zaldilasterketak.eus

Ekainak 23: kronika+argazki galeria

Eguraldiaren aldetik egun ezin grisagoa San Juan bezperako hau. Euritsu eta freskoa, pista pisutsu jartzeraino (4). Baina txuriurdina era berean, Kantauri behortegia eta Irure zalditegikoak garaipena eskuratu baitute etxean. Lehenengoek aspaldiko partez eta bigarrenek euren debutean. Eta bietan protagonismoa ere partekatu dute etxeko Ion Elarre eta Miguel Alonso entrenatzaile donostiarrekin zein Raul Ramos jockey lasartearrarekin. Gaurkoa ia 0 kilometroko jardunaldia izan dugu.

1. Lasterketa (11:35): Okendo saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 1.600 m.

Oasis Cove (R.Sousa) / Argazkia:Dabid argindar

Ion Elarre entrenatzaile donostiarrak egin du, beste behin. Ibilbide apal eta etorkizun beltzeko zaldi bat Frantziako hirugarren mailako hipodromotxo batean (Motlucon, Vichy inguruan) moduz erosi eta irabazle bihurtu du zirt-zart batean. OASIS COVE moxalaz ari gara, Nordeste errentagarriaren arreba. Ingalaterran zertxobait erakutsi ostean, Frantzian bi irteera ezin ilunagoak utzi zituen O´Neill entrenatzailearen aginduetara. Eta hortxe azaldu zen Elarren jauna behorra 7.000€tan Irure zalditegi hasiberriarentzat ekartzeko. Hortik aurrera Magic Elarreren ohiko “veni, vidi, vici”. Zorion bikoitzak entrenatzaileari eta Donostiako zalditegi sortuberriari, bereziki jatorri ederreko behor honi egindako jarraipen arretatsuarengatik. Gure radarra ez zen hain arretatsu ibili pronostikoak ematean Oasis Covek Newmarketen emandako 33ko balioa esanguratsuak ihes egin baitzigun. Ikusi eta gero… Edonola, erosketa ona eta etorkizun polita pistetan eta ondoren Irure zalditegikoen proiekturako. Bejondeiela! Atzetik IDEALek, bere distantziara bueltatuta, bigarren postu eroso batekin konformatu behar izan du eta DREAM DE SERCAM faboritoak berriz ere adituen itxaropenak zapuztu ditu.

Bere tokian: IDEAL / Huts: DREAM DE SERCAM / Jarraitzeko: OASIS COVE

2. Lasterketa: Legazpi saria. 1.500 m.

Cuppacoffee (L. Fonseca) / Argazkia:Dabid argindar

Luis Fonseca portugaldarrak ederki uztartu du pisu-abantaila eta CUPPACOFFEEren puntazaletasuna hasieratik tropelaren buruan jartzeko. Horrela eraman du lasai azken zuzenaren erdira arte, bertan aurrena NIRMALI erasotzen saiatu zaio nahiz eta kilo gehiegi eduki kontra eta ondoren kanpotik GADEA asko gerturatu da, baita aurreratzeko imintzioa egin ere. Baina Roberto Perez jockeyak hau zuen bere bizitzako bigarren karrera -aurtengo aurrenekoa- eta esperientzia falta nabaritu zaio GADEA irabazten jartzeko. Hurrengoan. Berragertutako DERDASek ez du txintik ere esan.

Bere tokian: CUPPACOFFEE / Huts: NIRMALI / Jarraitzeko: GADEA

3. Lasterketa: Lezo saria (handikap 1. zatia). 2.000 m.

Luanco (V. Janacek) / Argazkia:Dabid argindar

Arizkorretaren LUANCOk erraz baino errazago irabazi du. Janacek oraindik ere alboetara begira segitzen du ea baten bat badatorkion. Ez zirudien handikapean oso gaizki tratatua zegoenik, pistan bitan irabaziz Chief of Stall, Speedfull, Anaz edo Marchelo menderatuta edota Velayosen Danko, Sincelejo, Topa eta abarrengandik gertu aritu ostean. Handikaperren gauzak…. Kontua da ez dela karrerarik izan. Bigarrenerako Gelabertek NAYADE ekarri du kanpotik eta SAUMETi bigarren plaza kendu dio. Badirudi azken honek biguna eskertu duela eta bere aspaldiko itxurarik onena eman du. RUGBY INDUS gure faboritoa azken tokian iritsi da errematatzeko inongo itxurarik gabe. Txarregia bentakoa izateko.

Bere tokian: LUANCO / Huts: RUGBY INDUS / Jarraitzeko: NAYADE

4. Lasterketa: Urdaneta saria (handikap 2. zatia). 2.000 m.

Covadonga´s Lakes (R.Ramos) / Argazkia:Dabid argindar

“Turfaren ziurgabetasun eternala”. Alegia, inoiz zaldi lasterketan ezin dela esan “hau ezin da pasa”. Esaldi hori makulu ederra da horrelako karrera bat azaltzeko. Inoiz irabazi gabeko COVADONGA´S LAKES behorrak hogeita bosgarren lasterketa zuen hau. Ia beti miliatik behera, ez omen zuen metro gehiagorik eta gainera pista gogorra ezinbestekoa zuen. Eta hara non, guztiz kontrako baldintzak topatzean, zapla! irabazi! Bere arduradunen harridurarako ere. Horixe ba, turfaren ziurgabetasun hori… Zorionak Berastegiko Kantauri Behortegikoei garaipenarengatik eta behorrarekin izandako pazientziagatik. Gertatutakoaren zati bat Ramos lasartearrari ere egotzi behar zaio, izan ere SISON puntazalea Zambudio gazteak ez bezala Ramosek jakin izan du indarrak dosifikatzen ispiluraino iristeko. Puntakoaren bapateko akiduraz baliatu dira Fayosen RAMIRIQUI bigarrena ostutzeko eta Fonseca COSSIO berpiztuarekin hirukoa osatzeko.

Bere tokian: RAMIRIQUI / Huts: SISON / Jarraitzeko: COSSIO

5. Lasterketa: Elkano saria (2 urtekoak). 1.200 m.

Turco (J. Gelabert) / Argazkia:Dabid argindar

Azken karrerak kontatzeko oso gutxi utzi digu, gutxiegi. Pena bi urteko karrera hauetan horren partehartze eskasa ematea, baina ohikoa bilakatzen ari da baita Madrilen ere. Kontua da 3 partaide izan direla bakarrik eta teorian DUNYA debutaria alde batera utzita TURCO eta ZEUS CANARIASen arteko buruz-burukoa izan behar zuela. Baina bere bi arerioen lauhazka heldugabeaz baliatuz TURCOk inoiz imajinatuko ez zuen garaipen erosoenarekin topatu dela. Jatorri oso umila izanik ez dirudi horrelako asko errepikatuko dituenik. Beste biei trebatzen kilometro asko falta zaizkie oraindik lehiakor izateko.

Bere tokian: TURCO / Huts: ZEUS CANARIAS / Jarraitzeko: DUNYA

Ekainak 23: kronika+argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top