zaldilasterketak.eus

Ekainak 3: analisia

Lehen jardunaldi honetako lasterketen analisiarekin goaz. Egun benetan konplikatua, hiru hilabete luze joan direlako lehiarik gabe eta latza egiten da igartzea partaideen sasoi punttua. Kristalezko bola aterako dugu.

Oso programa interesgarria, ekainaren 21eko Pouletarako prestakuntza lasterketak izango direlako eta, oro har, baita goi-mailako partaideak ere. COVID-19aren parentesiak utzitako inkognita guztiekin, horra hor gure azterketa:

1. Lasterketa: ACPSIE saria (moxal emeak)

Pouleari begira moxal emeak beren indarrak neurtuko dituzte. Guerreira, Viana eta Gadea kenduta, adineko onenak daude irteeran.

1 PRAVIA: beti gertu baina irabazi gabe. Uste dugu hemen ere horrela ibiliko dela. Distantzia luzegoan hobeto. Kolokatzeko.

2 JARANA: debutaria. Maidenean izena emanda zegoen baina hemen berrengaiatu dute. Ama 1G irabazle baten ahizpa du. Zoragarri entrenatzen omen du. Poulea jomugan. Erne.

3 KOHOOF: irletan erdipurdiko lau irteeren ondotik Al Maktoum jakatxoa utzi eta Sanchezen patiora pasa da. 10.000 ginea. Pott.

4 LINDA: bere ama gure kuttunetako bat zen, Lolita Pluma. Clunia bikainaren eta Frantziako Heshem eta Xamadou gradudunen arreba. Lindak bere debutean oso atzean utzi zituen gerora bikain aritutako moxalak. Pizti itxura du eta entrenamendutan “brutal” omen dabil. Baina irailetik korritu gabe eta pista ez du ezagutzen. Galtzekotan, gaur gal dezake. Izarra.

5 NERVA: Sevillan irabazle baina oso bestelako lotetan. Hemen otso asko dabilzki inguruan. Atzean.

6 ROLA: debut lasaia bezain deigarria izan zuen martxoan, oso berde egon arren. Bere prestatzaileak ez du entrenatzeko konfinamendurik bere finka pribatuan. Kokots-uhalak jantzita, fundamentuz aritzeko. Dena dauka hobetzeko. Jatorri bikaina. Hortxe.

7 ROSY MOON: lehenengo edo bigarren bere 5 lasterketetan. Aurten irabazlea urtarrilean, Paben. Bere patioak zorroztuta ateratzen ditu. Fayos uhaletan. 1. atetxotik. Irabaztera.

Gure hautua: 7 ROSY MOON – 4 LINDA – 6 ROLA

2. Lasterketa: Milagro saria (moxal ar maidenak)

Maiden oso interesgarria, salneurri handiko moxalekin. Askok Poulerako bidea ez irabazleen bidezidor honetatik egitea aukeratu dute. 8 SOMAHOZ: denok bere izena apuntatu genuen martxoan bigarren egin zuenean bere debutean. Oso berde, motor handia igartzen zitzaion. 9 TROVATORE: AGFren fitxaketa galaktikoak (83.000€) oraindik ez du irabazi, baina hobetzen ari da. Somahozen ipurdian azkenekoan, ibilbide txarrarekin. Eskarmentuduna eta hobetzeko asko du. Salneurri horrekin bikian egon beharko luke. 6 MARRERO: gaurdaino gehien erakutsi duena. Izarrak ez badira azaltzen bera da seguruena. Donostian ohituta. Sasoian. 1 BAADIRR: irletako 7 irteeretan ia beti kokatua. 51.000 € ordaindu omen dute. Marrero baino balio zertxobait hobea (36). Oso-oso arriskutsua. 4 ISHRAQ: Oasis Dreamen seme honek dezepzionatu gaitu bere bi irteeretan. Top jockeyarekin orain, eta aurrekoek aitzakia dutelakoan, hirugarren aukera emango diogu. Ikusiko.

Gure hautua: 8 SOMAHOZ – 9 TROVATORE – 1 BAADIRR

3. Lasterketa: Torreduero saira (moxal eme maidenak)

Emeen maiden hau ez da arrena bezain interesgarria, inondik ere. Hemen daudenetatik bakarren bat egon daiteke Pouleko irteeran. 7 NAVIA: gezurra badirudi ere Lope de Vegaren alaba honek kokatu bai, baina beti izan du norbait aurretik. Ezer berezirik ez, ez balitz berarengatik ordaindu zutenarengatik (110.000€!). Irabaztera kondenatua. 10 SOPHIE LINDA: amaiera polita ikusi genion bere azkenekoan martxoan, hirugarren irteeran. Marokotik bueltatu den Buzon prestatzailearekin, gora etorriko dela uste dugu. Kokatua. Eta beste ezer gutxi. Begi bat jarriko diogu 3 COVADONGA´S LAKES beterano gazteari, gehien bat Berastegiko Kantauri behortegiaren gertutasunarengatik.

Gure hautua: 7 NAVIA – 10 SOPHIE LINDA

4. Lasterketa: ACPSIE saria (moxal arrak)

1 MAR EGEO: oso ontzat dute baina borondate gutxi azaldu du. Zikiratu berria, lasaitu ote den frogatu ahal izango dugu. Zalantzak.

2 SALAR ISLAND: Nijinsky zalditegi donostiarrak Frantziatik ekarri zuen 40ko balioarekin eta ordura arte dena irabazitako Guerreira hartu zuen menpean. Balio sendoa eta itxura onekoa. Faborito logikoa.

3 NORDESTE: gehien korritu duena, baina ez du mailarik erakutsi arerio hauei aurre egiteko. Baztertzeko modukoa.

4 ROYAL DANCER: errebotez (Marrero distantziatu baitzuten) Opcionaleko irabazlea 60 kilorekin. Pista ondo ezagutzen du eta prest iritsiko da. Gertu.

5 TACIO: erretiratua.

6 BABA KARAM: oso saiatua eta erregularra. Beti lehenengoen artean bere karrera guztietan, baina bere mugak ere erakutsi ditu. Bere entrenatzailea garai hauetan oso arriskutsua da. Kokatzeko.

7 MARSHAL: urte oso bat korritu gabe, hain justu Zubietan irabazi zuenetik. Ez dirudi.

8 PAINTBALL: bitan irabazle maila baxuagoko lasterketetan. Tolosan huts egin berri du 2.000 metrora igotakoan. Baina balio ona du (37,5) eta seguru sasioan dagoela. Beste bat kokatzeko.

9 PELLIQUERO: oso ikusgarria bere garaipena martxoan. Noraino irits daitekeen ikusiko dugu. Arretaz jarraitu behar.

10 TRUHAN: Dream Aheaden seme honek oso kanpaina ona egin zuen 2 urterekin, 3 lasterketa irabaziz. Piskanaka beherantz etorri da eta ez du sekula 1.200 metro baino gehiago egin. Baztertzeko.

Gure hautua: 2 SALAR ISLAND – 9 PELLIQUERO – 4 ROYAL DANCER

5. Lasterketa: Jon Jauregi garraioak saria

Gutxitan ikusten ditugu hemen maila honetako handikapak. Oso gustuko ditugu. Sari handietako elementuak (iazko Pouletako bi irabazleak: Udalla eta Einar; eta Eusko Jaurlaritzako kokatua den Barbarigo) eta handikapetako jauntxoak, nor baino nor. 7 BARBARIGO: bere balio onenen azpitik dabil, 5 kilo. Pista honetan ondo egin ohi du eta atsedenak eta topa lezakeen bigunak lagun diezaiokete. Fayosen bermearekin, asko gustatzen zaigu. 10 NADER: Zubietan oso gustura eta lokatzetan zer esanik ez. Gainera pisuz oso ondo dago, iazkoan baino bi kilo arinago. Patio azeria. Borrokarako prest. 3 UDALLA: oso gustukoa dugu behor hau. Harrotza egiten zaigu handikapean ikustea, sari handitan ohituta baikaitu. Pisua gogorra da, baina berarengandik beti onena espero dugu. 1 EINAR: erretiratu egin da.

Ekainak 3: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top