Azkena eta bagoaz. Gure karrera zaharrenarekin: Donostiako Sari Nagusia. 107. edizioa izango du aurten fondisten hitzordu kuttun honek eta dizdira bereziko zaldi-sorta bat bilduko du. Iazko Urrezko Kopako hirukokoak alegia: Il Decamerone, Philau eta The Way of Bonnie. Azken hiru Kopak ere hortxe dira. Jardunaldia ordutegi klasikoan (igandez 17:30ean) hasiko da eta espero daiteke, bero hauekin, pista lehortze aldera egingo duela. Gu behintzat premisa horrekin abiatuko gara gure analisian:
1. Lasterketa (17:30): Kirola txartela (handikap 1. zatia). 1.400 m
05 BAADIRRek azkenekoan falta izan zitzaizkion bi aliatu izango ditu berriz: Borja Fayos eta pista lehorragoa. Parametro horiekin azkenaurrekoan erakutsi zuen oraindik handikapean zeresana baduela. Agian metroren bat faltako zaio baina bere betiko uda borobildu behar du oraindik. 01 NORDESTEk eskala basatiekin korritu du azken bietan (71 kg eta 65,5 kg). Nahi eta ezin. Orain, deskarguari esker, zama eramangarria izango du eta handikapean ondo kokatuta ikusten dugu. Gaur bai. 03 EL SOKHNAk badirudi lokatzetan zeozer hobetu duela azkenekoan, dezepzio askoren ostean. Arinegia iruditu zitzaigun hobekuntza ttipi hori. Ez gara fidatzen
Gure hautua: 05 BAADIR – 01 NORDESTE.
2. Lasterketa (18:00): Amateurren Espainiako Kopa (jockey amateurrak). 2.000 m
Amaterurren Kopa honetako sailkapena ikusi besterik ez dago frogatzeko Oscar Anaya topera doala 02 PEAKY BLINDERSekin sariaren bila. Kopako aurreko karrera guztietan korritu du eta liderra da. Relaño bere jockeya bigarren. Argi dago entrenatzaile argentinarrak mira teleskopikoa erabiltzen duela bereak matrikulatzen. Ez du hutsik egiten. Anaya-tiro-pum! 03 GAHERISek ongietorria eman nahiko dio Odriozola bere patroiari. Pista sakonagoa beharko luke agian, baina etxean eta distantzia honetan seguru aurrean izango dela. Bere jockeyarekin irabazitakoa da hemen. Elarreren 05 ONE MORE NIGHT lotu xamar dabil handikapean. Baina distantzia egokia duen bakarrenetakoa da. HIrukoa osatzeko.
Gure hautua: 02 PEAKY BLINDERS – 03 GAHERIS
3. Lasterketa (18:30): Donostiako Sustapena (2 urteko moxal ez-irabazleak). 1.600 m
Distantzia pittin bat luzatu eta milian arituko dira aurrenekoz 2 urteko hauek. Lotean ez dago asko nabarmendu denik eta pronostikoa ez da erraza. Gehien iradoki duena 03 SASKATOON da. Buruz-buru borrokan aritu baitzen argazkian Labaska-ren kontra galdutako karrera hartan. Ondoren, Kriteriumean, ez genuen bere arrastorik ikusi. Hobekuntza duela dirudi eta horri heldu beharko diogu. Sousaren bermearekin. Ion Elarreren 05 DANTZARIAk kokapen interesgarri pare bat dauzka Frantzia hegoaldean baina benetako lehian sartu gabe. Lotea ahula da eta bere esperientzia aprobetxatu beharko luke. Marc Comasen 07 SELAHrengandik zeozer gehiago espero genuen bere lehenengo hiru karreretan, Barañainen alaba izanik. Ea distantziaren luzatzeak motibatzen dion. 09 PADMEk Behortegi Donostiarraren jaka mitikoa aterako du berriz Zubietara. Horregatik bakarrik arreta jarriko genioke, baina gainera ondo entratzen ari omen da. Hemen ez da askorik behar….
Gure hautua: 03 SASKATOON – 09 PADME – 05 DANTZARIA
4. Lasterketa (19:00): Aratz erretegia (2. zatiko handikapa). 1.400 m
08 MANIOKA oso gustura aritu zen aurreko egunetako pista sakonetan bere pisu-lumarekin. Gorantz jarrai dezake baina gaurkoan ez du bere lokatz maitea aurkituko. Forman. Zalantzak. 02 MISTER KOOL uda oso erregularra betetzen ari da antzeko karreretan (3,4,3). Barru-barrutik ohiko ihesaldian saiatuko da berriz Alexia Lucas donostiarra. Distantziaren laburtzeak agian lagunduko dio urertzera iristen. Arriskutsua berriz. Azkenekoetan uste dugu 01 KATARAri ez diola batere mesederik egin lokatzak. Hala eta guztiz ere, aurreko igandean Diva Victoria-ren aurretik sartu zen. Hau lurrazpiko bigarren zati bat da eta berak, gure ustez, kategoria pittin bat gehiago badu. Deskargu laguntzailea, baina agian distantzia laburregia. Gure faboritoa. 04 HOLLOKO krisian dabil aspaldi. Gure pistan erloju bat izan da udarero baina aurten, jada 8 urterekin, agian erretretaren ordua gerturatzen ari zaio. Dena den, azkenekoan oso gertu ibili zen eta gaurkoan lehorrarekin eta Janacekekin, seguru hura hobetuko duela. Hortxe.
Gure hautua: 01 KATARA – 04 HOLLOKO – 02 MISTER KOOL
5. Lasterketa (19:30): 107. Donostiako Sari Nagusia. 2.800 m
01 IL DECAMERONE. Ricardo Sousa. 60,5 kg (Zalditegia: Rezaa Pazooki / Entrenatzailea: Oscar Anaya)
Historia egin du azken bi Urrezko Kopak irabazten. Inork ez genuen fondisten artean hemen espero, izan ere Koparen distantziara iristeko (2.400 m) nahiko lan zuelako. Bere distantzia ideala 2 kilometroren bueltan baitago. Baina bere entrenatzaileak dio inoiz ez bezala dagoela, korritzeko irrikitan eta distantziara iritsiko dela. Horregatik berrengaiatu dutela. Anaya dixit. Soberan ezaguna da argentinarraren punteria. Ez gara gu izango hark esandakoei kontra egingo diotenik. Berarekin, entzun eta ikasi. Beti. In Anaya we trust.
02 BEL ARISTO. Diego Sarabia. 59 kg ( Zalditegia: Rio Cubas / Entrenatzailea: Enrique Leon)
Honek bai birikak. Distantzia arazorik ez. Berez, Listed irabazitakoa da 2.800 metrotan. Hori 2021ean zen, 46 balioa zuenean. 1GR ere korritzera iritsi zen gazte garai haietan. Sarabiak erosi duenetik ordea, sei karreretatik hirutan erretiratu egin dute. Ez da seinale erakargarria. Eta beste hiruetan apenas atera da atzeko postuetatik. Bere onenak aspaldi emandakoa dirudi eta jockey amateur baten gidaritzak ez du ere bereziki animatzen. Argi izpirik ez. Berpizkundeetan sinisten dutenentzat.
03 DEFINED. Denis Ferreira. 59 kg. (Zalditegia: Rocio / Entrenatzailea: Guillermo Arizkorreta)
Iaz hirugarren egin zuen, bere nagusiarentzako (The Way of Bonnie) lan zikina egin eta gero. Aurten ez dabil bat ere fin eta bere 43ko balio hartatik, gutxienez 3-4 kilo jaitsi da. Salmenta karrera batetik dator, Clairefontainen, daraman beheranzko ildo grisean sakonduz. Bere nagusiarentzat lan egitea egokituko zaio berriz. Morroi.
04 FINELY TUNED. Jaime Gelabert. 59 kg. (Zalditegia: E. Fdez. de Vega / Entrenatzaile: Jesus Lopez)
Arnas luzeko zaldia. Ez du faboritoen balioa (39,5) eta ez du apartekorik erakutsi Zubietan, nahiz eta hirugarrena izan 2021eko edizioan. Madrilgo Sari Nagusian oso gaizki korritzetik dator eta ez diogu ikusten ezer hemen arriskutsua izateko. Ez zaigu gustatzen.
05 PAPER TROPHY. Gary Sanchez. 59 kg. (Zalditegia: Christophe Pierrou / Entrenatzailea: Ramon Avial)
Hau ere maratoizalea. Bere inoizko sasoirik onenean dabil (40 balioaren bueltan), azken bi karrerak irabaziz Frantzian (Parisen eta Pompadourren). Iazko udan bi Quinté irabazi zituen jarraian distantzia luzeetan. Ez da sari handitan ibilitakoa, horretarako punttu bat falta zaiolako. Baina bere forma eta birikak gutxik dituzte. Ez du Zubieta ezagutzen. Faboritoen hutsen esperoan.
06 PHILAU. Borja Fayos. 59 kg ( Zalditegia: Alex y Sofia / Entrenatzailea: Patrick Olave)
Honek ametsgaiztoak izango ditu 01 IL DECAMERONErekin, Urrezko Kopan birritan isatsa ikusi behar izan baitio. 2022ko Kopan behintzat 07 THE WAY OF BONNIEren aurretik sartu zen, bigarren. Beti hor dabil, ingurumarian, baina beti dago besteren bat bera baino pittin bat indartsuagoa. Distantzia honetara iritsiko dela uste dugu eta Zubieta da bere pistarik onena. Fayoekin berriz, beti bezala. Dena alde…beste behin berriz kokatzeko. (behintzat zirkuituko zaldirik politena bera da).
07 THE WAY OF BONNIE. Vaclak Janacek. 59 kg (Zalditegia: Rocio / Entrenatzailea: Guillermo Arizkorreta)
Loteko aitona. 8 urte. Titulua defendatzera bueltatuko da ia urtebeteko oporren ondoren. 2021ean urrea irabazi zuenetik bere curriculuma ez da edonolakoa: 1. Listed (Deauville), 2. Memoriala (Madril), 3. Urrezko Kopa (Donostia), 1. Sari Nagusia (Donostia) eta 3. Memoriala (Madril). Denbora honetan oso-oso zaldi gutxik irabazi diote, tartean gaurko bi arerio nagusienak. Izugarri fidagarria da. Edo hobe esanda, zen. Zer, bere entrenatzaileak esan duenez, udaberrian arazotxo bat izan zuen eta horrek bere itzulera atzeratu du, udako sari nagusienak galduz. Zorroztuta omen dator ordea, baina agian lehiaketaren besteen erritmotxo hori faltako du. Halere, makina bat da eta ez daki hutsik egiten. Eta orain arteko berragerpen guztietan irabazi izan du. Errespetu handiz.
Gure hautua: 01 IL DECAMERONE – 07 THE WAY OF BONNIE – 05 PAPER TROPHY