zaldilasterketak.eus

COVID-19 pandemiak horrela utzi digu panorama munduan zehar

Lehenengo postean, egoera gurean zein den ikusi dugu baina atari honen ikusmira nazioarteko Turf onenari begira ere dagoenez, herrialde nagusienetan egoera zertan den aipatuko dugu. Egunetik egunera informazioa aldatu eta eguneratu egiten den arren, gaur gaurkoz egoeraren laburpen bat osatu dugu.

Laguntza moduan ere, gure Egutegia atala kontsultatu daiteke. Oraingoz konfirmaturiko datak daude bakarrik eta herrialdez herrialde osatuz joango gara egoera hobetzen eta argitzen den heinean. Espero dezagun ahalik eta azkarren izatea, denon gozamenerako.

Frantzia

Zaldi lasterketak Frantziako industriagune garrantzitsuenetako bat izateagatik lortu du baimena martxan hasteko, eta dena ongi, maiatzaren 11an bandera urdina altxako da. Longchamp, Compiegne eta Tolosan 1.000 matrikulaziotik gora jaso dira lehenengo egun horretarako. Kalitate handiko sari nagusi ugari egongo dira Longchampen astelehenean bertan eta ez dira faltako hesi-lasterkari onenetako batzuk Compiegnen ere.

France Galopek bere programa berantolatu du, egutegi klasikoa egokituz, Pouleak ekaina hasieran, Jockey Club eta Diane egun berean (uztailak 5) eta G.P.Paris irailaren 13an. Dirusariak jaitsiko dira orokorrean baino nabarmena izango da lasterketa gorenetan, %30 eta %40 tartean.

Britainia Handia

Britainia Handian ez dute lortu oraindik lasterketen bueltarako data finko bat ezartzea. Baimena lortzen den momentutik, astebetean martxan jartzeko baliabide guztiak dituztela azaldu du BHA autoritateak. Programa eraberritzeko lanean dihardute eta ezer finkorik gabe, saiakerazko egutegi bat publikatu dute. Programa orokorrarekin zalantzak dauden bezela, argi utzi da Royal Ascot bere horretan ospatuko dela ezarritako datetan, ateak itxita izan behar baldin badu ere.

Irlanda

Turf irlandarrak bere gobernuak noiz baimenduko zain jarraitzen du. Konfinamendua bertan maiatzaren 18ra arte luzatuko da, eta kirol-ekitaldiak, baita ateak itxita ere, debekatuta egongo dira hirugarren fasea hasi arte (ekainaren 29a). Horse Racing Ireland erregulatzaileak, zaldi lasterketen industriarekiko politikarien babesa duela dirudi eta berrabiatzeko lanak hasiak dira dagoeneko, ekainaren 8an hasteko asmoarekin, noski ateak itxita.

Alemania

Pasa den maiatzaren 7an hasi dira lasterketak. Egun batzuk lehenago hasteko asmoa zuten baina tokian tokiko baimenak ez dituzte lortu egun honetara arte.

Estatu Batuak

Zenbait estatutan ez dira lasterketak gelditu, Floridako Gulfstream Park eta Tampa Bay adibidez, ateak itxita jarraitu dute. Kentuckyn ekaina hasieran hasteko prest daude eta Californian oraindik ez dago argi etorkizuna epe motzean. Egutegi klasikoa berrantolatu dute Irailean zehar kokaturik. Azaroko Breeders’ Cup ospetsua bere horretan izango dela jakinarazi dute. Zaldirik onenak agenda estua izango dute udaratik aurrera.

Japonia, Hong Kong eta Australia

Hipodromoko ateak zaletuentzat itxiz, ekialdeko Asia eta Australiako egutegiak normaltasun osoz jarraitu dute. Japonian lasterketa klasikoak ospatzen hasiak dira eta Derby zein Oaksari begira daude jada.

COVID-19 pandemiak horrela utzi digu panorama munduan zehar

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top