zaldilasterketak.eus

Irailak 4: kronika + argazki galeria

Jardunaldi argala iragartzen zitzaigun asteartean eta hezurretan geratu zitzaigun iganderako, 5 zaldi erretiratuta. Azkenean 25 partaide baino ez. Eskas xamar. Sikiera esprint polita ikusi ahal izan genuen eta beste behin Sousa eta Zambudioren nagusitasuna berretsi. Sorpresa ugari, beste arratsalde eguzkitsu bat –a zer eguraldia izan dugun aurten!- eta ikusle kopuru polita denboraldiaren azkenaurreko honetan.

1. Lasterketa: Peña Hipica Donostiarra saria (behorrak). 1.600 m

Argazkia @argindar

Aurreikusten zen buruz-burukoa Sousak irabazi zuen 03 TIHANNArekin. Gaur egun portugaldarren eskuek plus garaile bat eransten diote bere zaldien aukerei. 01 KENNOCHAk betiko estrategia jarri zuen mahaigainean, puntan gogor eta iristera. Baina Sousak ondo ezagutzen ditu behor horren ahuleziak eta, metro gehiegi utzi gabe, gertutik itxaron zion 200 metro faltan azken kolpea emateko. Garaileak aitortzen zigun 03 TIHANNA ez dela pista honetan bereziki gustura aritzen baina bi karrera errazekin topatu dela. Madrilen eta bigunarekinn hobeto arituko dela.

Bere tokian: 01 KENNOCHA / Jarraitzeko: 03 TIHANNA

2. Lasterketa: Añorga K.K.E saria (ez irabazleak). 1.600 m

Argazkia @argindar

02 MAREAere erretiratzearekin bazirudien 06 JACINTHA BEREri pista garbi-garbi geratzen zitzaiola garaipen eroso bat eskuratzeko. Baina gure pista ezagutu ez eta Bugattin gorriak ikusi zituen gerri aldea biratzeko eta hortik aurrera ez zuen ezer jakin nahi izan. Trakets baino traketsago aritu zen zuzenean, martxan jarri ezinik. Katuak jai eta arratoien festa hasi zen. Bazirudien barrutik Gelabertek 05 JAMILA irabazle egingo zuela baina azken kolpean Gutierrez gazteak 06 PEDRO DES AIGLES apala muturtxo bat aurretik jartzea lortu zuen, ozta-ozta. Frantzian finkatutako aprendiz kantabriarrak ez ditu aukerak alperrik pasatzen uzten eta aurtengoan gurean 9 karreretan 4 garaipen eta 4 kokapen erdietsi ditu. Ez da marka makala.

Bere tokian: 05 JAMILA / Huts: 06 JACINTHE BERE

3. Lasterketa: Donostia Sustapena saria (handikap 1. Zatia). 2.200 m

Argazkia @argindar

Ricardo Sousa aseezin dabil. Ez du zirrikiturik uzten bere nagusitasuna erakutsi gabe. Lauko lote txiki honetan, beste jockeyen xalotasunaz aprobetxatu zen komeni zitzaion estrategia diseinatu eta kupidagabe ezartzeko. Hasieratik 04 ALDUFOOF jarri zuen puntan bere neurriko erritmoa ezartzen. Atzetik Zambudiok, Lucasek eta, batez ere, Alonsok egiten uzten zioten konbentzituta, azken aldian bezalaxe, borrokan behorrak amore emango zuela. Baina Sousak arnasa hartzeko tartea eman zion Bugattin eta abantaila ederki kudeatu zuen azken zuzenean inoren errematea ekidituz. Vicky Alonsok agian lo hartu zuen 01 SISON faboritoarekin eta, konturatu zenerako, karrera kitatuta zegoen. Zambudio aldiz biziago ibili zen 02 CHAM´PRIDE moxala bigarren sartzea lortu zuen. Garaipenaren meritua batez ere Sousa jockeyari egotzi beharko diogu oraingoan.

Bere tokian: 05 CHAM´S PRIDE / Huts: 01 SISON

4. Lasterketa: Lototurf saria (handikap 2. Zatia). 2.200 m

Argazkia @argindar

Konfidantza handia zeukan Julia Zambudiok 05 MONZALVOS bere lagun zaharrarengan. Askotan elkarrekin aritutakoak, bazekien metroak luzatzean bere baliorik onena emango zuela. Udarero bezalaxe. Eta hala egin zuen, erraz. Metro asko oparitu gabe, barruko errailetan itsatsi eta itxaron puntazaleen indarrak agortu arte. Orduntxe azaldu zen, nagusitasunez, tropela hiru gorputzeko tarte zabalera utziz. Atzetik, 04 VIKING CITY gazteak errematatzea lortu zuen nahiz eta karga handia eraman, 02 TE KOOP faboritoa hirugarren utziz, udako bere posturik kaskarrena. Heldutasun eta patxada beste erakustaldi bat Julia Zambudiorena.

Bere tokian: 05 MONZALVOS / Huts: 02 TE KOOP / Jarraitzeko: 04 VIKING CITY

5. Lasterketa: Irizar saria. 1.200 m

Argazkia @argindar

Atarikoan esaten genuen espezialista guxi zegoela lote urri honetan. Eta esprintatzeko espezialista behar da izan. Profil hori bete-betean zeukaten bakarrak 04 PERFECT SUNRISE eta 03 SOMETHING ziren. Eta halaxe egin zuten bikoa. Behorra, hasiera hasieratik, ziztu bizian abiatu zen besteei hau hegaldi bat zela gogorarazi nahiko balieke bezala. 05 UPA LOLA eta 02 EL SOKHNA, nahiz eta balio handiagoko zaldiak izan, ez daude ohituta esprinterretako rockanrollera. Eta gorriak ikusi zituzten Julia Zambudiok markatutako erritmoa jarraitzeko. Ez ordea 03 SOMETHINGek, Sousarekin martxa aise aguantatzen ari baitzen azken metroetan kolpea emateko zain. Borroka bien artera mugatu zen eta gazteak behorrari jake-mate egingo ziola zirudienean Zambudiok ederki dosifikatu zuen pilatutako abantaila eta ez zion utzi Sousari aurrea hartzen. Gazte kantabriarraren enegarren gidaritza burutsua. Bikain. 04 PERFECT SUNRISE iaz bigarren izan zen proba honetan City Gent desagertuaren atzetik eta gaurkoan aprobetxatu zuen aurrean halako beste tximistarik ez izatea.

Bere tokian: 04 PERFECT SUNRISE / Huts: 02 EL SOKHNA

Argazki galeria

Irailak 4: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top