zaldilasterketak.eus

Espainiako Poulei frantses lurrina darie

Zarzuelako hipodromoa
Zarzuelako Hipodromoa – Argazkia: Rafael lorente

Klasikoen txanda iritsi da. Ea nor den 3 urtekorik onena. Madrilgo La Zarzuelan jokatuko dira igande honetan Poule-ak eta gure atari honetan errepaso txiki bat emango diegu belaunaldiaren tronurako hautagaiei. Estatuko hazleen atsekaberako oso urria izango da bertan hazitakoen ordezkaritza. Gutxi eta aukera eskasekin. Askotxo ordea, azken hilabeteotan Frantziako erreklamarretan propio erositako moxalak hitzordu honi begira.

Aurtengoan badirudi emeen karrerak maila altuagoa duela arrenak baino. Estatuko zirkuituan ederki nabarmendu direnei neurria hartzeko Parisetik Mauri Delcherrek ekarritako graduko kokatu bat izango dugu. Hautagaitza dizdiratsua, zalantzarik gabe. Badakigu Delcherren bisitak Madrilera ez direla alperrikakoak. Egun hauetan euririk eman ez dutenez, pista egoera onean egon daitekeela aurreratu liteke. Gauzak horrela, goazen banaka-banaka partaideen erradiografiarekin.

CIMERA SARIA (moxal arren Poule-a). 1.600 m.

01 BATTLE OF THE NILE (GB)  (Havana Gold eta Gertrude Versed). L. FONSECA (36 FR)

Gaspar Vazen elementu honek, faborito handia zela huts egin zigun hemen Tintin eta Fiji Golden atzean sartuz. Orduko lokatza eta zama, gehiegizkoak agian. Baina ondoren maila txukuna eman zuen La Testen merituzko kokapen batekin, borrokatik gertu, zaldi onen kontra. Mailatxoa du eta urtarrilean Deauvillen Inishnne -behorren arteko faborito nagusia- gainditu zuen, azken hau oraindik eztanda egin gabe zegoela, hori bai. Frantzian 36ko balioa eman diote, fidatzekoa dirudi eta berme horrekin hemen azken kokapena ostu dezake.

02 CATAPUM (FR) (Ectot eta Virimoon). F. VERON (38,5 FR)

Erloju bat da. Behin bakarrik huts egin du. Esperientzia handikoa -11 karrera, denak Frantzian-, ondo moldatu da miliatik gorako distantzian eta edozein hipodromotan. Bere azkenekoan, Tolosan, ez zien harrapatzen utzi zuzen osoan Making Moovies (ondoren G3n kokatua) ukiezinaren isatsa zaintzen zuen bitartean. Ordukoan oso borrokalari aritu zen Simply Southerni eusten (39,5). Azken hau Pauen El Ojancanoren (42) parean iritsi zen. Ildo horri jarraituz, Elarrerenaren balorazioan (38,5) baxutik jo dutela iruditzen zaigu. Oso itxura ona du entrenotan eta F. Veronen gidaritza izango du berriz. Emaitzarik txarrenak ezkerrerantz korritzen izan ditu. Berak jarriko du langa. Gainditzekotan, bakarrik irabazleak egingo du.

03 EL OJANCANO (FR)  (Recorder eta Amesa Spenta). J.L. MARTÍNEZ. (42 FR)

Hau ere udatik martxan dabil eta beti maila ona ematen. Huts bakarra, lokatzarekin, Madrilgo Criteriumean egin zuen (hau ere ezkerretara). Zubietan nagusitasun osoz aritu zen udan eta baita Pauen urtarrilean, 62,5 kilorekin handikapeko bere arerioak kupidagabe menderatuz. Azkenekoan Deauvillen inoizko distantziarik laburrena egin zuen (1.300) eta, behartuta joan arren, gertu iritsi zen goi-mailako zaldien kontra. Meritu handiko karrera. Lehen aldiz J.L. Martinezekin. Lotean satorrik ezean berak eta Catapumek erakutsi duten mailara ez dirudi inor iristen denik. Lokatzik ez bada aurre-aurrean espero dugu.

04 GALILODGE (FR) (Galiway eta La Dame de Grace) . B. FAYOS (40 ESP )

Goitik behera etorri da T. Martinsen moxal hau. 2 urterekin Vichyn eta Tolosan Listed bana korritu zuen. Arrakastarik ez baina esanguratsua berarengan zuten konfidantza. Opcionalean berragertu zen eskala gogorrarekin, laugarren eginez. Estatuan bere adineko onenen kontra beti lehiatu da eta gertu bukatu du. Fayosek berarekin errepikatzen du. Frantziatik datozenak koxka bat gainetik daudela uste dugu. Halere, gertu ibiliko da.

5 JOLI COUP (FR)  (Pedro the Great eta Heritage Island). D. SARABIA (41 FR)

Teorian loteko bigarren baliorik altuena. Baita gehien korritu duena, 13 karrera. Bere goiztiartasuna aprobetxatuz Listed eta 3Gn kokatu zen iaz, baina geroztik maldan behera dator, salmenta probetan parte hartuz. Madrilgo prestakuntzazko karreran bigarren izan zen, Maamurren atzetik. Baina ez zuen inor aipagarririk utzi atzean. Beheraka jarraituko duelakoan, guk mus.

06 MAAMUR (IRE)  (Tamayuz eta Dheyaa). R. SOUSA (35 ESP)

Ez dakigu zer pentsatu Oscar Anayaren beste low cost erosketa (4.000 ginea) honi buruz. Tamayuzen semea Newmarketen erdipurdi debutatu ostean Sevillan bi karrera irabazi ditu jolasean zebilela, ohartu gabe. Orduko loteak ere ezin eskasagoak ziren, dena esanda. Madrilgo Opcionalean despistatu eta hirugarrenarekin konformatu behar izan zuen. Prestakuntzazkoan berriz oso erraz nagusitu zen propio fitxatutako Joli Coup, Merano eta Prince de Galles motelen aurrean. Han ere zabaldu egin zen fundamentu gutxirekin errematatuz, baina baita erritmo aldaketa interesgarria erakutsi zuen. Balorazio baxua du oraingoz. Dohainak nabari zaizkio baina oso umea da. Anayak Another Day of Sun (Poule 2018) diseinatutako ibilbide bera. Larre motzeko frantses hauen kontra jolasetarako zirrikiturik ez diote utziko. Kotoiaren proba pasa behar du.

07 MAGIC WARRIOR (IRE). (Kodiac eta Alkhawarah) J. GELABERT (35 BH)

Zurrumurrua. Oso ondo entrenatzen ari omen da eta bere ingurunea bero omen dabil. Irabazlea da Ingalaterran 1.200 metrotan. Sei hilabeteko atsedenaldiaren ondoren Portalmari izerdiarazi zion Madrilen, lau kilo gehiagorekin. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Orain 100 metro gehiago egin beharko ditu, normalean distantzia laburragoak egin dituenean. Sorpresa izan daiteke.

08.-MERANO (FR) (Fast Companu eta Disappointing) V. JANACEK (36,5 FR)

Rocio behortegiaren azken orduko erosketa proba honetan parte hartzeko. Aurretik Rougeten ikuilukoa zen. Honek herriz-herri ibili du saldu nahiean (Tarbes, Tolosa, Cagnes…) erdipurdiko karrerak irabaziz. Ez du maila handirik erakutsi eta Madrilen, berragerpenean, berdintsu. Arizkorretaren scouting taldea fin dabil azkenaldian, baina agian honekin prezipitatu egin dira. Konfidantzarik ez.

09 SHAKARAH (FR) (Profitable eta Serious Downth) I. MELGAREJO (36 FR)

Duela bi hilabete debutatu zuen eta beste bi karrera korritu ditu bakarrik. Azkenekoan kokatu da eta suposa daiteke hobetzen jarraitu beharko lukeela. Delcher Parisetik datorren bakoitzean beldurgarria da, baina oraingoan gehiago dirudi Inishnne faboritoaren bidailagunarena egitera datorrela beste ezer baino. Esperientzia falta zaio. Ez dugu ikusten aurrean.

10 SHANGRI LA (Oasis Dream eta Double Lady) C. CADEL (34,5 ESP)

Asko korritu du eta ez dugu sorpresarik espero bere aldetik. Odriozolari ilusioa egingo dio Poulean parte hartzeak baina zaila du aurrean egotea. Bertan aritu diren gehienek gainditu izan dute eta ez dugu aldaketarik espero. Ez.

.

11 TURCO (Late Telefraph eta Amorebieta) J. ZAMBUDIO (32 ESP)

Zaldi zintzo eta saiatua, loteko baliorik baxuena du. Estatuko hazleen ordezkari, berari dagokio bertakoen “ohorea” defendatzea. Oraintxe irabaztetik dator Zubietan baina oso bestelako konpainian. Honek ere kale.

Gure hautua: 03 EL OJANCANO – O2 CATAPUM – 07 MAGIC WARRIOR – 06 MAAMUR

VALDERAS SARIA (moxal emeen Poule-a). 1.600 m.

01 ATLANTA (FR) (Olympic Glory eta Petite Patch). F. VERON (33 FR)

Prestakuntzazko Atlantidan urrutitik begiratu behar izan zion Samedi Rieni bigarren izateko. Frantzian ez du apartekorik erakutsi baina azkenekoetan hobekuntza ikusi zaio. Edozein ildo hartuta ere urruti dagoela iruditzen zaigu. Kalitate handiko arerioak ditu. Ez dugu espero.

02 CASILDA  (Noozhoh Canarias eta La Copa) C. OSPINA (36 ESP)

Estatuan jaiotakoen artean ez du parekorik izan. Estilo politarekin irabazi ditu hiru karrera. Berragerpenean Samedi Rienengandik oso urruti iritsi zen. Bere errematea probestu dezake erritmoa oso eroa bada. Baina halere, gehienez, azken kokapena harrapa dezake. Faboritoen azpitik dagoela iruditzen zaigu.

03 DEJA VU (FR) (Mehmas eta Mohicane) R. RAMOS ( 34 FR)

Oso fidagarria eta saiatua. Bere lau karreretan beti kokatu da. Madrilen egindako berragerpenean Nasaab gainditu zuen, Colosal arrak irabazitakoan. Ez dugu faboritoen mailan ikusten baina ez da lotsagarri geratuko.

04 DIVA VICTORIA (FR) (Recorder eta Rawya) J.L. MARTINEZ (38 FR)

Rouget ohia, Cagnesen irabazi eta erosi egin zuten C. Delcherren ikuilurako. Distantzia laburragoetan ondo moldatu da, bereziki hondarrean. Beti kokatu izan da bere zazpi karreretan. Profesionala eta dakarren balioarekin ezin dira berarekin ahaztu. Faborito nagusienen itzalean.

05 INCREDIT (GB) (Profitable eta Dame Helen) N. DE JULIAN (38 ESP)

Esaten dutenez, bere zeregina Nasab bere kidearentzat erritmo bizi bat jartzea izango da. Deauvillen irabazlea da 1.300 metrotan. Atlantidan Samedi Rienengandik oso urrun sartu zen. Ez diogu arriskurik ikusten. Bere ikuiluko bigarren aukera da.

06 INISHNEE (IRE) (Al Wukair eta Al Kirana) R. SOUSA (44 FR)

Abenduan egin zuen debuta. Bakarrik 5 karrera ditu. Pausoz-pauso hobetzen joan da, salmenta karreretatik graduko karreretara jauzi eginez. Martxoan, Saint-Cloudeko Listedean, bosgarren egin zuen irabazlearen gorputz terdira. Apirilean, Longchampen, 3G lehiakor batean laugarren izan da, hobetuz, arerio beretsuekin berriz. Goraka dator. Aurrean izan zituenek Frantziako klasikoak dituzte jomugan. Eta honek, ikusmira hegoaldean jarri du, sari potolo hau errazago duelakoan. Distantziarekin arazorik ez. Delcher-Maldonado bikoteak Poulea irabazi zuen 2018an Kodiak West-ekin. Honen ibilbidea ia-ia errepikatzen ari dira. Oso ona izan behar da bera gainditzeko. Faborito nagusia.

07 JAMILA (FR) (Triple Threat eta Rampoldina) J. GELABERT

Marc Comasek bera aukeratu du proban parte hartzeko. Ontzat omen du. Samedi Rienen bigarren izan zen martxoan, distantzia laburrean. Arren kontra ibilbide zikina izan zuen eta laugarren geratu zen miliara igotakoan. Guk uste dugu askoz hobeto egin zezakeela, oraindik hobekuntza handia baitauka. Erremate luzeko behorra dirudi eta, karrera espero den bezain gogor korritzen bada, azken orduko bere azelerazio luzea balia dezake zeozer arrantzatzeko. Azken kokapenen bat eskuratzen sorpresa eman lezake.

08 NASAB (GB) (Ribchester eta Nawaasy) B. FAYOS

Rohaut ohia. Bakarrik Madrilen egindako berragerpenean galdu du, Colosal eta Deja Vue-ren atzetik. Ondoren bi karrera ertain eskuratu ditu nagusitasuna erakutsiz. Baina ez du inor aipagarririk mendean hartu. Incredit bere kideak karrera gogortuko omen du berarentzat. Itxura polita erakutsi du bere garaipenetan baina uste dugu zertxobait falta zaiola loteko onenen mahaian eseritzeko. Kokapen bat bai, eskura du.

09 PORTALMA (IRE)  (Churchill eta Portraval) C. CADEL

Debutatu zuenetik ikusmina sortu du bere inguruan Churchillen alaba honek. 145.000 € ordaindu zuten berarengatik. Bere belaunaldiko garestiena. Uztailean La Testen debut lasaia, abenduan Madrilgo hondarrean paseotxo bat eta martxoan Magic Warrior borrokalaria gainditzetik dator klasea eta fisiko ikusgarria erakutsiz. Su txikian ondutako txapelduna izan daiteke, garai batean bezala urrutitik planifikatutako ibilbide batekin. Ez oraingo erreklamarretako prêt-â-porter estilokoa. Orain arte ez du inor aipagarririk gainditu baina trazak ikusten zaizkio eta baita potentziala iradoki ere. Agian goizegi datorkio hitzordu hau eta seguru distantzia gehiago eskertuko lukeela, baina berarekin txundituta gaude eta ez ginateke harrituko irabazten ikusiko bagenu. Olavek harribitxi bat du esku artean. Inishneeren parean jarri eta ikusiko dugu ea zeinek duen dizdira gehien.

10 SAMEDI RIEN (IRE)  (Bated Breath eta Pantile) V. JANACEK (41 FR)

Hau ere ez da makala. Hemen bai, Arizkorretaren ikuskatzaileak fin ibili dira. Frantzian F. Rossiren aginduetara goiztiartasuna eta abiadura erakutsi zuen bere lehenengo bi probak irabazten ekainean Salon de Provence eta Marsellan. Listedera jauzi egin eta ez zen kokatu oso lote gogorrean. Kategoriaz jaitsi eta erreklamar bat irabazi zuen Fontaineableaun, hau ere 1.200 metrotan. Han Arizkorretak erosi eta ondoren Madrilen bi paseo txundigarri utzi ditu 1.400 metrotan, apenas izerditu gabe. Inor garaitu gabe, baina zinez txundigarri. Ez da sekula miliara igo, baina irabazteko moduarengatik ez dirudi arazorik izango duenik. Hemen oraindik inork ez du estutu eta ikusi beharko dugu ea nola erantzuten duen larrialdian. Distantzia egiten badu, irabazteko gai ere izan daiteke.

11 TAUROMAQUIA (IRE) (Belardo eta Inchelle) L. FONSECA

Debutean irabazi zuen Madrilen azaroan. erdipareko lote batean. Berriki berragertu da Samedi Rienen Atlantidan, borrokatik oso urruti. Jaka berri honek ilusioa izango du hitzordu handietan presente egoteko baina bere aukerak hemen oso urriak dira. Beste kategoria batekoa da.

12 XAY XAY  (Pedro The Great eta Adeca) I. MELGAREJO (32, 5 ESP)

Txoro-txoro 3 karrera irabazi ditu bere bost agerraldietan. Iaz estatuan jaiotakoen artean bakarrik, baina aurten Opcionala ere irabazi du pisu arinari esker, sekulako erremate luzea erakutsiz. Sorpresa handia eman zuen orduan. Hemen topatuko dituen erreginak ez ditu eskura. Baina Poule-a bizitzan behin korritzen da eta guk sinpatia diogu. Badakigu ezinezkoa duela, baina ea huts batzuk aprobetxatzen dituen.

Gure hautua: 09 PORTALMA – 06 INISHNEE – 10 SAMEDI RIEN – 07 JAMILA

Espainiako Poulei frantses lurrina darie

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top