Udako denboraldiko bigarren aperitifa. Goizez hau ere, 11:35ean hasita. Transizioko beste jardunaldi bat, ohiko ezagunekin. PMU frantziar sareko jokoa izango da honetan ere. Eguneraldi ona eta pista lehorra espero daiteke. Raul Ramos derbywinner lasartearra etxean omentzeko aukera izango dugu. Programa gure eskanerretik zeharka pasatakoan hau atera zaigu.
1. Lasterketa: Wathba Stallions Cup saria (P.R.A.). 1600 m (4 urtetik gorako arabiarrak). 11:35
Guk arabieraz tutik ez. Bestela ere gutxi. Esan digutenez 2 MURJAN da faborito argia eta itzala egin diezaiokeen bakarra 3 NAMROOD omen. Guri begia joan zaigu 1 KHATEER ALKHALEDIAHk Belgikan maiatzean lortu berri dituen bi garaipen errazetara. Horixe, self service.
Gure hautua: 2 MURJAN – 3 NAMROOD – 1 KHATEER ALKHALEDIAH
2. Lasterketa: Urumea saria. 1.500 metro (3 urteko moxalak)
4 EL SOKHNAk gol aukera pila izan ditu baina maidenen multzoan jarraitzen du. Hiru aldiz bigarren sei karreretan. Behingoz lortuko duelakoan gurera dakarte, Fayos bere ohiko konplizearekin. Dena alde, baina zerbaitek esaten digu estreinatu gabe segituko duela. Pista ez du ezagutzen. 5 COCKLINAk huts egin du Madrilen behor onenen kontra lehiatu denean. Baina gertu eta duin aritu da. Iruditzen zaigu Pouleko behorren ildoa arrena baino hobea dela. Etxean jokatzen du eta 4 kilo jasota, faborito nagusiaren aurretik ikusten dugu. 2 MARCHELO erotu beharrean daukate. Distantzia luzatzen ari zitzaienean -gure ustez onerako- orain aspaldiko laburrena jartzen diote. Irteeran susmagarriki atzean geratu arren -jarrera arazoak?- ondo bukatu zuen aurreko astean. Pisuz zigortuta, ea oraingoan zer aurpegi erakusten digun. Edozertarako gai. 3 BRUJILDA Madrilgo esprintetan gaizki korritzetik dator bere prestatzaile berriarekin. Baina hemen irabazlea da, deskarguak arin uzten du eta bere entrenatzaile georgiarrak uste dugu badakiela zer egiten duen. Erne. 1 DABESPIRrek debut polita egin zuen Bordelen azaroan irabaziz eta arerio txukunak gaindituz. Handik aurrera porrotez-porrot dabil Ivan Lopezen ikuluan azaldu arte. Distantzia luzeagokoa dirudi, baina hemen ez da asko behar aurrean egoteko. Arretaz jarraituko dugu hurrengoetarako.
Gure hautua: 5 COCKLINA – 4 EL SOKHNA – 2 MARCHELO
3. Lasterketa: Bidasoa saria. 2.000 metro (handikap 1. zatia)
2 GRANACCI krisi luzean murgilduta dabil orain urtebete hementxe irabazi zuenetik. Handikapean asko jaitsi da eta pisuz ezin erosoago dago. Aspaldiko partez borrokan sartuta ibili da Tolosako maiatzeko bere azken irteeran. Berpizte argi izpitxo horri helduta hemen konparaziorik ez legokeela iruditzen zaigu. Fayosekin, ustekabeak uxatzeko. Irabaztera. 1 EL INGRATOk aurtengo hamargarren karrera izango du. Jo ta ke. 63 kilo mugitu beharko ditu oraingoan. Hainbeste kilometroren nekeak eragozten ez badio berriz aurrean ikusten dugu. Janacek maisuak jakingo du dosifikatzen. Gainontzerako partaideak beste upel batekoak iruditzen zaizkigu. Nabarmentzekotan, hemen udaberrian tarteka azaldu den 8 PIROPO azpimarratuko dugu. Apalagoa izan arren, faboritoekiko dozena bateko kiloen aldeak lagun izan dezake. Sorpresa.
Gure hautua: 2 GRANACCI – 1 EL INGRATO – 8 PIROPO
4. Lasterketa: Urola saria. 2.000 metro (handikap 2. saria)
5 JASMINEk aurreko astean maila altuagoko lote batean irabazi eta gero, hemen -bere kategorian berriz- faborito logikoa dirudi. Hau da bere pista (3 garaipen eta 4 kokapen azken 8 irteeretan), bere distantzia, sasoi betean dator eta ikulua gori-gori dabil. Arazorik? Bai, aste honetako 3,5 kiloko igoerarekin inoiz baino altuago dagoela handikapean. Jada 7 urte dituela eta ez zaigula iruditzen iraultza orain egiten hasiko denik. Argi-ilunak. 2 RAMIRIQUI oso balio fidagarria erakusten ari da udaberri honetan Madrilen, lau karreretan 3 kokapen eta azkenekoan garaipena lortuz. hau baino askoz lote lehikorragoetan. Handikapean igo duten arren, oraindik hobekuntza duela uste dugu. Gure pistan ondo aritutakoa da. Fayos liderra uhaletan, faboritoaren Fonseca gaztetxoa makurrarazteko. Berarekin goaz. 5 MAYRO ere oso udaberri polita egiten ari da La Zarzuelan. Puntazalea da -gurerako egoki-, sasoi betean dabil eta pisuz ondo, baina ez du Bugati ezagutzen. Ea nola moldatzen den. 4 MANTRAk bigarren postu batekin amaitu zuen hemengo udaberriko denboraldia. Iruditzen zaigu, orduan bezala, distantzia hau luze xamarra dela berarentzat. Calderonen ikulurako aldaketa egitearekin hobetzen jarraituko duela uste dugu. Hurrengoetarako, distantzia laburragoetan.
Gure hautua: 2 RAMIRIQUI – 5 JASMINE – 5 MAYRO
5. Lasterketa: Oria saria. 1.400 m (3 urtetik gorakoak)
2 SALAR ISLAND bi urterekin belaunaldiko jauntxoa izan zen. Hirurekin Rodaballo bere ikulukidearen itzalean geratu zen. Eta laurekin mantenua finantziatzeko proben bila dabil. Oria sari hau izan daiteke horietako bat. Punta-puntako areriorik ez baitu aurkituko. Hemen beti ondo korritu du, bere distantzia da, Madrilen txukun berragertzetik dator eta Janacek izango du gainean. Zalantza gutxi. 1 BILLYCOCK HILL ere kontsolamenduzko proba hauek izaten ditu bere radarrean. Beti aurrean dabilen arren zertxobait jaitsita ikusten dugu. Gustuko duen lokatzik ez da izango eta ez da erraza gidatzeko. Gelabertek ez du ezagutzen. Zalantzak. 5 TWELVE BROSek Frantzian 40ko balioa izatera iritsi zen. Madrilera joan denetik ez ditu dohain horiek erakutsi eta pronostikoetan zeharo ahaztu dute. Hau da bere distantzia, Raul Ramos derbymanaren txanpa animikoa alde du eta, gure ustez, hipodromo aldaketak on egin diezaioke. Ustegabean Billycock atzean utz dezake. 3 JARANA bereziki gustatzen zaigun behor bat da, klase puntutxo bat baitauka. Gaur arte erakutsitakoa baino gehiago balio duela uste dugu. Erritmo aldaketa polita du. Hemen gaur pisuz gaizki ateratzen da eta Bugatirekin aurrenekoz topatuko da. Hurrengoetarako.
Gure hautua: 2 SALAR ISLAND – 5 TWELVE BROS – 1 BILLYCOCK HILL
Komunikabideen pronostiko lehiaketa
Lehenengo jardunaldian irteera motela izan dugu, atzeko tropelean, 25. postuan. Ea gaurkoarekin zertxobait aurrera egitea lortzen dugun.
