Datorrez astean azken geltokira (Donostiako Sari Nagusia) iritsi aurretiko jardunaldia dugu igandekoa. Larri-larri osatu dute programa 30 partaiderekin, bataz beste 6 zaldi karrerako. Denboraldiaren hondarrean gaude eta nabaritzen ari da. Halere proba interesgarriak baditugu, besteak beste “hegalari”-ei zuzendutakoa, 1.200 metroko Irizar saria alegia. Astean euri piska bat egin du eta pista zeozer leunduko zen. Ohiko ordutegia eta ez da PMU zirkuitoko eguna izango. Hau da gure analisia.
1. Lasterketa (17:30): Peña Hipica Donostiarra saria (behorrak). 1.600 m
01 KENNOCHAren uda izaten ari da aurtengoa. Mª Cristinan laugarren egiteraino. Daraman sasoi bikainarengatik handikapean 10 kiloko igoera ordaindu behar izan du. Topera dabil eta distantzia ondo egingo du. Pisua eman behar du baina puntan egiten uzten badiote kostako zaie harrapatzea. 03 TIHANNA galdu ezin zuen karrera irabaztetik dator. Sousa atomikoarekin zer esan handia du. Lurra biguinagoa topatuko balu hobeto. 02 ADAAYLIGTH DANCER gris antzean dabil hemen zein hegoaldeko hondartzetan. Zalantzak. 3 urteko ordezkari bakarra, 04 LADY MC QUEENek emaitza onak lortu ditu bere adinekoen artean. Proba hau gogorragoa da baina hirugarren plaza eskura dauka.
Gure hautua: 01 KENNOCHA – 03 TIHANNA
2. Lasterketa (18:05): Añorga K.K.E saria (ez irabazleak). 1.600 m
Loteko ia inork ez du ibilbide sendorik erakutsi eta pronostikorako nahiko irekita dago proba hau. 10 hilabete lehorrean pasa ondoren 06 JACINTHA BEREk berragerpen oso lehiakorra egin du Madrilgo fibran, azken hatsean karrera galduz. Urriko debutean etorkizun interesgarria iragarri zuen. Sousa uhaletan. Gure faboritoa. Behortegi bereko beste moxala, 02 MAREA, da itzala egin diezaiokeena. Honek ere debut lasai baten ostean (Arizkorretaren ohiturak) bigarren karrera ona utzi zuen. Baina hori apirilean gertatu zen eta geroztik ez dugu pistan ikusi. Denbora gehiegitxo. Zalantzak. 05 JAMILAk udaberri interesgarria utzi zuen Madrilen miliaren inguruan. Gero, distantzia igota, porrotak jaso zituen han zein Frantzian. Miliara bueltatuta besteen esperientzia falta aprobetxa lezake.
Gure hautua: 06 JACINTHE BERE – 02 MAREA – 05 JAMILA
3. Lasterketa (18:40): Donostia Sustapena saria (handikap 1. Zatia). 2.200 m
Urrezko Koparen kontsolamenduzkoa korritu aurretik 01 SISONek lau garaipen erreskan erdietsi zituen gurean. Argi dago pista gogoko duela. Abuztuaren 15ean ere ondoegi korritu zuen, Defined, El Caney eta Gaherisen itzalean. Hau askoz lote eskasagoa da eta ez luke arazorik izan beharko. Guk oso argi ikusten dugu. 03 DREAM BAHAMAk ez daki gaizki korritzen. Transatlantiko bat da eta distantzia luzea eskertuko du. Sasoian dabil, oraintxe hirugarren egitetik dator Mont-de-Marsansen. Irabazteko ez, baina bikoa osatzeko bai. Horcajadak entrenatutako 05 CHAM´S PRIDEk bi handikap poltsikoratu ditu Madrilgo gauetako parrandetan. 3 urteko moxala da eta ikusi beharko zaharren kontra eta belarrean nola moldatzen den. Nobedade gehiegi.
Gure hautua: 01 SISON – 03 DREAM BAHAMA
4. Lasterketa (19:15): Lototurf saria (handikap 2. Zatia). 2.200 m
Eguneko karrerarik ugariena. Uda hasieratik zain dago 05 MONZALVOS metroak noiz luzatuko dizkioten. Handikapean 5 kilo jaitsi da udaberritik hona. Eta, ondorioz, handikaparen lehenengo zatitik bigarrenera. Azkenean bere distantzia izango du eta Zambudio artista bere gainean beste hiru kilo arinduz. Gol aukera nabarmen-nabarmena. 02 TE KOOPek sekulako uda egin du gurean, bi garaipen eta bi bigarren. Handikaperrek oraindik ez dute guztiz kateatu eta gure faboritoari gauzak oso zail jarriko dizkio. Metro luzatzearena ere alde. Arizkorretaren 03 HEY JUDEk kategoria handiagokoa izan behar du. Oso samur eta berria da (5 karrera) eta udan bigarren zatietan erori da eskala gogorregiekin. Hemen ere hala ateratzen da (62,5 kilo). Karga gehiegizkoa Sousak berriz magia egin dezan. 09 KANTIOk dezepzioak besterik ez ditu pilatzen. Teorian gustuko pista bigunagoa topatuko du eta pentsatzen dugu Elarrek zeozertarako ekarri duela. Hiruko garestia osatzeko urruneko sorpresa.
Gure hautua: 05 MONZALVOS – 02 TE KOOP – 03 HEY JUDE
5. Lasterketa (19:50): Irizar saria. 1.200 m
Esprint interesgarria baina espezialista gutxirekin. 05 UPA LOLAk du loteko baliorik altuena baina azken aldian eskas dabil. Miliar peto-petoa da baina distantzia motzagoetan probatzen ari dira, arrakastarik gabe. Klasea du baina noraezean ikusten dugu. Ez dugu uste. 02 EL SOKHNA aldiz aho bete hortz utzi gintuen Jaurlaritzan laugarren eginez. Bakarrik Samedi Rien, Prince Hamlet eta Speak in Colours izarrak izan zituen aurretik. Aurrekari horrekin gure faboritotzat hartu dugu baina, jakin badakigu, distantzia hau agian motzegi egingo zaiola. 04 PERFECT SUNRISE da espezialista bakarra. Madrilgo hondarrean bi garaipenekin dator eta iaz proba honetan City Gent eskoltatu zuen. Zambudioren deskarguarekin izerdiarazi egingo ditu. 03 SOMETHING etengabeko gorakadan ari da. Azken garaipena hemen eskuratu zuen Jaurlaritzarako gaztetxoen prestakuntzazkoan. Zaharren kontra gauzak zailagoak izango dituela uste dugu.
Gure hautua: 02 EL SOKHNA – 04 PERFECT SUNRISE