Eta ia iritsi gara amaierara, azkenaurreko jardunaldia izango da honako hau. Asteazken goiza, PMU jardunaldia, eta arabiarren bi lasterketa (bat Listed mailakoa) izango dituen eguna. Odolgarbiei dagokienez Carrus saria izango da hitzordu nagusiena, esprinteko espezialistentzako lasterketa interesgarria.
1. Lasterketa (11:40): Sheikh Zayed bin Sultan Cup (1.600 m). Zaldi arabiarrak. Listed mailako saria.
Atari honetan ez gara zaldi arabiarretan adituak -odolgarbietan zertxobait gehiago- . Bistadizo azkar batean badirudi 2 ZALEJ AL CHAM eta 1 SHADAD nabarmentzen direla besteen gainetik. SHADADek 46ko balioa du, iaz gradu mailako lasterketetan aritu zen garaipen batekin (3G) eta hainbat kokapen. Aurtengoak ez ditu hain onak, azken bietan laugarren. ZALEJ AL CHAMek aldiz, 47ko balioa du eta graduetan ere aritutakoa, saririk gabe. Azkenekoan forma erakutsi du La Testen bigarren izanda. 4 MISS BOUM AL MAURYk 43,5eko balioa du, irabazlea da 2.100 metrotan eta azkenekoan ZALEJ AL CHAMek ondo menperatuta dauka gaurko distantzia honetan.
Gure hautua: 2 ZALEJ AL CHAM – 1 SHADAD
2. Lasterketa (12:10): Sheikha Fatima Bint Mubarak Cup (1.600 m). 3 urteko moxal arabiarrak.
Lasterketa honetan erdiak debuta egingo du eta beste erdiak behin bakarrik lehiatu da. Hortaz, konparaziorako lerro gutxi daude. Ondoen debutatu zuena 4 HALWICHA DE BOZOULS izan zen laugarren postu batekin. 2 HAZZAMek gaizki debutatu zuen baina bere jakatxoak (Al Shaqab Racing zalditegia) errespetu handia sortarazten du. Arrazoi berdinengatik ezin begia kendu 3 AL MAHYB moxalari (Al Thani jekearena).
Gure hautua: 4 HALWICHA DE BOZOULS – 2 HAZZAM
3. Lasterketa (12:40): Balada saria (1.600 m.) Estatuan jaiotakoentzat
1 CAÑEDO sasoian dabil, distantzia piska bat luzea eta pisuz bera ateratzen da ondoen. Biguinean irabazi du baina ez dugu argi ikusten oso lokaztuta baldin badago zer moduz moldatuko den. Faboritoa da baina arrakalak ditu. Lokatza atsegin duena 2 ABSOLUT da. Pisuz zertxobait kaltetuta ateratzen da faboritoarekiko, baina hau ere Zubietan irabazlea da eta sasoi onean dabil. Fayos uhaletan. Erne berarekin. 3 BREY DE VALIENTE ere irabazlea da pista honetan, justu duela urtebete, lokatzetan eta oso antzeko karrera batean. Ondo pisuz eta forman dagoela erakutsi berri du, errematatzeko tokirik gabe bere azkenekoan. Oso arriskutsua. 4 BENIJO´S BRAVEk dauka loteko baliorik altuena, baina ez du sekula korritu hemen ezta distantzia honetan ere, luzeegia berarentzat. Lokatzetan irabazlea hau ere. Zalantzak. 6 MUGUETAJARRA gaztea oso denboraldi polita egiten ari da eta sasoi betean dator, bere adineko onenen kontra maila polita duela erakutsiz. Caradaken semea izanik uste dugu lokatza ez duela atsegin izango, hemen behintzat ekainean huts egin zuen lur pisutsuan.
Gure hautua: 3 BREY DE VALIENTE– 1 CAÑEDO – 2 ABSOLUT
4. Lasterketa (13:10): Galarreta Jai Alai saria (2.000 m). Handikap
Enegarren 2 kilometroko handikapa protagonista beretsuekin. Duela bi aste 2 RAPPEUR eta 9 JASMINE portugaldarrek osatu zuten bikoa errepikatzeko baldintza guztiak ematen dira hemen berriz: pisuz antzeko, distantzia eta jockey berdinak eta arerio berdintsuak. Bigarrenak oso erraz irabazi zuen, eta nahiz eta handikapean 3,5 kilo igo dioten, gure faboritoa izango da berriz ere. Argazkia errrepikatzeko dena prest…. lurraren egoerarengatik ez balitz. Ez dira pista astunetan ibiliak eta zalantza sortzen zaigu ondo egokituko ote diren. Lurraren egoerarengatik eta maila honetako zaldien erregulartasun faltagatik, ez gara itsutuko beraiekin. Orduko hartan eskoltatzen 10 BELGE MENCI, 6 BELLA BARONESSA eta 11 CURILLINES izan zituzten. Azken honek, inork espero ez duenean, udarero bere karreratxoa irabazten du pista lokaztuan eta azkenekoan abisu txiki bat utzi zuen, baina oso baxu dabil. Sorpresa urrun gisa. 4 PALACE GUARDek azkenekoan aho-uhalak estreinatu zituen eta, antza, ez zitzaiozkion batere gustatu. Baina horren aurrekoan hirugarren izan zen Rappeur gaindituz. Orain, berriz aho-uhalik gabe eta Grosjean urredunarekin, gertu egon daitekeela uste dugu (baldin eta lokatzetan moldatzen bada) handikapean oso baxu baitago.
Gure hautua: 9 JASMINE – 2 RAPPEUR – 4 PALACE GUARD
5. Lasterketa (13:40): Carrus Taldea saria (1.200 m)
2 BILLYCOCK HILL ez da gidatzeko zaldi erraza. Azkenekoan, faborito zela, huts egin zuen bere ohiko laguna (Janacek) falta zitzaiola. Gaurkoa bere distantzia da eta lokatza oso gustuko du. Oraingo jockeyak, Grosjean, badaki berarekin irabaztea zer den. Asko gustatzen zaigu. 1 KING MALPIC estatura etorri denetik dezepzioak pilatzen joan da bata bestearen atzetik. Bere azkenekoan hemen oztopatua izan zen azken zuzenean, itxura onarekin zetorrenean. Frantziatik ekarri zuen balioarekin (50) izerditu gabe irabazi beharko luke. Azken aukera emango diogu. 3 VIRREY inor espero ez genuenean Jaurlaritzaren “kontsolamenduzko” lasterketa irabazi zuen. Ea lokatzetan nola moldatzen den. Azkenekoa errepikatuz gero, gertu ibiliko da berriz. 6 PRESIDENCY zaharra irabazi ezinik dabil Madrilgo esprint gogorretan, Great Prospector lider berriaren atzetik beti. Hemen, koska bat beheragoko kategoriara jaisten da eta lehiakor aritu daiteke baldin eta bere jockey amateurrak (Cristina Buesa) oraingo pistak eskatzen duena ondo interpretatzen badu. Denboraldi amaiera honetan, eta euri-jasa guzti hauekin, pistak ez baitu barkatzen hanka sartze txikiena ere.
Gure hautua: 1 KING MALPIC – 2 BILLYCOCK HILL – 3 VIRREY
Azken ordukoa (astearte arratsaldea): 1 KING MALPIC erretiratu egin dute.