zaldilasterketak.eus

Ekainak 16: kronika + argazki galeria

1. Lasterketa: Saturraran saria (jockey amateurrak, salmenta). 2.000 m

Honor Bere (V. Alonso) / Argazkia:Dabid argindar

Ion Elarre entrenatzaile donostiarra Frantziako erosketetan espezialista dela erakusten ari da. Aurreko hilean 8.000 €tan Akizen erosi zuen lau urteko HONOR BERE hau eta honez gero bere lehenengo garaipena erdietsi du. Gainera etxeko zalditegi batentzat. Bejondeiela! Alonso jockey gaztea ez zen urduri jarri ENTREE MARITIMEren ihesladia ikusita eta sinpletasunez erditik ekarri zuen garbi irabaztera. BRISCOLA azken metroetan asko gerturatu zitzaion David Farlete bere entrenatzailea gainean zuela eta LADY RED MOONek azken metroetan galdu du bigarren lekua gehiegi estutu ez duelako. Huts nabarmena GRANACCI eta PARABAK faboritoena. Lehenengoari ez zaio batere gogorik ikusten eta bigarrenak ez du gidaritza oso inspiratua izan. Ez da erosketa eskaintzarik jaso inorengatik.

Bere tokian: HONOR BERE / Huts: GRANACCI, PARABAK / Jarraitzeko: LADY RED MOON

2. Lasterketa: Ondarreta saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 2.000 m

Baby Groom (R. Sousa) / Argazkia:Dabid argindar

Zintzo baino zintzoago pronostikoa bete du BABY GROOM moxalak. Jatorri apala du eta seguru ez dela oso urruti iritsiko baina behintzat bere aitak fisiko sendoa eman dio eta bere bidetxoa egingo du horrekin. Puntan ibilbide osoa eginez une oro Sousak dena kontrolpean izan duela eman du. Bere lehenengo garaipena. Atzean utzi ditu Arizkorretaren bi ordezkariak, UPA SILVIA eta TRAINERO. Biak ala biak saiatu dira 200 metro faltan portugaldarra abordatzen, aurrena behorra eta gero Janacekena, baina biek amore eman behar izan dute. Laugarren, nahikoa gertu, KANTIO iritsi da, Kantia mitikoaren bederatzigarren semea. Hasiberriaren lauhazka ezegonkorra izan arren oso erremate deigarria utzi du. Pena ama horri bere mailako aitarik bilatu ez dioten. Erne moxal honekin hurrengoetarako.

Bere tokian. BABY GROOM / Jarraitzeko: KANTIO

3. Lasterketa: Itzurun saria (handikap 1. zatia). 1.500 m

Trovatore (R. Aguilera) / Argazkia:Dabid argindar

Goizeko sorpresa handiena TROVATOREk eman du 22/1eko ordainketarekin. Nahi bezala irabazi du Ramón Aguilera jockey kantabriarrak. Puntan zihoazen GRILO eta CITY GENT bihurgunean zertxobait zabaldu direnean, barruko langari itsatsita, berehala aurrean jarri du lau urteko zaldi hau eta helmugaraino erraz iritsi da. Jockeyak eta zaldiak bikote emankorra osatzen dute, bitan irabazi baitute elkarrekin jada, Vila-Secan urtarrilean eta orain. Urteak badira jockey honek ez zuela irabazten gurean (agian lehenengo aldia, estatistiketan begiratzeko). TROVATORE AGF guztiahaldunaren fitxaketa galaktikoa izan zen baina adinarekin errendimendurik ikusi ez ziotenez, deskartatu eta aurtendik Calejaña zalditegiarentzat ari da: bi garaipen eta kokapen batekin. Ez dago gaizki. CITY GENT saiatu zaio gerturatzen baina azken 100 metroetan mugitu beharreko 65,5 kiloek hondoratu egin dute. Hortaz baliatu da Janacek HOLLOKO amaieran ekartzeko bigarren posturako, errematatu duten DREAM START eta MIDNIGHT STARen aurretik. Erne bi portugaldar hauekin hurrengoetan. Ezezagun aritu da IRON ROCK zubietarra, azken postuan urruti sartuz. Pereirarenak ez daude oraindik fin.

Bere tokian: HOLLOKO / Huts: IRON ROCK / Jarraitzeko: DREAM START

4. Lasterketa: Zurriola saria (handikap 2. zatia). 1.500 m

Leitza (J. Zambudio) / Argazkia:Dabid argindar

Bezperakoan esaten genuen LEITZA bigarren zatian ikusteak begietan min ematen zigula. Halaxe irabazi du. Beste kategoria batekoa dela erakutsiz. Osasunez arazorik ez badu uda dibertigarria izango du hemen. Berarekin Julia Zambudio gazteak estrainekoz irabazi du. Hau ere Laredokoa, Aguilera bezalaxe. Aurten lau aldiz zilarrarekin konformatzea tokatu zaio baina gaurkoan iritsi da bere egun handia. Zorionak! Baita ere Marc Comas entrenatzaile kataluinarrari, lehenengo aldiz berarekin behor hau aurkeztu eta irabaztea lortu duelako. Nesken bikoa osatu du Mila Hrubosovak HANNArekin eta hirugarren izan da ROCKOLA Gelabertekin.

Bere tokian: LEITZA / Huts: MELODY FRANCE / Jarraitzeko: LEITZA

5. Lasterketa: Kontxa saria (behorrak). 2.000 m

Isabela (J.L. Martinez) / Argazkia:Dabid argindar

Kirol honetako istoriorik politenak izaten dira behe-behetik hasi eta txapeldunen mailara iristen diren horiena. Goliati aurre egiten dien Dabidenak. Horregatik, karrera honen aurretik bazen halako ikusmin morboso bat frogatzeko ea JASMINE txiroak behor aristokratenei botatako ordagoak fundamentu zipitzik bazuen ala ez. Alde izugarria baitzegoen portugaldarraren 23 balio ofizialetik PRAVIA poulewinnerraren 37,5raino. Handikap umilenetik irtendako behargina bere belanaunaldiko erreginari aurpegira begiratzen. Eta hara non JASMINEk bere ohiko ibilbideari ekin dion lotsik gabe eta erritmo arin bat jarriz errenkan ekarri dituen beste lauak probaren azken metroetaraino. Saiatu dira ANAZ eta PRAVIA Fonseca gazteak gidatzen duenarengana gerturatzen baina alperrik. Indar handiagoz ekin dio erasoari ISABELAk Martínezekin eta azken hatsean, ispiluan bertan, burua aurretik sartzea lortu du. Galdu arren, protagonismo eta ohore guztia JASMINE ausartarentzat eta bere prestatzaile Gaspar Vazentzat. ISABELA Baronia bere amaren urratsak jarraitzen ari da eta gure pistan oso gustura moldatzen dela frogatu du, bi garaipen ditu jada. PRAVIAk oso lasai hartu du proba, abuztuko hitzordu handiagoen zain eta ANAZek nahi izan du baina indarrik gabe ikusi dugu azken metroetan. Agian distantzia pittin bat luzea egiten zaio.

Bere tokian: ISABELA / Huts: ANAZ / Jarraizeko: JASMINE

Argazki galeria

Ekainak 16: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top