zaldilasterketak.eus

Ekainak 9 – Kronika + argazki galeria

Ekaineko bigarren aperitifa goizeko ordutegian. Jende gutxi harmailetan -kataluniar koadrilatxoa tartean- eta programa ttipia. Eguraldiak lagundu du eta faborito gehienak nagusitu dira. Janacekek bikoa lortu du estatistikan aurretik dituen Fayos eta Sousarengana zertxobait gerturatzeko balioko diona.

1. Lasterketa: Wathba Stallions Cup saria (P.R.A.). 1600 m (4 urtetik gorako arabiarrak)

KHATEER ALKHALEDIAH – Argazkia:Dabid argindar

Faboritoak huts egin du eta Al-Thaniren bost urteko KHATEER ALKHALEDIAHk garaipen erraza lortu du. Beste bi lortuak zituen maiatzean Belgikan eta txanpa onari jarraipena eman dio gurean. Honetaz dakitenek diotenez odolgarbi ingelesa zirudien arabiarra baino gehiago. Guk gerora jakin izan dugu anaia bat ere baduela 1Gko irabazlea. Itxura ona. Eguneko sorpresarik handiena izan da. Bigarren Watriganten NAMROOD izan da, MURJAN faboritoa hirugarren tokian utziz.

Bere tokian: NAMROOD / Huts: MURJAN / Jarraitzeko: KHATEER ALKHALEDIAH

2. Lasterketa: Urumea saria. 1.500 metro (3 urteko moxalak)

COCKLINA , C.A.Loaiza – Argazkia:Dabid argindar

EL SOKHNA faboritoak jarraitu beharko du beste proba merke baten bila maidenetik atera ahal izateko. Gaurkoan berriz beste bigarren batekin doa bueltan etxera. Fayosek lotea kontrolpean zuela uste zuenean kanpotik erremate polita utzi du Marc Comas kataluinarraren COCKLINAk, garaipena Zubietan utziz. Loaizak gidaritza ederra eman dio behorrari kanpo-kanpotik zuzen ekarriz eta urduritu gabe, azpian zeukan indarraren jakitun. BRUJILDA saiatu da ihes egiten Hrubosovaren arintasunari esker baina 100 metro faltan amore eman du. Laugarren baina oso gertu. Bere neurriko lote bat aurkituko du hemen udan. DABESPIR, loteko topa, azken metroraino borrokan izan da eta hirugarrena eskuratu du. Berragertu da, kargatuta zihoan eta distantzia motzean. Hurrengorako erne. MARCHELOk espero baino eskasago aritu da. Gure ustez ez zaio asko kontuan izan behar distantzia laburregia baitzitzaion.

Bere tokian: EL SOKHNA / Huts: MARCHELO / Jarraitzeko: BRUJILDA, DABESPIR

3. Lasterketa: Bidasoa saria. 2.000 metro (handikap 1. zatia)

EL INGRATO, Janacek – Argazkia:Dabid argindar

Alvaro Odriozolak ezin izan zituen bere koloreak gailentzen ikusi larunbateko derbyan Madrilen. Kontsolatzeko ez dio balioko baina EL INGRATOren garaipenarekin zertxobait goxatuo da. Janaceken buruari egotzi beharko diogu merituaren parte handi bat. Ohi bezala, RAPPEURrek ihes egin du apirileko bere estrategia irabazlea fotokopiatuz. Orduko lezioa ikasita, jockey txekiarrak ez dio abantaila gaindiezina utzi nahi izan eta bere atzean zelatan eraman du EL INGRATO. Jakina da turfeko lege zaharra: kiloak eman daitezke baina ez metroak. Horrela, Fonseca gazteak gidatutakoari bateria agortzen joan zaion heinean Janacek gainera etorri zaio metroak jan eta jan, ispiluan aurre hartzeraino. Handikap ertain honetan ierarkia erakutsi du EL INGRATOk. Fayosek aldiz, lo hartu du eta GRANACCIri laugarren martxa sartu dionerako aurretik karrera likidatuta zegoen. Krisi luze baten ondoren erremate deigarria utzi du KUKOk Loaizarekin, kanpo-kanpotik. Hau da bere pista eta denboraldia. Azpimarratuta.

Bere tokian. EL INGRATO / Huts: GRANACCI / Jarraitzeko: KUKO

4. Lasterketa: Urola saria. 2.000 metro (handikap 2. saria)

JASMINE, Fonseca – Argazkia:Dabid argindar

Bezperako analisian esaten genuen JASMINEk oso sasoi ona erakutsi arren ez genuela espero 7 urterekin oraindik balio handiagoa emango zuenik. Oker geunden, beste behin. Eta ez hori bakarrik, nahi izan duen bezala irabazteaz gain garaipen gehiagoren abisu ozena utzi digu. Bere prestatzailea den Gaspar Vaz portugaldarra aipatu behar. Hara nola behor apal hau handikaparen sotoetatik lehen zatira eraman duen. Azken 8 lasterketetan 4 garaipen eta 4 kokapen. Beste “Iron Rock kasu” bat? Hala dirudi. Behintzat Zubietan ahatetxo itxusia zena zisne bihurtzen ari da. Pistara egokitzeak metamorfosia ekarri dio. Fonseca gaztearen beste garaipen bat, lanak txukun eta erraz eginez. Beste karrera batean, RAMIRIQUI alperrik saiatu da irabazlearengana hurbiltzen. Bere ezinaz aprobetxatu da Julia Zambudio MONZALVOS zaharra bigarren sartzeko.

Bere tokian: RAMIRIQUI / Huts: MAYRO / Jarraitzeko: JASMINE

5. Lasterketa: Oria saria. 1.400 m (3 urtetik gorakoak)

SALAR ISLAND, Janacek – Argazkia:Dabid argindar

Espero bezala SALAR ISLAND zintzoak pronostikoak bete ditu eta goizeko bigarren garaipena eman dio Janaceki, Nijinsky zalditegi donostiarraren pozerako. Zaldi ona eta erregularra da Arizkorretak entrenatzen duen hau baina programan aukera gutxi du gurean eta horrelako probetan ikusi beharko dugu. Txekiarrak une oro kontrolpean izan du lasterketa eta beharrezko indarrak bakarrik gastatu ditu. Bigarren, ikulukidea duen BILLYCOCK HILL izan da, Gelabertekin. Honek ere beste horrenbeste: handikapean lekurik ez eta sari handietan ere ez. Hirugarren tokian JARANA behorra sartu da erremate polit bat utziz. Kontuan hartuz oso hotz irten dela, meritua eman behar diogu egindako karrerari. Hurrengoetarako apuntatuta. Hotz utzi gaituena, oso, TWELVE BROS izan da. Bere frantziar balioa berreskuratzen hasiko zela espero genuenean aspaldiko karrera grisena egin du. Kezkagarri.

Bere tokian: SALAR ISLAND / Huts: TWELVE BROS / Jarraitzeko: JARANA

Ekainak 9 – Kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top