zaldilasterketak.eus

Ekainak 3: analisia

Udako denboraldi hau zabaltzeko lote txikiz osatutako goizeko jardunaldiarekin goaz. PMU jokoa izango da, Frantziakoekin sarean. Bakarrik 400 pertsona sartu ahal izango dira hipodromoan. Egun hauetan euri piska bat bota du eta espero daiteke lurra bigun antzean egotea. Beringen jaka historikoa izan daiteke hasiera egun honi dizdira eman diezaiokeena. Goazen analisiarekin.

1. Lasterketa (10:15): Suances saria. 2.000 m. (3 urteko moxalak)

Suances mitikoaren jakakide izanik 3 ANAZek interes berezia izango du sari hau etxera eramateko. Hemengo debutean ikustaldia eman eta gero ezin izan zuen garaipena errepikatu Madrilen oztopatua izan zelako Mexico Cityk irabazitako karreran. Metroak luzatzea ez dugu uste arazo traba egingo dionik. Fayos berriz lagun. Irabaztera. 2 LUANCOk huts egin du bere adineko onenen kontra neurtu denean (Sincelejo, Danko, Topa…). Koxka bat beheragokoekin probatuko du orain. Pistan irabazitakoa da eta lehian bete-betean ikusten dugu. 1 MARCHELOk ez ditu berretsi udako debutean hemen utzitako txapeldun lurrin haiek. Hurrengo bost agerraldietan beti gertu ibili da, berandu errematatuz, milia labur etorriko balitzaio bezala. Orain metro gehiago izango ditu bere errematea garatzeko. Eta aurki lezakeen bigunak ere lagunduko lioke Cameloten seme honi. Halere, arerioak ez dira nolanahikoak eta kilo gehiago eramateak bere aukerak murrizten ditu.

Gure hautua: 3 ANAZ – 2 LUANCO – 1 MARCHELO

Lasterketa (10:45): Principe Duero saria. 2.000 m (3 urtetik gorakoak)

5 RIOCORVO alemaniarrak bi karreretan parte hartu du eta bietan irabazi, onenen itxurarekin. Sari handienetarako bidean zegoela lesionatu egin zen. Hori 2019ko abenduan izan zen, Tolosan. Urte terdi beranduago ez dakigu zerekin topatuko garen baina pistan ikusteko irrikitan gaude. Ondo entrenatzen omen du baina kotoiaren proba pasa behar du, lehiatzen. Ez dugu uste gehiegi estutuko dutenik. Ikusiko dugu. 4 ORIENTALek ez du galdu gure pistan aritu den bietan. Ez dirudi jada bere garai gorenen mailan dagoenik baina horren erdiarekin ere nahikoa luke hemen irabazteko. Miliar-miliarra da, baina halere ez dugu uste distantziaren luzapenak traba handia egingo dionik (2.400en ere irabazitakoa da). Fayos bere adiskidearekin gaur. Gure faboritoa. 3 OBANOS handienen kontra saiatu den bakoitzean epelak ikusi izan ditu. Maila horretara ez iritsi arren oso fidagarria da distantzia honetan eta sasoi betean dabil. Handiek huts egiten badute berak ez du barkatuko.

Gure hautua: 4 ORIENTAL – 3 OBANOS – 5 RIOCORVO

3. Lasterketa (11:15): Persian Ruler saria. 1.600 m (handikap 1. zatia)

2 LONE PEAKek bere azken biak berdintsu irabazi ditu hemen. Zaldi berezi xamarra omen -taldetik at joatea gustatzen omen zaio- baina argi dago gurean ezin gusturago dabilela. Luxuzko jatorria du eta, xelebrekeriarik egin ezean, edozertarako gai da, handikapean pisua edozein dela ere. Oso arrikutsua. 5 NIRMALIk potentzial handia erakutsi zuen martxoan hemen lortutako garaipenean. Madrilen ez dio gorantzako joera horri eutsi. Badirudi La Zarzuelan ez dela hain ondo egokitzen. Halere, azkenekoan oso gertu ibili zen distantzia laburrean. Sasoian dator eta hobekuntzarako tarte dexente duela uste dugu (bakarrik 10 lasterketa ditu bost urterekin). Kostako zaie hau gainditzea. 9 DREAM START gure helmugan ere ohiko protagonista bat da. Oraingoan pisuz inoiz baino abantaila handiagoa izango du Hrubosovaren deskarguari esker. Ez dugu uste gure biko faboritoari irabaziko dionik, baina kokatzeko bai.

Gure hautua: 5 NIRMALI – 2 LONE PEAK – 9 DREAM START

4. Lasterketa (11:45): Chacal saria. 1.600 m (handikap 2. zatia)

Nirmalirekin batera Christian Delcherrek 4 GROSS gaztea dakar Madrildik. Oso karrera gutxi ditu, bost. Udaberri honetan esnatzen hasi da, bigunean irabaziz apirilean (1.500) eta kokatuz distanzia luzeagoan (1.800) maiatzean. Nabarmen gorantz dator eta horrela jarraitzea espero dugu. Pistan berria da baina ez dugu uste kaltetuko dionik. Sousak errepikatzen du berarekin. Lotearen maila eskasa da eta gutxi behar du hemen nagusitzeko. 2 HOLLOKO hemengo handikapetan beti kokatzen da. Oraingoan bigarren zatian “erori” da eta bere aukerak biderkatzen dira. Halere, pisuz justu ikusten dugu. Janaceken laguntzarekin, seguru da aurrekoen artean. 1 REY ANTONIk beti bere faboritismoari huts egiten dio. Azkenekoan bigarren egitetik dator 1.800en Madrilen. Itxuraz bigarren zati apal honetan nabarmendu beharko litzateke. Baina etengabe kale egiten du, distantzia pittin bat motza da, fisiko handiegia Bugattin ondo biratzeko eta ez du pista ezagutzen. Baina gehiegi. Matematikek diote 10 STORMY DANCE zaharrak ezin duela irabazi 5 kilo zapalduta dagoelako. Ados. Baina egin kontu azaroan kolpetik birjaio zela Frantzian hondarrean garaipen ikusgarria lortuz. Hurrengoetan aitzaki ezberdinak izan ditu erakustaldi hura ez errepikatzeko. Gure pista maite du eta bere entrenatzaileak propio dakar gurera. Sorpresa oso errentagarria.

Gure hautua: 4 GROSS – 2 HOLLOKO – 10 STORMY DANCE

5. Lasterketa (12:15): Barilone saria. 2.200 m (salmentakoa)

Outlet gisako salmenta honetan gu 5 LA MAL AMADArekin geratuko gara. Hemengo bi karreretan lehenengo eta bigarren izan da, distantzia berdinean eta bigunean. Lasterketako gidaririk onena berak darama, pisuz ez doa gaizki eta sasoi onean datorrela erakutsi berri du Madrilen. Hori urrea da konpainia honetan. Barrura. 1 ORANGE RUN aitonak (13 urte!!!) garaipena eskuratu zuen hemen martxoan oso antzeko lasterketa batean. Pista bustia topatuko balu irripar egingo luke. Adrian Martinez gaztetxoak gidatuko du. Aukeratxo bat badu. 2 SAUMETek ere salmentako antzeko beste lasterketa bat irabazi zuen hemen martxoan. Distantziaz ondo eta berak dauka balio ofizialik onena. Loaizak oso ondo ezagutzen du. Jon Jauregiren jakatxoa irabazten ikustea gustatuko litzaiguke baina bere azken karrera negargarriak apirilean Auchen izoztuta utzi gaitu. Zorte on.

Gure hautua: 5 LA MAL AMADA – 1 ORANGE RUN – 2 SAUMET

Komunikabideen pronostiko lehiaketa

Azpi-azpitik hasiko gara. Ea zer moduz ematen zaigun.

Ekainak 3: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top