zaldilasterketak.eus

Ekainak 22: analisia

Uztaileko ohiko udako denboraldia hasi aurreko azken aperitifa. Goizeko 11:35etan hasiko da jardunaldia eta Frantziako PMU sare osoan jokatu ahal izango da. Eguraldia gris antzean egongo dela diote baina ez dirudi pista biguntzeko euri nahikorik egingo duenik. Hemen bost karrera hauen gure analisia:

1. Lasterketa (11:35): H.H. Sheikh Mansoor Bin Zayed Al Nahyan Racing Festival Maiden (P.R.A.) (3 urteko arabiar moxalak). 1.600 m

Arabiar arrazako zaldientzako beste karrera bat. Guk ez ditugu ezagutzen, baina diotenez 02 FELOWAHk irabazi beharko luke bere debut onari jarraipena emanez. Bigarren posturako 03 JADE DE FAUST aukeratu dugu debutean faboritoan gorputz eskas batera sartu baitzen. Gainontzerakoak edo debutariak dira edo karrera bakar eta iluna dute.

Gure hautua: 02 FELOWAH – 03 JADE DE FAUST

2. Lasterketa (12:05): Oquendo saria (handikap 2. Zatia) 2.000 m

06 KUKOk pista honetan eman izan ditu bere baliorik onenak karrera pare bat irabaziz. Ordutik hona asko jaitsi da handikapean, bigarren zatiko ohiko elementu baldarrekin topatzeraino. Bere distantzia da eta pista trinkoa atsegin du. C. Cadel dator bera gidatzera. Asko gustatzen zaigu. Sorpresa. 07 KANTIO garaipenetik oso gertu dabil azkenekoetan honen antzeko loteetan. Zambudioren deskargua lagun, oso aukera ona du irabazteko. 04 PANTXINETA gaztetxoak modu ikusgarrian irabazi zuen Dream Bahama eta Paderno bezalakoei, ostera irabazi izan duten zaldiak. Ildo ezin hobea. Aurkari hauen kontra bere aukera oso nabarmena da baina 62,5 kilo horiek gehiegizko zama iruditzen zaigu behor gazte batentzat. Bakarrik horrek galerazi diezaioke garaipena. Elarreren 01 BOUJOC eta 03 JERY SMAIH astero korritzen dabiltza, ez gaizki eta ez ondo. Berriz gertu ibil daitezke, azken xoxak eskuratuz.

Gure hautua: 06 KUKO – 07 KANTIO – 04 PANTXINETA

3. Lasterketa (12:35): Legazpi saria (handikap)1.600 m

07 STUDENT oso abisu ozena utzi zuen bere azkenekoan baldintzazko karrera batean El Sokhna, Pont de Ruda eta Turcorengandik oso gertu. Oraingoak askoz maila baxuagoko arerioak dira eta orduko performancea errepikatzen badu, hemen irabazi behako luke. 02 LINDAk beti ondo korritu izan du hemen baina aurreko astean nahiko gris aritu zen. Beste aukera bat emango diogu gaurko lotea askoz ahulagoa baita. 06 OCEANIC BLUE, 3 urteko behorra, proba honetarako berrengaiatu dute Madrilgo bere azken karrerako emaitza onak animatuta. Ordukoan Padernoren atzetik sartu zen pisu arin-arin batekin. Eskala orain gogorragoa da, pista ez du ezagutzen, distantzia luzeagoetan aritu izan da eta zaharren kontra lehiatzen den lehenengo aldia izango du. Aldaketa gehiegi. 04 VITO CAOSek huts egin zuen aurreko astean kategoria oso eskaseko lote batean, seguraski zeraman zama handiegiagatik (63 kg). Gaur, deskarguarekin, askoz erosoago arituko da. Erne berarekin. 05 CONSPIRACY oso gaizki ari da aspalditik. Uste dugu ezin duela hain txarra izan eta esnatzen hasi beharko duela.

Gure hautua: 07 STUDENT – 02 LINDA – 04 VITO CAOS

4. Lasterketa (13:05): Urdaneta saria (3 urteko moxalak) 1.500 m

04 PRETTY EMERALD irabazitakoa da gure pistan. Gran Criteriumean White King eta El Ojancanorengandik gertu ibili zen. Krisi txiki bat izan ondoren Madrilen berriz burua azaldu du Anayarren Iron Duke eta Corps des Pages zaharren atzetik, oso maila ona erakutsiz. Horri helduta eta pisu arinak ematen dion abantailarekin, faborito izendatuko dugu. 02 TIGER BASHek profil ona erakutsi du Madrilen baita pott egin onenen kontra aritu denean. Hau bere neurrira ondo egokitzen den lotea dirudi eta Janacekek lagunduko dio pista ondo ezagutzen. Oso gertu. 03 COLOSALek garaipen ona lortu zuen martxoan tigrea ere gaindituz. Ondoren oso gaizki aritu da. Zalantzak. 01 SASLONGek ez du atsedenik hartzen eta pistan dugu berriz, orain laburregia egingo zaion distantzian. Ez dugu uste. 08 CONVINCE portugaldarrari zeozer ikusi genion aurreko astean hemen. Uste dugu ezin dela hain apala izan gehiagorako jatorria baitauka. Hiruko garesti bat nahi baduzue, sartzeko moduko sorpresa. 07 TABERNERO erretiratu egin dute.

Gure hautua: 04 PRETTY EMERALD – 02 TIGER BASH – 03 COLOSAL

5. Lasterketa (13:35): Elkano saria (2 urteko moxal ez irabazleak) 1.200 m

02 KATALINA da korritu duten hiruetatik gehien erakutsi duena. Debut polita utzi zuen Madrilen eta hori nahikoa izan behar zaio esperientziarik gabekoen lote honetan irabazteko. 01 COSI COSI eta 03 TIERRA jada debuta egin dute Madrilen baina ez dute itxura onik eman. Horregatik arreta handiagoa jarriko diegu bi debutariei. 04 EMPEI Hold on Now eta Pravia bezalako zaldi onen anaia da. Jakina da Arizkorretak debutetan ez diela estutzen, baina jatorri horrekin aurrean egoteko ez du asko behar. 05 LADY MOONek ere jatorri polita du (Arkaitzen iloba) eta proba honetarako berrengaiatu dute. Nahikoa kontuan hartzeko.

Gure hautua: 02 KATALINA – 04 EMPEI – 05 LADY MOON

Ekainak 22: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top