ez zuen izan. Zalantza bakarra zen ea 02 GRAN BELGAk bi kilometroak ondo egingo ote zituen, orain arte miliatik ez baitzen pasa. Eta bai, ondo egin zituen. Horretarako ere pistaren azkartasunak laguntzen zuen, egia esan. Fayosen bigarren garaipena jarraian. Gauzak horrela, 01 SASLONG ezker errailetik eraman zuen Zambudiok berriz ere diagonalik egin ez zitzan eta hortik lortu zuen 04 TINTINi gorputz bateko distantzia sartzea. Honengandik ez zen hain urruti iritsi 05 CONVINCE portugaldarra. Bihurgunean ere eraso moduko zeozer egin zuen eta hurrengoetan jarraituko dugu.

Bere tokian: 02 GRAN BELGA / Jarraitzeko: 05 CONVINCE

Argazki Galeria

Ekainak 15: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top