Zaldi lasterketak

Ekainak 23: analisia

Udako denboraldiaurre honen azken jardunaldia. Programa txikia, baina proba interesgarri batzuk izango ditugu. PMU jardunaldia izango da berriz eta espero daiteke lurra bigun xamar egotea. Hau da gure analisia:

1. Lasterketa (11:35): Okendo saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 1.600 m.

Buruz-burukoa izango dugu hemen 1 DREAM DE SERCAM eta 2 IDEAL behorraren artean. Lehenengoa faboritoa da Madrilen egin dituen karrerei esker. Hango azkenekoan ihesladia egin eta azken metroetan amore eman behar izan zuen Kaspar onaren kontra 1.800 metrotan. Halere, duela hamar egun oso gaizki korritzetik dator Tarbesen, 1.500en. Ez daukagu argi milia bere distantziarik onena denik. 2 IDEAL hiru bigarren postu dauzka behor onenekin borrokan, Maracay eta Adaalay Dancer tartean. Bi kilometrotik gora igo dutenean huts egin du, agian bere aitak markatzen dizkion distantzia mugengatik. Hemen berriz milian erosoago aurkituko da eta Hrubosovaren deskarguari esker pisuz abantaila handia izango du alde. Lokatzetan ondo. Irabaztera.

Gure hautua: 2 IDEAL – 1 DREAM DE SERCAM

2. Lasterketa: Legazpi saria. 1.500 m.

4 CUPPACOFFEE ez da garai batekoa. Bere errendimendua 5 bat kilo jaitsi da azken urtean. Gure pistan askotan kokatu den arren ez du sekula irabazi. Baina lokatza atsegin du, Madrilen sasoia berreskuratzen ari dela frogatu du eta pisuz zoragarri ateratzen da Fonsecaren deskarguari esker. Gutxitan izango du hau baino aukera hoberik. 3 NIRMALI hemen oso ondo moldatzen da. City Gentek irabazitako lasterketan forma ona erakutsi zuen 3. postua eskuratuz eta hori nahikoa da hemen kokatzeko. Halere 4 kilo eman behar dizkio gure faboritoari eta horrek galerazi diezaioke garaipena. 2 DERDASek bost karrera baino ez ditu bere lau urteetan. Frantzian eta Ingalaterran distantzia laburretan beti kokatu ostean Madrilen aurkezpena egin zuen urrian sprintean garaipen eder batekin. Ordutik ez badu korritu arazo baten seinale izango da. Ondo egonda irabazteko kapaz litzateke. Padockean zer itxura duen ikusi behar. 5 GADEA oso itxura eskasa ematen ari da Madrilen azkenaldian. Halere, ez dugu ahaztu behar Listed kokatua dela. Bi urterekin hemengo erregina zen. Agian pista aldatzeak eta gustuko duen lokatzak lagun diezaioke berpizten. Bere jokeya ez dugu ezagutzen. Zalantzak.

Gure hautua: 4 CUPPACOFFEE – 3 NIRMALI – 2 DERDAS

3. Lasterketa: Lezo saria (handikap 1. zatia). 2.000 m.

1 RUGBY INDUSek erremate ikusgarria utzi zuen ekaineko aurreneko jardunaldian. Tropelaren atze-atzetik etorrita ia denak jan zituen Fayos gidari zuela. Oraingoan, metro gehiagorekin eta pista bigunean, uste dugu lider balentziarrak ez duela huts egingo. 2 ROBLEk ere oso karrera ona egin zuen orduko hartan, laugarren eginez gehiegi estutu gabe. Distantzia honetan eta lur astunean ezin hobeto moldatzen dela frogatua du. Ramos txapeldunarekin, aukera nabarmena dauka. 6 BRISCOLAk oso erremate deigarriarekin bukatu zuen aurreko asteko gentlemenen karrera, bere entrenatzailea gainean zuela. Orain Nicolas de Julianekin eta baldintza beretsuekin seguru berriz ondo egiten duela. Kokatzeko. 5 LUANCO zaharren kontra ausartzen den hiru urteko moxal bakarra da. Ondo irabazi zien hemen Anaz eta Marchelori denboraldi hasieran, baina hemen iruditzen zaigu pisuz larri dabilela zaharrekin borrokatzeko. Ikusteke.

Gure hautua: 1 RUGBY INDUS – 2 ROBLE – 6 BRISCOLA

4. Lasterketa: Urdaneta saria (handikap 2. zatia). 2.000 m.

3 SISON bigarren izan zen ekaina hasieran Jasmine galaktikoarengandik gertu. Hari horretatik tira eginez gero bere hautagaitza oso sendoa da. Madrildik jada sasoian zetorren, pista sakonak maite ditu, hemen irabazlea da, hau da bere distantzia eta Zambudio gazteak 5 kiloko deskargua oparitzen dio. What else? 2 RAMIRIQUI kokatu egin zen hemen bere azkenekoan. Sasoian dabil eta Fayosen bultzadarekin gertu ikusten dugu. 5 LA FRISLA horrelako handikapetako beste klasiko bat da. Loteak zulo asko ditu eta piska bat fin baldin badago, helmugan toki bat izango du. 1 COSSIOk balio txukun bat zuen hiru urterekin baina hortik aurrera oso maila eskasa erakutsi izan du. Madrildik ateratzen den lehenengo aldia da eta agian ingurune aldaketak esnarazi dezake. Sorpresa.

Gure hautua: 3 SISON – 2 RAMIRIQUI – 5 LA FRISLA

5. Lasterketa: Elkano saria (2 urtekoak). 1.200 m.

2 ZEUS CANARIAS oso berde azaldu zen orain hilabete Madrilen egindako debutean. Noozhoh Canariasen semea izanik goiztiarra izango da eta bere entrenatzaileak punta ateratzen die gaztetan. Gure faboritoa. 1 TURCOk debuta egin zuen Madrilen duela bi aste oso atzean iritsiz. Jatorri apala du eta ez dugu gauza handirik espero berarengandik. 3 ARCENA eta 4 DUNYA debutariak dira eta ez daukagu beraiei buruzko erreferentziarik. Hemen oso gutxi behar da irabazteko. Auskalo.

Gure hautua: 2 ZEUS CANARIAS – 1 TURCO

Ekainak 23: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top