zaldilasterketak.eus

Glorious Goodwood 2020, analisiak.

Ingalaterrako Uztaila bukaerako lasterketak nagusiak hegoaldera egiten dute bidai, Chichester aldeko Goodwoodera, hipodromo dotore zein xelebrea. Pista bitxia dauka benetan: ezker zein eskubirantzako bihurguneak, aldapa malkartsuak eta bukatzeko azken zuzengune lau eta azkarra. Sprint lasterketak aldapa behera lausoan hasten dira.

Eskakizun ezberdinetara ondo egokitzea eskatzen duen ibilbidea da eta zaldiek giharretan elastizitate bikaina izan behar dute, bere indarrak xahutuak izan ez daitezen azken zuzengunera iritsi aurretik.

GOODWOOD CUP 3219m

Ascoteko Urrezko Koparen ondoren, stayer edo fondisten txanda iritsi da berriro eta nola ez STRADIVARIUS agertzen zaigu faborito nagusi bezela, laugarren aldiz lasterketa honetan garaile izateko asmoarekin. Egia esan, egun honetako aurkariak berriz ere aurreko lasterketetako beretsuak dira eta ez dirudite etsai oso lehiakorrak direnik, STRADIVARIUS bere betiko mailan azaltzen bada behintzat. Hala ere, elementu berri bati egin beharko dio aurre oraingo honetan, Irlandar Derbyko garaile izan zen SANTIAGO 3-urtekoari ia 7kg-ko aldea eman beharko dio (Stradivarius 61,2kg eta Santiago 54,4kg). Ez da alde makala Irish Derbywinner baten alde, baina aurtengo edizioa ez dirudi ona izan denik inondik ere.

IRAGARPENA: STRADIVARIUS

SUSSEX STAKES 1609m

Lehen aukera 3 urteko miliari onenak zaharrenen aurka ikusteko. Ikusmin handiko lasterketak izaten dira hauek eta aurtengoak ere itxura ezin hobeagoarekin datorkigu. Analista batzuk ez dute durarik izan “urteko lasterketa” bezala izendatzeko. Oraingoz behintzat, hala dirudi.

3 urteko nabarmenenak

KAMEKO Futurity irabazi zuen 2 urterekin eta garaipen sinesgarri bat lortu zuen Gineetan. Faborito bezala iritsi zen Derbyra, baina ondo garaituta egon zen. Miliara itzultzen da, bere 1G garaipenak izan ziren distantziara. Lehiakide sendoa.

SISKINek lasterketa guztiak irabazi ditu, 1200 metrotan 2 urterekin eta Irlandar Gineak (1609m) berragerpenean 10 hilabeteren ondoren. Erritmo aldaketa bikaina erakutsi du beti eta itxura guztia dauka Goodwooden gustora arituko dela. Gure faboritoa.

Zaharrak

CIRCUS MAXIMUS bigarren izan zen iaz. Aurten garaipena lortu zuen Royal Ascoten 1G mailan eta nahiz eta erritmo aldaketa handiko zaldia ez izan, bihotz eta kemen handia du. Garaipenerako borrokan seguru.

MOHAATHER gutxi lastertutako zaldia da. Circus Maximusen garaipenean Ascoten ezin izan zuen bide librerik topatu zuzengune osoan eta ondoren garaipen ikusgarria lortu zuen 2G batean Ascoten bertan, erraztasun handiz. Horren ikusgarria izan zen garaipena, lasterketa honetarako bigarren faborito bihurtu dela. Adi.

IRAGARPENA: uste osoa dugu belaunaldi berriak aurrekoak hobetzeko datozela, beraz SISKIN – Kameko – Mohaather

Glorious Goodwood 2020, analisiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top