zaldilasterketak.eus

Ekainak 16: analisia

Iritsi gara aurredenboraldi honetako hirugarren jardunaldira. Hau ere asteazken goizez eta PMU frantses sarearen barruko jokoarekin. Programaren hitzordurik nagusiena azken proba izango da, behorrek abuztuan izango den Maria Cristina sariari begira prestakuntzazko karrera alegia.

1. Lasterketa (11:35): Saturraran saria (jockey amateurrak, salmenta). 2.000 m

3 PARABAK horrelako probetan oso fidagarria da. Hemen azken hiruetatik lehenengo bat eta bi bigarren ditu. Distantzia egokia berarentzat eta bere jabe eta jockeyak ezin hobeto ezagutzen du. Oso fidagarria. Eta gainera 6.000 €tan ateratzen da salgai, ez da aukera txarra. Gure faboritoa. 4 GRANACCIren krisialdia luzeegia da honez gero. Beti espero dugu burua altxako duela baina beti kale. Ez da lehengo zaldi bikain hura. Aurreko astean ere borondate gutxi erakutsi zuen. Bakarrik txinparta solteren batek piztuko balu… Berarengan fedea galduta gabiltza. 2 HONOR BERE berriki Elarrek Akizen erositako zaldia da. 30 balioa du. Lasterketa berean galdonatarrek Incitatus erosi eta oraintxe Tarbesen irabazi du. Jarraitzeko hari ona dirudi. Honek balio altuagoa du, sasoian ibil daiteke eta hemen beste gutxi gehiago dago aukeratzeko. Ezin dugu baztertu.

Gure hautua: 3 PARABAK – 4 GRANACCI – 2 HONOR BERE

2. Lasterketa (12:05): Ondarreta saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 2.000 m

1 BABY GROOM nahiko apala da baina grinatsu azaldu da hemen eta berriki La Testen egindako karreran, han eta hemen kokapenak erdietsiz. Lotea oso eskasa da eta berak erakutsi duen erregulartasunarekin agian nahikoa du irabazteko. 9 UPA SILVIAk jatorri txukuna dauka. Makal debutatu ostean, duela bi aste hemen gertu bukatu zuen Luanco, Anaz eta Marcheloren kontra. Hobetzen jarraitu beharko luke eta garaipena oso merke dago hemen. Piskatxo bat hobetuz gero oso arriskutsua izango da. 4 TRAINEROk ere ez du gauza handirik erakutsi. Beti podiumetik gertu baina karrera bat borobildu gabe. Garapen handirik gabe ikusten zaio. Halere Janacek azeria da horrelako karrera zulodunak irakurtzeko eta bere azeri-estrategia erabakiorra izan daiteke.

Gure hautua: 1 BABY GROOM – 9 UPA SILVIA – 4 TRAINERO

3. Lasterketa (12:35): Itzurun saria (handikap 1. zatia). 1.500 m

4 NATURAL TALENT karrerako gaztetxo bakarra da. Arizkorretaren moxal honek bitan irabazi du hemen itxura politarekin eta belaunaldien arteko konparaketak egiteko oraindik goiz izanik ere, iruditzen zaigu handikapean ondo xamar tratatuta dagoela. Horri Hrubosovaren 3,5 kiloko deskargua gehitzen badiogu, guri kontuak bere alde argi ateratzen zaizkigu. 9 MIDNIGHT STAR portugaldarra ere gure pistan bitan irabazitakoa da. Azken irteeretan abisu pare bat utzi ditu Madrilen, sasoian dabilela seinale. Irabazteko dago eta hau da bere distantzia, baina ezagutzen ez dugun Nuno Manuel Lopesen gidaritzak zalantzak sortzen dizkigu. Sorpresa oso errentagarria. 2 IRON ROCK Zubietako beste klasiko handi bat da. Beti ondo korritzen du nahiz eta pisu aldetik kontrako baldintza astunak izan, seguru berriz aurrean dabilela. Ez daki gaizki korritzen.

Gure hautua: 4 NATURAL TALENT – 9 MIDNIGHT STAR – 2 IRON ROCK

4. Lasterketa (13:05): Zurriola saria (handikap 2. zatia). 1.500 m

5 MELODY FRANCEek bakarrik zortzi karrera ditu. Apirilean Madrilen berragertu zen pista bigunean hirugarren postua lortuz. Beti espero izan dute gehiago berarengandik. Orduan bezalaxe Fayos berriz gidari. Arerio ahulak topatuko ditu hemen. Oscar Anaya Madrildik dator berarekin bakarrik. Eta honek ez du alperrikako bidaiarik egiten. Faborito sendoa. Karrera hartako bigarrena, 9 ROCKOLA, ez da oso erregularra. Maiatzean apirilean baino itxura okerragoa ematetik dator. Baina distantzia honetan udaberrian bi aldiz kokatu da Madrilgo handikap handietan eta hori asko da hemen. 1 LEITZA bigarren zatian ikusteak min ematen digu begietan. Are gehiago 57 kilorekin, Zambudioren deskargu handiari esker. Ikuluz aldatu berri da (orain Marc Comas kataluinarrarekin) baina egia da oso makal dabilela. Seguru euskal arnasarekin uda honetan berpiztuko dela eta ezagutzen dugun behor on hori izatera bueltatuko dela, baina agian oraindik goizegi da. Gainera bere jockey gaztea irabazi ezinik dabil. Dena den, pisutxo horrekin gertu ibiltzera derrigortuta dago. 10 HANNA oso apala da, baina aurreko astean apunte txiki bat utzi zuen jokey berdinarekin. Errepikatuz gero hemen kokatzeko balio diezaioke.

Gure hautua: 5 MELODY FRANCE – 1 LEITZA – 9 ROCKOLA

5. Lasterketa (13:05): Kontxa saria (behorrak). 2.000 m

Hiru behor gazte eta bi zahar abuztuko Maria Cristinari begira prestaketa lanekin hasteko. Gazteen artetik 5 ANAZek debut ikusgarria utzi zuen hemen apirilean. Madrilen ezin izan zion segidarik eman ibilbide gatazkatsu batengatik eta hemen duela aste pare bat karrera oso taktiko bat galdu zuen (Janacekek Luancorekin irabazitakoa). Uste dugu dexente hobeto egin dezakeela eta zaharren kontrako bere lehenengo lasterketa honetan berarengan apostu egingo dugu. 4 ISABELAk itxura ona eman du pista honetan eta balio fidagarria erakusten du. Baronia bere amak ez zuen hemen hutsik egiten. Faboritoen azpitik dabilen arren besteen gabeziak aprobetxa ditzake. 2 PRAVIA zaharrak Poula irabazi eta Maria Cristinan bigarren izan zen. Dudarik gabe lote honetako onena da, alde handiarekin. Baina azarotik korritu gabe dabil, gazteei kilo mordoxkako abantaila eman behar die eta ez dugu uste hemen estutuko dutenik. Bere helburua abuztura bete-betean iristea da. Zukutuko ez duten arren, oso gertu ibili beharko luke. Zukututa dabilena 1 JASMINE portugaldarra da. Zazpi urte dituela inoizko sasoirik onenean dabil. Ikusgarri oraingo bere bi garaipen jarraietan. Bigarren zatiko handikapetik sekula irten ez eta behor aristokratikoen jauregian sartu nahi du orain. Nola eta berrengaiatuta eta besteei kiloak ematen! Galtzeko dozena bat kilo ditu kontra. Itxuraz ezinezkoa, ezta?… Baina Gaspar Vazen ikulua atomiko dabil eta iazko Iron Rocken suziriaren kutsu berdintsua hartzen diogu. Hau Lourdes bailitzan, mirakuluaren zain. Irabazten badu analisiak utzi eta horoskopoa idazten jarri beharko dugu…

Gure hautua: 5 ANAZ – 2 PRAVIA – 4 ISABELA

Ekainak 16: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top