Zaldi lasterketak

Irailak 2: analisia

Hau amaitzera doa, lagunok. Azken festa hurrengo igandean izango dugu, Donostiako Sari Nagusiarekin, eta tartean transiziozko jardunaldi hau, larunbat goizez (11:20ean hasita) eta PMU jokoarekin. Errealak bere partidua aldatu egin du eta justu karreren amaieran izango da (14:00etan). Honek eta larunbat goizez izateak, jende aldetik eragina izan dezake. Pista bigun xamar berriz eta esprinter nagusienak eszenara Irizar sarian. Hemen gure analisia:

1. Lasterketa (11:20): Peña Hipica Donostiarra saria (behorrak). 1.600 m

03 DIVA VICTORIA asko nabarmentzen da espezialista handirik ez duen lote honetan. Pistan aise irabazi zuen udaberrian eta lotean ez dago balioan gerturatzen zaionik. Faborito argia. Gainera, aurkarien artean ez dago distantzian espezialista handirik. 01 ONE MORE NIGHT eta 02 ALDUFOOF bi kilometrotik gorako distantzian aritzen dira. Itzala bakarrik 06 MAIMOUNAk egin diezaioke. Frantziatik balio txukunarekin erosi du Ion Elarrek eta deskarguari esker arin-arin ibiliko da.

Gure hautua: 03 DIVA VICTORIA – 06 MAIMOUNA

2. Lasterketa (11:50): Igeldo Mendia atrakzio parkea (3 urteko moxal ez irabazleak). 1.600 m

Oraindik maiden diren sei moxalez osaturiko lotea (06 ATLANTIC NORTH erretiratu dute). Dudarik gabe gehien erakutsi duena 02 UROLA da. Faborito oso argia. Aurreko postuetan bere lau karreretan beti topatzen du norbait bera baino irmoagoa. Hemengo maila askoz baxuagoa da eta ez luke arazorik izan beharko irabazteko. Baina kontuz 05 MR RASCALekin. Ingalaterran eta Frantzian aritutakoa eta jatorri bikainekoa (oso metro gutxikoa). Gaur arte (9 karrera) bakarrik pare bat aldiz kokatu da baina bere trainerrak dio asko hobetu duela. Eta hemen oso gutxi behar da argazkian ateratzeko. 01 KERDINAk etxean jokatuko du lehen aldiz baina hau 2.000 gora aritzeko behorra da. 06 NOOZHAH SUREÑAk ikulu berrian hobetzeko dena du baina hemen pisuz oso larri dabil. Handikaperako.

Gure hautua: 02 UROLA – 05 MR RASCAL

3. Lasterketa (12:20): Black Type (handikap 1. zatia). 2.200 m

Handikaparen lehenengo zati hau oso berdindua ikusten dugu. Hainbat zaldi daude irabazteko desiatzen. 06 CORVERAk jada espero genuen txanpa hartu du eta tokatzen zaio. Pistaren biguna eta distantzia alde, bakarrik zalantza sortzen digu M.E. Fernandezen aurreko asteko ibilbide negargarriak. Beste guztia OK. 05 DELIGHTek ere oso karrera utzi zuen azkenekoan, hirugarren eginez baldintza berberetan. Berriz hor. Ordukoan 07 RAMIRIQUI izan zuen aurretik. Agian distantzia pittin bat sobratuko zaio baina behorra topera dago. Ederra litzateke Ander Gallok berarekin lortzea bere lehenengo garaipena Zubietan. Animo Ander! Baina latza izango da 10 NINA gaztea gainditzea. Bere adineko lotetxoetan garapen handia erakutsi du eta pisu arin horrekin, distantzian eta lokatzetan hegan egin dezake. Asko gustatzen zaigu.

Gure hautua: 06 CORVERA – 10 NINAN – 07 RAMIRIQUI

4. Lasterketa (12:50): Sociedad de Carreras de Sanlucar de Barrameda (handikap 2. zatia). 2.200 m

Angel Sanchez “Lagunilla” lasartearraren garaipen bat ere gustura ikusiko genuke Zubietan. Estatuko jockeyrik beteranoena omen denak ez du ba ez lan gutxi egiten goizero bere 11 MR SUNSHINErekin. Zaldi hau gure artean dagoenetik ez du sekula jockey profesional batek gidatu….. gaur arte!!! Aisialdiak 12 kiloko jaitsiera suposatu dio handikapean. Gaur da D eguna. Baldintza perfektuak. Goazen Lagunilla! 02 MONZALVOS ere horrelako egunen zain dago (lokatzez betetako 2.200 metro amaitezin). Janacek inor baino abilagoa da horrelakoetan. Hirukoan seguru. 07 HIGHLAND MARKETek abisu nabarmena utzi zuen ondoren huts egiteko jockey berragertzaile batekin. Gaur Fayos da bolantean eta ikulu hori gori-gori dabil. Garapen handia izan dezake. Oso erne. 03 TESLA eta 01 FARZANEH gertu dabiltza antzeko handikapetan. Bigarrenak agian metroren bat soberan izan dezake eta azkenekoan oztopatua izan zen. Deskarguarekin arriskutsua.

Gure hautua: 11 MR SUNSHINE – 02 MONZALVOS – 07 HIGHHLAND MARKET

5. Lasterketa (13:20): Irizar saria. 1.200 m

Esprintetaz gozatzeko aukera gutxi izaten ditugu Zubietan. Lerro zuzeneko probarik ez eta 1.200 metrokoekin konformatu beharko. Lote polita bildu da. 05 SOMETHING trataezin dabil gurean. Hiru garaipen erreskan gurean, denak 1.400 metrotan eta Sousarekin. Distantzia jaisteak beste batzuei mesede gehiago egiten die baina atomiko dabil eta ezin da baztertu. 06 KENDAYAk ederki estutu zuen azkenekoan. Behorrarentzat berragerpena zen eta Sousarenak zeozer oztopatu zion. Biguna, distantziaren laburtzea eta Fayosen bulkadarekin gaur emaitzari buelta emango diola uste dugu. 04 EYE OF HEAVENek aurreko bien balioa ez dauka. Baina irteeratik tximista bat da eta denak dantzan jarriko ditu. Anaya argentinarra berarekin propio dator eta badakigu ez dela txantxetan aritzen.

Gure hautua: 06 KENDAYA – 05 SOMETHING – 04 EYE OF HEAVEN

Irailak 2: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top