zaldilasterketak.eus

Ekainak 3: Kronika + Argazki galeria

Martxan dugu beste behin udako denboraldia Zubietan. Goizeko jardunaldia genuen aurreneko hau, jendez justu eta egun lainotsuarekin. Goiza libre zuten ohiko zaletu sutsuen presentziarekin programa apala izan dugu, Riocorvoren garaipen ikusgarriak argiztatu duena. Ondo apuntatu izena: RIOCORVO.

1. Lasterketa (10:15): Suances saria. 2.000 m. (3 urteko moxalak)

Luanco (Vaclak Janacek). Argazkia:Dabid argindar

Partaide gutxi eta espero zitekeen bezala karrera taktikoa. Horrelakoetan Janacek azeri aritzen da eta lehenengo karrera hau ez da salbuespena izan. 400 metro falta zirela Fayosek ANAZ faboritoa martxan jarri nahi izan duenerako Janacekek LUANCOren errematea jaurtia zuen eta ezinezkoa zitzaion hura harrapatzea. Fayosek onartu egin du lo hartu duela eta karreraren gakoa hortxe egon dela. MARCHELOk oso irteera txarra izan du -aukera guztiak galduz- eta nahikoa egin du galdutako metroak errekuperatuz eta hirugarren eginez. Bere saioa dirudiena baino hobea izan da. Laugarren UPA SILVIA izan da, hurrengoetarako apuntea utziz.

Bere tokian: LUANCO / Huts: ANAZ / Jarraitzeko: MARCHELO

Lasterketa (10:45): Principe Duero saria. 2.000 m (3 urtetik gorakoak)

Riocorvo (Borja Fayos) / Argazkia:Dabid argindar

Lehenengo lasterketan ANAZek Bering bere zalditegiari huts egin dio Suances mitikoaren izena zeraman saria ez irabaztean. Baina atzetik etorri da RIOCORVO ikulukidea mitoari omenaldia egiteko eta harmialak dardarka uzteko. A zer nolako erakustaldia! Bezperako analisian esaten genuen gogoz ginela 2019an txunditu gintuen moxal hura berriz ikusteko. Baina inondik ere ez genuen espero, urte terdi beranduago, horrelako erakustaldiarekin topatzea. Are gutxiago entrenamenduetan lasai aritu dela jakinik. Erne, ze zaldi honi urre usaia dario. Bihurgunean jada askatzeko eskatzen ari zitzaion Fayosi eta honek errail garbi batera atera duenean hortxe aireratu da beste kasta batekoa bailitzan. Fayosen laztanak jaso ditu helmugan. Atzetik kontu gutxi: ORIENTALek berretsi du ez dela jada Jaurlaritza irabazi zuen hura eta OBANOS zintzoak, bere tokian, zegokion bigarrena egin du.

Bere tokian. OBANOS / Huts: ORIENTAL / Jarraitzeko (oso!): RIOCORVO

3. Lasterketa (11:15): Persian Ruler saria. 1.600 m (handikap 1. zatia)

City Gent (V. Alonso) / Argazkia:Dabid argindar

Goizeko hirugarrenean sorpresa izan dugu. Berriz ere Ion Elarre entrenatzaile donostiarrak lortutako beste garaipen bat. Harrigarria bere ibilbidea aurten: 5 garaipen eta 17 kokapen Frantzian (120.000 €!) eta agerraldi bakan batzuk gurean aurrekoen artean azaldu gabe. CITY GENTek bere aurtengo bederatzigarren(!) karrera zuen gaurkoa, 38,5 balioarekin, handikapeko topea. Baina hala eta guztiz ere garaipen erosoa lortu du, ibilbidean ihes egin eta abantaila mantenduz Victoria Alonso gaztearen gidaritzarekin. Etxean estreinatu da Ion. Chapeau Monsieur Elarre! Ez dugu uste jada zaldi honek gorago egin dezekeenik baina Elarrerekin, 007rekin bezala, Never say never again. Goizeko kuotarik altuena utzi du 15,5/1 ordainduz PMUn. Hiru gorputzera utzi du tropela, Sousarekin NIRMALI zetorren haren buruan baina azken metroan RUGBY INDUSek erremate bortitzarekin ostu dio zilarra.

Bere tokian: NIRMALI / Huts: LONE PEAK / Jarraitzeko: ROBLE

4. Lasterketa (11:45): Chacal saria. 1.600 m (handikap 2. zatia)

Holloko (V. Janacek) / Argazkia:Dabid argindar

Janacekek goizeko bere bigarren garaipena eskuratu du hemengo handikapetan klasiko bat den HOLLOKOrekin. Caradaken seme honek eskertu du pistaren lehorra udan lortutako garaipena errepikatzeko. Pisuz justu dabil handikapean eta larri gainditu ditu REY ANTONI Arizkorretaren ordezkaria eta GROSS gure faboritoa. Gorputz bateko distantzian sartu dira hirurak. Gaspar Vaz portugaldarrak entrenatzen duen irabazleari handikapean tarte gutxi geratzen zaio honez gero eta luzea egingo zaio hemengo uda, batez ere 1. mailako handikapetan lehiatzen. Atzetik maila apala erakutsi dute laugarrenetik atzera sartu direnak. Nahiko lan izango dute uda honetan irabazleen gunetik pasatzeko.

Bere tokian: HOLLOKO / Huts: COVADONGA´S LAKE / Jarraitzeko: GROSS

5. Lasterketa (12:15): Barilone saria. 2.200 m (salmentakoa)

Jasmine (L. Fonseca) /Argazkia:Dabid argindar

Portugaldarren festa -entrenatzailea, zaldia eta jockeya- goiza ixteko azken karrera honetan. Gaspar Vaz entrenatzailearen bigarrena. Gurean fin aritzen da. Benetan lasterketa arraroa izan da ez baita apenas lehiarik izan, faboritoak atzean zeudela, puntako bi outsiderrak nola ihes egiten zuten begira geratu dira. Jockey aprendiz, gazte eta garaiapen gutxi lortutako profesionalei erreserbatutakoa izanik karrera, uste dugu honek eragin zuzena izan duela lasterketaren garapen arrotz honetan. Hori eta partaideen maila susmagarria. Horrela JASMINE irabazleak SAUMET faboritoak baino 13 kilo gutxiagoko balio ofiziala izatea ez da arrazoi nahikoa izan lehenengoak erraz ez nagusitzeko. Alegia, osasunez denak kili-kolo dabiltzanean ez dago balio duen teoriarik, kilorik ez ezer. Eta horrela, loteko bi apalenak -JASMINE eta SISON- ihes egin eta helmugara iritsi dira, aparteko erresistentziarik aurkitu gabe. Bezperako analisian esaten genuen bezalaxe, outlet salmenta. Ez da erosketa eskaintzarik jaso inorengandik. Bada, horixe.

Bere tokian: inor ez / Huts: LA MAL AMADA / Jarraitzeko: inor ez.

Ekainak 3: Kronika + Argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top