1. Lasterketa: H.H. Sheikha Fatima Bint Mubarak Cup (4 urtetik aurrerako zaldi arabiarrak). 1.600 m.

Sogorbek entrenatutako 01 CHAN DE BOZOULSek irabazi zuen arabiarren karrera hau Alejandro Gutierrez Val gaztearen gidaritzarekin. Irteeratik punta hartu eta ez zuen askatu ispiluraino. Gure faboritoak 03 AL MUWAJI eta 05 KAWTHAR saiatu ziren puntazalea harrapatzen, baina alperrik. Iritsiera estua, lau zaldi gorputz eskaseko aldean.
2. Lasterketa: Urola saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 1.600 m.

Goizeko sorpresa handiena Blas Rama beteranoak entrenatzen duen 09 FIRST CROWD behorrak eman zuen. Inork gutxik kontatzen zuen berarekin. Vicky Alonso gazteak jakin izan zuen zuzen osoan irabazlearen abantaila ttipiari eusten. Atzetik 08 LADY MCQUEEN, 12 VERBENA eta 04 PEKENen erremateek ez zuten energia nahikorik izan. Hauek ere gorputz bateko tartean sartu ziren aurreneko lauak. Ez zitzaizkigun bereziki gustatu karrera honetako moxalak. 05 TERUEL debutariari zela mugitu eta ezin izan zuen lehiatu. Ikusiko dugu udan zer nolako errendimendua ematen duten.
Bere tokian: LADY MCQUEEN / Huts: TERUEL / Jarrraitzeko: HUNTMAR
3. Lasterketa: Urumea saria (handikaparen 1. zatia). 2.000 m

Estua ere, oso, handikaparen lehenengo zatiaren iritsiera. Hainbestekoa izan zen 03 ANAZ eta 06 RAMIRIQUI behorrak foto-finishak ere ezin izan zituela benandu. Azkenean berdinketa. Aspaldi ez genuela dead head bat ikusten Zubietan lehenengo posturako. Ez ziren gustura geratu ez bata eta ez bestea. Fordek –Ramiriquiren jabea- helegitea aurkeztuko duela adierazi zuen eta Elarrek –Anazena- ere uste zuen besteak irabazi zuela, Fabrice Veronek hala adierazi baitzion. Baina hemen epaileek agintzen dute eta haiek esandakoa da balio duena. Argazkia muturreraino handituz agian pixelen baten gorabehera egon liteke, baina mikroeremu horietan murgiltzen hasten bagara futboleko VAReko marren festarekin bezala amaituko dugu, txoratuta. 05 BABY GROOMek apunte ona utzi zuen eta 10 BOUJOCek seguru udan bere karreratxoa aurkituko duela, baina bigarren partean izan beharko du.
Bere tokian: ANAZ / Huts: IDOLE ROYAL Jarraitzeko: BABY GROOM
4. Lasterketa: Bidasoa saria (handikaparen 2. zatia). 2.000 m

Atarikoan esaten genuen 03 DREAM BAHAMA gaztetxoaren “dieseltasuna”-k urrutira eramango zuela gisa honetako loteetan. Eta halaxe egin zuen, denei azken indar apurrak agortu zitzaizkienean hortxe azaldu zen Javier Vicente donostiarraren behor saiatua, pistan bere bigarren garaipena eskuratzeko. Erritmo aldaketarik ez du baina geratzen ez den transatlantiko horietako bat dirudi, nahi beste kilometro egiteko prest. Cristina Perez gaztea berriz garaile Elarrerenarekin (arratsaldeko bigarrena donostiarrarentzat ere). Lepo batera geratu zen 06 KANTIO Janacekekin, amaieran bere abantailari eutsi ezinik. Honek aurkituko dut udan hemen bere karreratxoa. Hirugarren 03 ARGELLIE gaztetxoa sartu zen, hau ere hobekuntza iragarriz. Ez horrela Arizkorretaren 04 VINCI LISA. 02 SUCREk, beste behin ere, ez zen irteerako atetxoetan sartu nahi izan.
Bere tokian: DREAM BAHAMA / Huts: VINCI LISA / Jarraitzeko: KANTIO
5. Lasterketa: Oria saria (3 urtetik gorakoak). 1.400 m

Atarikoan iragartzen genuen 01 EL SOKHNA eta 03 PONT DE RUDAren arteko buruz-buruko estua, lehenengoaren aldekoa izan zen. Eta nola gainera! Nahi izan zuenean Borja Fayosek aireratzeko botoia sakatu zuen eta zaldiak jauzi egin zuen, nahiz eta 63 kiloko zama astuna jasan. Hemen lortzen duen hirugarren garaipena du Delcherrenak. Bistan da pista izugarri atsegin duela. Fayosek esaten zigun agian Jaurlaritza korritzea ere merezi zuela. Ez dakigu askotxo ez ote den izango. Saccuk urrutitik bistarekin jarraitu ahal izan zion, baina 03 PONT DE RUDA garailearengana gerturatzea lortu gabe. 07 TURCO gaztetxoak punta bortitza jarri zuen azken zuzenera iritsi arte, Zambudioren arintasuna probestu nahi izan zuen, baina alperrik. 05 STUDENT izan zen laugarren, ez horren urruti. Bere izena apuntatuta utzi dugu hurrengo handikaperako.
Bere tokian: 01 EL SOKHNA / Huts: TURCO / Jarraitzeko: STUDENT
Argazki galeria
Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar Argazkia: Dabid Argindar