zaldilasterketak.eus

Ekainak 24: analisia

Beste jardunaldi xelebre horietako bat: asteazken goiza, PMUn jokatu ahal izango da, harmailetan jenderik gabe (hau idazterako orduan ez dugu kontrako berririk), San Juan gauko azken garrak itzaltzen eta programa apal xamarra. Pista oraingo honetan lehor xamarra egongo dela ematen du. Goazen karrerak aztertzera.

1. Lasterketa (11:40): Deba Saria (salmenta)

Zaila da karrera honetan inor gomendatzea. Ia denek korritu dute aurten baita maila nahiko eskasa eman ere. Ez dirudi inor sasoi puntu egokian dagoenik. Gainera, jockey aprendiz eta profesional gazteak arituko dira zeletan, pronostikoa are gehiago zailduz. Halere, 5 LONDON CALLING aipatu beharko dugu, loteko baliorik handiena baitu eta gidaria ere -Luis Fonseca gazte portugaldarra- gustukoa dugu. Ezikusiarena egingo dugu duela zazpi eguneko bere karrera ilunari eta beste aukera bat emango diogu. Eta beste norbait aipatzekotan, 8 FEE DU BIEN. Pistan irabazlea eta pisuz ondo ateratzen da, baina zelan Miloslava Hrubosòvá izango du, eskarmentu gutxikoa. Esan bezala, xoxik jokatzekotan bazarete asteazkenean, honetan mus ematea gomendatzen dizuegu.

Gure haututxoa: 5 LONDON CALLING8 FEE DU BIEN

2. Lasterketa (12:10): Ondarreta Saria (3 urteko moxalak)

4 NEW JACK SWING guztien ahotan dabilen faborito logikoa da. Britainia Handian erdipurdiko bost karreratan aritu ostean, Oscar Anayak erosi eta Madrilgo lehenengoan isatsa erakutsi zien Somahoz eta Trovatore bezalako moxal goraipatuei. Berme nahikoa hemen errepikatzeko. Aipatzekoa Anayak irletan egiten dituen merkealdiko erosketekin lortzen dituen mirakuluak. Hau beste adibide bat. 7 MUGUETAJARRAk duela bi aste zirudiena baino karrera hobea egin zuela uste dugu . Bere bi irteeretan lokatza topatu du eta uste dugu oraingo lehorra lagun izango duela oso. El Toporen anaia propioa izanik askoz gehiago espero dugu berarengandik. Arizkorretaren patioa gori-gori dabil. Sorpresa. 4 GRILO zurrumurru eternala, goizetan Guerreira menpean hartzen zuena eta debutean sekulako ikasgai traumatikoa eraman zuena, eroriz. Ea gaurkoan, potentziala baitauka. 6 MANUMARTek berragerpen txukuna egin zuen Marrerok irabazitakoan urtebete lehorrean egon eta gero. Hobetzeko aukera du oraingoan. Kokatzeko aukera.

Gure hautua: 4 NEW JACK SWING – 7 MUGUETAJARRA – 6 MANUMART

4. Lasterketa (12:40): La Concha Saria (handikap 2. zatia)

Aipatzekoa urteroko legez hemen dugula jada portugaldar tropela, Zubietako handikapak hain ondo hornitzen dizkigutenak. Hain zuzen, horietako bat izango da gure faboritoa, 9 IRON ROCK. Gure pistan irabazitakoa da eta pisuz solte geratu da handikapean. Valenzuelaren kilo terdiko deskargua ere lagun. Bere entrenatzaileak dio oso ondo dagoela. Irteerako 15. atetxoan ohiko matraka emango badu ere, hortxe ikusten dugu. 3 REPORTEUR urtebeteko parentesiaren ostean oso txukun aritu zen duela bi aste. Nahikoa arrazoi lote eskas honetan bere izena apuntatzeko. Dena den, ez du aurkituko maite duen lur bigun hori. 15 STORMY DANCEk sekulako abisua utzi zuen duela bi aste, urtebete korritu gabe zeramala. Loteko zaharrena da eta irabazi gabe jarraitzen du. Monceauxen deskarguarekin (47 kilo!) gol aukera ezin hobea du estreinatzeko. Baina ez du bigun terapeutikoa aurkituko. Auskalo. 6 ROYAL DESTINY Patrick Olaveren patioan zegoenean ondo hitz egiten zuten berari buruz, baina ez du sekula seinale txikienik utzi. Orain Gaspar Vazen eskuetan hobekuntzaren bat espero dugu. Sousarekin elkartzen denean arreta jarri behar zaio bikoteari. 8 SHINING TORCHek mila kilometro egingo ditu hemen parte hartzeko. Bere entrenatzailea, José Salguero, apenas ikusi izan dugu paraje hauetan. Orain arte zaldia batez ere hondarrean ibili da, Pinedan behin irabaziz. Handikapean arin eta Gelabert zelan. Ez dugu uste gu agurtzera etorri denik. Kontuz.

Gure hautua: 9 IRON ROCK – 3 RAPORTEUR – 8 SHINING TORCH

4. Lasterketa (13:10): Zurriola Saria (handikap 1. zatia)

2 CITY GENTi handikapean jada tarte gutxi gelditzen zaio, baina sasoi betean dabil, pistan gustura eta errepikatzeko gai ikusten dugu. Gehien bat, beste guztiei gabezi handiak ikusten dizkiegulako. 6 DEFERENCE Oscar Anayaren beste erosketa ingeles bikain horietako bat da. Sevillan oso erraz irabaztetik zetorren eta ez dakigu zein den bere benetako balioa. Baina hobetzen joateko itxura du, Sousaren laguntzaz. 3 COSTA ESMERALDA beti iruditzen zaigu handikapean altu dagoela, baina beti beste koska bat gora egiten du. Oraingoan ere hala iruditzen zaigu, baina hain erregularra izanda eta sasoian dagoenez, kontuan hartuko dugu. 12 PILAR militarrak bakarrik bost karrera ditu bere lau urteetan, bere behortegiko misterio horietako bat. Iaz, gaur bezalaxe berragertzen, bigarren egin zuen, bere patioak beti prest dituela frogatuz. Oraingoan errepika lezake, konpetentzia handirik ez du eta.

Gure hautua: 2 CITY GENT – 6 DEFERENCE – 3 COSTA ESMERALDA

5. Lasterketa (13:40): Asociación de Hipódromos Españoles

4 ZASCANDILek hilaren hasieran izan zuen berragerpen xuabearen ondoren, irabazteko ordua du. Ez egiteko arrazoi bakarra lesiotik guztiz osatu ez izana litzateke. Eta ez dugu imajinatu ere egin nahi horrelakorik, berriz ere Hipodamoren kontra lehiatzen ikusi nahi baitugu sari handienetan. Irabaztera. 1 GENESSEE behor saiatua da, maratoietan espezializatua eta balio txukunekoa, 38. Baina ez lioke itzalik egin beharko faboritoari, are gutxiago pisua kontra edukiz. 2 PARABAK Aga Khan ohi honek dezpezioak pilatzen ditu bata bestearen ondotik. 42 balio izatera iritsi zen Frantzian baina hemen, gauza bat dela edo bestea dela, maldan behera besterik ez du egin. Beti zertxobait gehiago espero da. Orain du aukera, hain arerio gutxirekin. 3 MONTGAROULT eta 5 DORIANA GRAY “portugaldarrek” ez dute parte hartuko.

Gure hautua: 4 ZASCANDIL – 1 GENESSEE

Ekainak 24: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top