Ioritz Mendizabal (Oiartzun, 1974) harrapatu dugu Bordelerako bidean. Maiatzaren 23a da, larunbata. Euria ari du. Kotxean doa, COVID-19aren pandemiaren egun hauetan ez baitago trenik edo hegazkinik. Le Bouscateko hipodromoan lau lasterketetan du hitzartua bere parte hartzea. Bere jockey lana betetzeko Frantzia zeharkatzen dabil bere autoarekin. “Ohituta nago. Nahiago dut hegazkinez joatea, baina besterik ez dagoenean….”.
Pandemiaren momenturik latzenak pasa ostean, arestian lasterketei berrekin diete Frantzian. Ordutik han-hemenka dabil, errepidean, hipodromoz hipodromo: Tolosa, Marseila, Chantilly, Angers, Salon-de-Provence, La Teste, Paris, Lyon, Vichy…ehundaka kilometro egunero, lanbide duen zaletasuna asetzeko. Gustuko tokian…

- Nola bizi izan duzu azken hilabeteetako egoera berezi hau?
Egokitzen bizitza berri honetara. NIri ondo etorri zait, normalean familiarekin gutxiago egoten naizelako eta bi hilabete hauek oso ondo etorri zaizkit. Gogoa lasterketetara joateko bai, baina tarte hau oso ondo aprobetxatu dut.
- Forma eta pisua mantentzeko nola egin duzu?
Oso ondo eraman dut. Kontu handiarekin ibili naiz, ia egunero korrika egitera joan naiz. Arazoa hori izaten da, hainbeste denbora karrerarik gabe hiru-lau kilo hartzeko arriskua eta gero problema galtzeko. Ni oso kontuz ibili naiz eta horrekin kontent.
- Frantzian hasi dira lasterketak, nola moldatzen zarete maskarilekin, dutxak ezin erabili…
Horiek problema txikiak dira, moldatzen gara. Karrerak bukatzen direnean ez dago ez hotelik, ez jatetxerik… ahal dugun moduan egokitzen gara, gela batean dutxatu eta abar. Xehetasun txikiak dira, ez dira oso garrantzitsuak.
- Nolako sentsazioa sortzen du guztiz hutsik dagoen hipodromo batean aritzeak?
Hipodromo batzuetan ez da giroa asko aldatzen, normalean jende gutxi doalako, adibidez Tolosan gauez diren karreretan. Beste batzuetan, adibidez La Testen bai, jende dexente biltzen delako. Baina, egia esan, norbera kontzentratuta dagoenean, bere zaldiaren gainean, gauza gutxi aldatzen da.
- Konpetitiziora itzulera nahiko azkarra izan da Frantzian. Zer iruditu zaizu?
Ni ez naiz objetiboa horretan. Nik hori nahi nuen eta ez dakit esaten ondo egin duten edo gaizki egin duten. Ni kontent nintzen berriz lasterketak hasteagatik. Nire lana da eta gustoko zaletasuna. Ezin naiz objetiboa izan.
- Gaur egungo zure egun normal bat nolakoa da?
Aste hau pasa dut osorik errepidean. Trenik eta hegazkinik ez dago eta bidaia asko eta luzeak ditut. Oraintxe zuekin hizketan errepidean nago. Atzo Lyonen nintzen eta gaur Bordelen. Alde batetik bestera, momentu honetan mugitzea ez da erraza, baina ez gara kexatuko. Kotxea ez zait asko kostatzen, kafetxo bat eta txokolate piska batekin kilometroak posible da egitea.

- Bidaia guzti horiek normalean agenteak antolatuko dizkizu, ezta?
Agenteak nire zaldiak bilatzen ditu, baina bidaiak neronek antolatzen ditut. Normalean agenteak egiten du, baina nire kasuan nik beti nire bidaiak antolatu izan ditut. Nahiago dut horrela, umeak ikusteko tartetxoak atera ditzaket horrela. Gaur egun mugikorrarekin dena antolatu dezakegu, txartelak, kotxeak alokatu, hegazkinak… txarra naiz teknologiarekin baina horretarako moldatzen naiz.
- Aurten ez zinen oso fuerte hasi, baina itzulera honetan garaipenak lortzen ari zara. Nola ikusten duzu zure burua denboraldi honetan?
Ni ez naiz proiektatzen. Eguneroko lana egiten dut etortzen den bezala ez dut gerokoa begiratzen. Ez daukazunean ikuilu fuerte bat ezin duzu proiekzio handirik egin. Niretzat inportanteena da zaldi-jabe bakoitza kontent egotea, berdin zait karrera ona edo txarra izatea, jabe bakoitzarentzat eguneko hori da lasterketa inportantea eta bere satisfakzioa bilatu behar da. Horretan zentratzen naiz.
- Aurtengo lasterketa nagusietarako ba al daukazu zaldirik aukeran?
Ez. Joaten naiz begiratzen gauza momenturo nola doan baina gaurkoz ez daukat ezer jasota.
- Frantziako entrenatzaileen artean badirudi belaunaldi aldaketa bat datorrela, zaharragoak (Rouget, Fabre, Pantall, Dupre, Laffon…) ordezkatzera datorrela beste belaunaldi gazteago bat (Chappet, Pia Brandt, Graffard…) eta gainera internazionalizatu dela entranatzaileen panorama (Marcialis, Shimizu, Guarnieri, Botti…). Somatzen al duzu aldaketa?
Entrenadoreen lan egiteko modua beste arlo bat da , ni ez naiz hor sartzen, Nire arduretatik kanpo dago, gutxi ezagutzen dut hori. Badakizu urte batetik bestera asko aldatzen direla ikuiluak, entrenadore bat forman dagoenean bere ikuilu osoa gora etortzen da. Gu egokitzen joaten gara eskatzen diguten horretara.
- Ikusten al duzu zure burua entrenatzaile?
Ez. Seguru ezetz. Argi eta garbi. Beste mundu bat da. Entrenatzaileek kristoren meritua daukate. Nik neure burua ez dut hor ikusten.
- Badira urte pare bat jockey nesken deskargoa martxan jarri zenetik. Nola ikusten duzu neurri hau?
Oso neurri txarra iruditzen zait. Ikusten ari naiz mutiko gazterik jadanik ez dagoela eta hori ez da normala. Normalean Frantzian beti daude 3-4 jockey gazte punta-puntara iristeko bidean, baina orain ez. Orain entrenadoreek neskak bilatuko dituzte beren deskarguarengatik eta logikoa da, baina ez dituzte formatuko jockey onak. Emakumezkoak lanean berdintasuna eskatzen dute, baina niri kasu honetan egin dena ez zait logikoa iruditzen. Jockey neskak lan berdina egiten ari dira baina lau kiloko abantailarekin. Hori ez da berdintasuna.
- Ustaren erabileran gero eta muga handiagoak jartzen ari dira. Gaur egun jockey batzuk kritikatzen dira gogorrak direlakoan, garai batean normaltzat joko zirenak. Zer iruditzen zaizu? Ikusle arrotzari begira egindako neurri bat den? Zaldi baten errendimendua asko aldatzen da 6 edo 10 ustakada izan?
Nik hartutako neurria ondo ikusten dut. Kopurua pixka bat jaitsi eta animalia kontuan hartzea oso ondo dago. Ez da muturretara joan behar, oraingo ustek ez baitute minik ematen. Baina norabide onean dagoen neurria iruditzen zait, animalia babeste aldera.

- Kodearen interpretazio berri bat egiten da gaur egun Frantzian, Ingalaterra eta Irlandako irakurketara hurbiltzen dena. Beharra zegoen? Egokiago ikusten duzu?
Kirol ikuspegitik nik hobeto ikusten dut kode berria. Onenak irabaz dezala. Lehen Frantzian, nahiz eta irabazi eta laugarrenari kaltetu, posible zen distantziamendua egitea. Horregatik aldaketa ondo ikusten dut.
- Longchampen “open strecht” delakoa probatu zen iaz, ez dakit aurten jarraituko den erabiltzen. Nola ikusten duzu?
Asko aritu dira horretaz, jarri, kendu, jarri…. Kritika asko egon da baina nik ondo ikusten dut. Kirol aldetik onura bat dela uste dut, zaldi onenarentzat irabazteko aukera gehiago sortzen da horrela, itxita gelditzeko aukera gutxiago. Longchampen normalean barrutik etortzea da onena, kanpotik etortzea kalterako izaten da. Beti horrela izan da, ez dakit zergatik, baina horrela da.
- Azkenekoz 2011n izan zinen hemen, Zubietan, Criterium Internazionalean Albret (G. Arizkorreta) gidatzen. Nola ikusten duzu hemengo hipodromoaren egoera?
Orduan etorri nintzen Gillermoren bitartez (Arizkorreta), dakizuen bezala oso lagun ona da eta etortzeko eskatu zidan. Oso gustura etorri nintzen. Espero dut, bihotzez, horko hipodromoa gora joatea, kristoren afizioa dago eta. Entzun dut denboraldia laster hasiko dela eta hori oso pozgarria da. Bestela, dagoen afizioa ikusita, kristoren kaltea izango litzateke. Oso inportantea da martxan jartzea, nahiz eta sariak zertxobait murriztu. Oso inportantea da diru aldetik baina baita moralki.
Arratsaldeko bostetan, lasterketak amaitu dira Bordeleko Le Bouscat hipodromoan. Bere gauzak kotxean sartu eta beste 200 bat kilometro etxera, gustokoen duen momentuaz gozatzeko. Lau lasterketetatik bitan irabaztetik gertu izan da gaur, bigarren, eta beste batean hirugarren. Bihar jai, baina astelehenean Châteaubriantera. Beste 600 km.
Irabazleen Paddocka
- Zure jockey dohairik onena?
Ez da erraza norberaz hitz egitea. Nik uste gustatzea norberak egiten duen lana. Hori dela.
- Hazterakoan nor zan zure idoloa?
Txikitan Claudio Carudel. Eta geroxeago, Cash Asmussen.
- Jockey hasi berri bati, zein aholku emango zenioke?
Dietista batengana joatea. Umea nintzela aitak batengana eraman ninduen Oiartzungo mediku batengana, Bidaurrezaga. Bost minutu izan ziren baina, nire bizitan, izugarri lagundu dit horrek.

- Zein da edo nolakoa da zure leku perfektua, gehien disfrutatzen duzun hori?
Egun on bat pasa eta etxera bueltatzen naizenean umeak ikustera.
- Zure zaldi kuttunena?
Izango dira 1G irabazitako zaldiak… baina bat esatekotan Columbus esango nuke (Ramon Avialena). Arrunta zen, ez sari handietakoa. Bihotzezko zaldia izan da.
- Zein da zure hipodromo faboritoa Frantzian?
Segun zein zaldiekin irabazten dudan (kar, kar…). Ez daukat faboritorik.
- Zure hipodromo faboritoa munduan?
Bakoitzak ditu bere kutixiak baina ez daukat bat faborito esateko.
- Gaur egungo zaldi baten jockeya izateko aukera bazenu, zein aukeratuko zenuke?
Frankel ikusita, horrelako bat gustatuko zitzaidan. Gaur egungoak ikusita ez dakit zein izango litzatekeen. Gainera lasterketak geldituta egon direnez, zaila egiten zait esatea.
- Nola prestatzen zara egun handietarako?
Egun arruntetarako bezalaxe. Berdin-berdin. Ez da ezer aldatu behar.
- Zerk mantentzen zaitu motibatuta edo pizten zaitu?
Gustoko izatea egiten dudana. Beti esaten dut egunen batean despertadorea jo eta gogorik gabe jaikitzen banaiz, egun horretan utzi egin behar da, bukatu behar da.
- Urruti ikusten duzu egun hori?
Nik oraindik ez diot galdera hori egin nire buruari. Ikusiko dugu.
- Azken metroetan zein jockey da buruz-burukoan zailena?
Olivier Peslier.
- Etorkizuneko jockey bat.
Gazteen artean uste dut Thomas Trullier ondo dabilela.
- Alabekin euskaraz egiten al duzue?
Ez. Hori da nire problema, kostatzen zait pixka bat hitz egitea. Nik egunero hitz egiten dut amarekin. Nire lehenengo alabari euskaraz egiten nion ikusten nuenean. Orain gehixeago baina lehen oso gutxi ikusten nuen. Bi urte terdirekin esan zidan gehiago ez egiteko ez zidalako ulertzen. Kristoren pena ematen dit horrek.