Udako bigarren jardunaldia. Hau ere arratsaldez –18:30etatik aurrera– eta PMUren sareko jokoarekin. Programa txikia berriz, udako plater nagusienetarako giroa berotzen joateko. Eguraldia ikusita, pistak lehor xamar egon beharko luke. Hau da gure azterketa.
1. Lasterketa: H.H. Sheikha Fatima Bint Mubarak Cup (4 urtetik aurrerako zaldi arabiarrak). 1.600 m.
Guk arraza honetako zaldien karreretaz tutik ere ez dakigu (bestela ere askorik ez). Baina ikertu dugunez 05 KAWTHARrek konfidantza merezi du, nahiz eta azkenekoan gaizki korritu. 2G karrera bat zen, baina aurretik irabazitakoa da eta Pauen. Maila altuagoko karreretan trebatua. 03 AL MUWAJI ere Gradutan aritu da emaitza onik lortu gabe. Horregatik suposatzen zaio maila txukuna izan behar duela. Baina oraindik maidena da. 02 HM AL NIBRASS hobetzen ari da azkenekoetan, gorpultzaldi ona erakusten, baino balio txikiagoa du.
Gure hautua: 05 KAWTHAR – 03 AL MUWAJI – 02 HM AL NIBRASS
2. Lasterketa: Urola saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 1.600 m.
Pronostikorako karrera oso zaila. Aukeratzen dugun prismaren arabera, oso ondorio ezberdinetara iritsiko gara. Jada zeozer erakutsi duten horiengan fedea baldin badaukagu, 12 VERBENA eta 08 LADY MC QUEENekin joan beharko genuke. Lehenengoa bitan kokatu da Madrilen Nasaab eta Coloseok irabazitako karreretan eta hori asko izan daiteke hemen. Ketala bikainaren alaba huts egitetik dator eta ez du gure pista ezagutzen. LADY MC QUEEN ere erregulartasunez ari da, koxkatxo bat motelago, baina gurean ere txukun aritu da. Bikote fidagarriena izan daiteke. Hobekuntza handia izan dezaketenei begiratzen badiegu, 02 HUNTMARrek hemen egin zuen debutari erreparatuko diogu. Ladyrengandik urruti sartu zen baina zuzenaren erdiraino hortzak erakutsi zituen. Eta jatorri interesgarria du. Fayos Oakswinerra bolantean. 04 PEKENek ere bakarrik bi karrera ditu. Azkenekoan oso ondo bukatu zuen La Zarzuelan, Lady Mc Queenen ondoan. Orain Sousarekin tortilari buelta eman diezaioke. Eta hauetako inoren trazak ez badituzue gustuko eta danbatekozaleak bazarete, egin kontu 05 TERUEL debutari militarrari. Jakin dugunez ezin hobeto entrenatzen ari da Militar Behortegiko Gael Legacyren semea (Tintinen anaia beraz). Erne.
Gure hautua: 05 TERUEL – 12 VERBENA – 04 PEKEN – 02 HUNTMAR
3. Lasterketa: Urumea saria (handikaparen 1. zatia). 2.000 m
Bigarren parteko handikaparen zaporea du zerrendaren bigarren erdiak. Beraz, beste kategoria batekoak direlakoan, goiko zenbakiekin geratuko gara. 01 IDOLE ROYALE askoz arerio gogorragoekin aritu izan da, arrakastatsu. Pisu gogorra jarri diote (63 kg) baina Zambudioren deskarguari esker karga eramangarria izango du (60 kg). Madrilen ere paper ona egin berri du, sasoi betean dabilela berretsiz. Ez dugu besterik ikusten. 02 MARCHELO ez da gaizki ari handikapetan baina zorroztasuna falta zaio erabakitzeko. Berriz ere gertu ikusten dugu. 03 ANAZ handikapean kateatuta dagoela iruditzen zaigu, baina F. Veronen gidaritza darama eta bere azpikoak beste maila eskasago batekoak dira. Hortxe ere. 09 TRESEFES Madrilen garaipenaren ingurumarian dabil, errematatu ezinik. Janacekekin orain, saitauko da berriz baina hau ez da bigarren mailako handikap horietako bat. 10 BOUJOC ere antzeko. Etxean jokatzen du eta, aurreko astean bezalaxe, ihesaldian saiatuko da. Gaur distantziaz hobeto eta deskargua lagungarri. Ea noraino iristen den.
Gure hautua: 01 IDOLE ROYAL – 09 TRESEFES – 02 MARCHELO – 03 ANAZ
4. Lasterketa: Bidasoa saria (handikaparen 2. zatia). 2.000 m
Honetan ere ez da xamurra pronostiko bat ematea. 3 urteko gaztetxo batzuk gonbidatuta izango ditugu behealde sakonetako ohikoen klubean. Gaztetxoen artetik 03 DREAM BAHAMA da etxean jokatzen duen bakarra. Aurtengo 13. karrera du. Diesela da, baina oso fidatzekoa. Deskarguak arinduko dio adinaren diferentzia. 04 VINCI LISA Arizkorretaren hobetze-prozesu mantsoaren beste adibide tipiko bat da. Azkenekoan bigarren egin zuen Tritonen atzetik, baina oso urruti, egia esanda. Honek deskargurik ez darama eta gure pistan estrainekoz arituko da. Zalantza gehiegi. Zaharragoen artetik 08 SOGALINDAk (Erretiratua) zutoinean jo du pare bat aldiz Madrilen. Handikap hau eskasagoa da eta agian horregatik bertan berrengaiatu dute. Zambudiok karga 3 kilo arintzen dionez, lehen aukera bat izan beharko luke. Baina ez du gure pista ezagutzen. Faborito hauskorra. 06 KANTIOk urrutiko hirugarren bat egin zuen antzeko handikap batean hemen, gero Madrilen penagarri aritzeko. Janacekekin berriz eta lokatzik gabe, hobetu dezakeela uste dugu. 07 UPA SILVIA ikuluz-ikulu ibili da hilabete hauetan, arrastaka, handikapean 10 kilo galtzeraino. Orain Farleteren eskuetan uda honetan berpiztu daitekeela uste dugu. Goizegi izan daiteke oraindik, baina Sousarekin ezustekoa eman lezake. Urre bilatzaileentzat.
Gure hautua: 08 SOGALINDA (erretiratua)– 03 DREAM BAHAMA – 06 KANTIO – 07 UPA SILVIA
5. Lasterketa: Oria saria (3 urtetik gorakoak). 1.400 m
Karrerak buruz-buruko lehia izan beharko luke 01 EL SOKHNA eta 03 PONT DE RUDAren artean. Oso ibilbide eta balio antzekoak dituzte biek. Distantzia ere ezin hobeto egokitzen zaie biei. Pistan ere ondo aritu dira. Bigarrenak ez du nahiko lukeen biguntasunik aurkituko. Baina lehenengoak 6 kiloko gainkarga eramango du. Delcherrenak Fayos euforikoak gidatuko du eta Arizkorretarenak Saccu gaztea bere deskarguarekin. Ez dakigu zer esan. Txanpona airera bota eta ateratzen dena. Hirukorako baten bat behar baduzue, guk 07 TURCO gomendatuko genizueke. Zaharragoen kontra estreinatu arren, sasoia erakutsi du eta bere mailan oso fidagarria da. 04 PUNTA CANAILLE ordea maila handiagokoa zen, baina pattal-pattal dabil. Ezin gomendatu.
Gure hautua: 01 EL SOKHNA – 03 PONT DE RUDA – 07 TURCO