Iritsi da azkena. Beste denboraldi bati agur esan behar. Hamalau jardunaldiren ondoren Donostiako Sari Nagusiaren 105. edizioa datorkigu aurtengoak amaitzeko. Klasikoetan klasikoena gure Sari Nagusiak -izar nagusienak falta direla ere- fondoko proba eder bat eskainiko digu. Egun hauek bustiak izango omen direnez, karrerari epikotasun handiagoa emango liokeen lokatza ere izan genezake. Goazen azkenaren analisiarekin.
1. Lasterketa (17:30): Nagore Otañoren oroimenezko saria (jockey amateurrak). 1.600 m
01 EL INGRATOk harritu egin gaitu denboraldi honetan hau baino distantzia laburragoetan, teorian gaizki etortzen zitzaizkionak. Jaurlaritzaren prestakuntzazko proban Elarreren City Gent-Nordeste bikoteak bakarrik gainditu zuen. Bere estilo puntazalea ezin egokiagoa da amateurren proba hauetan eta Sarabiaren gidaritza eskarmentatuarekin irabazten ikusten dugu. 04 JARANA bikain aritu da gurean korritutako bietan, batean behorrei irabaziz eta bestean Alboranen ondoan iritsiz. Zaila jarriko dio gure faboritoari. Koxka bat azpitik ikusten dugu 03 ROBLE. Bigarren zatiko handikap bat oso erraz irabaztetik dator eta igotzen jarrai dezake, baina aurreko biek baino balio baxuagoa du eta bere jockeyari eskarmentua falta zaio. Beste guztiak kategoria apalagokoak dira, baina 06 SHAHANIAN ikusteko gogoz gaude. Urtebete korritu gabe dago eta Farleteren ikuluan berragertuko da orain. Aurrekoek oso ontzat zuten baina uko egiten zion korritzeari. Ea oraingo entrenatzaileak bizio horiek zuzendu dizkion. Ikusteke.
Gure hautua: 01 EL INGRATO – 04 JARANA – 03 ROBLE
2. Lasterketa (18:00): La Zarzuelako hipodromoa saria (2 urteko moxalak). 1.400 m
Komunikabide guztion faboritoa 01 LE MINABLE zen baina erretiratu egin dute. Egia esan, ez genion batere itxura onik hartu aurreko igandeko Kriteriumean. Erreferentzia sendo bakarraren faltan ilunpetan geratu gara pronostikoa emateko. 02 ZEUS CANARIASek maila nahiko apala erakutsi du Noozhoh handiaren semea izateko. Hiru aldiz pistan eta hiru dezepzio. Betaurrekoak eta Janacek jartzen diote esnarazteko. Berrengaiatua. Ikusi behar baina ez diogu fede handirik. 06 WALCKZAKek debuta egin zuen uztailean Madrilgo hondarrean bigarren bat lortuz Qualize Barelieren atzetik (Kriteriumeko hirugarrena). Baina oso urruti, zazpi gorputzetara. Ez da balentria handia baina besteen kurrikulum zuriak ikusita argi izpitxo bat sikiera bada. Bere entrenatzailea gurera datorren bigarren aldia da, zeozer ikusiko zion. Soto sevillarraren 07 GLORYTOFek debuta egingo du. Ez daukagu bere erreferentziarik, baina baleko jatorria du, bere anai-arrebak irabazleak dira (tartean Mazeltof Sarabiak erosi berri duen 3 urtekoa) eta hemen oso gutxi behar da irabazle ateratzeko. Gauzak horrela, besterik ezean, berarekin goaz.
Gure hautua: 07 GLORYTOF – 06 WALCKZAK – 02 ZEUS CANARIAS
3. Lasterketa (18:30): Donostia Kirola – Kirol Txartela saria (handikap 1. zatia). 1.400 m
01 BOSTON BRUIN irabaztetik oso gertu dabil azkenekoetan. Oraingo metro-murrizketak on egingo dio eta azkenekoan falta izan zitzaion extra hori Fayosen grinak emango dio. Bigun badago hobeto berarentzat. Aurrean ikusten dugu. 04 ROSY MOON bi urterekin bere belaunaldiko behor onenen artean ibili zen. Imazen goiztiarrenek 3 urterekin izaten duten txakalaldia gaindituta oso apunte deigarria utzi berri digu Alboran eta Jaranaren atzetik. Hau da bere distantzia eta nahiz eta handikapean altu sartu den berriz saltsan egongo dela uste dugu. 03 LINDAk hemen egin dituen azken lau karreretan beti hirukoan sartzea lortu du. Vicky Alonso udako izarraren superdeskarguarekin irabazlea izan beharko luke, baina beti falta zaio zertxobait. Kokatzeko. 02 BORN TO BEk arerio hauei irabazi zien erreferentziazko lasterketan. Handikapean 2,5 kilo igo dizkiotenez kostako zaio berriz denak ustekabean harrapatzea. Dena den La Testen izena emanda ere bazegoen baina hura utzi eta hemen berrengaiatu dute. Jakina da denboraldi bukaeran sasoia dela inportanteena… eta berak borborka dauka. Erne!
Gure hautua: 01 BOSTON BRUIN – 04 ROSY MOON – 03 LINDA
4. Lasterketa (19:00): Hipodromoen Elkartea saria (handikap 2. zatia). 1.400 m
03 MANUMART pistan gutxitan ikusi dugu aurten. Berez, lasai berragertu zen Urrezko Koparen egunean Dunnaby zaharrak irabazitako handikap apal hartan. Iaz pistan irabazi zuen eta orduan erakutsitako mailaren arabera ez luke bigarren zati honetan egon beharko. Hiru aste hauetako entrenamenduarekin findu bada irabazlea izan daitekeela uste dugu. Ondo ordainduko duen sorpresa eta gure faboritoa. 09 HANNAri beti baten batek ostutzen dio garaipena azken atsean. Hiru bigarrengo pilatuta ditu antzeko karreretan. Distantzia laburtzeak eta Alonsok beste 4 kilo kentzeak zalantza guztiak uxatu beharko lituzke. Gaur hala inoiz ez. 11 ROCKOLA ere beti urertzean hiltzen den horietako beste bat da. Gelabertekin berriz, hirukoan sartzeko beste aukera bat izango du. 01 DREAM STARTen garaipenaren zain egon gara uda osoan baina ez da iritsi. Orain bigarren zatiko arerio eskasagoak izango ditu ondoan eta aprobetxatu beharko luke. Dena den distantzia laburregia iruditzen zaigu bere erremate luze horrentzat. Zalantzak.
Gure hautua: 03 MANUMART – 09 HANNA – 11 ROCKOLA
5. Lasterketa (19:30): 105. Donostiako Sari Nagusia – Irizar saria. 2.800 m
Iraupen luzeko probetan 01 EMINi estatuan bakarrik Lord of the Horizonek irabazi dio, aurtengo maiatzeko Corpan. Gainontzerakoak irabazi ditu. Madrilgo Sari Nagusian bere karrera grisak oso hotz utzi gintuen. Kapitaleko uztaileko bero itogarriari egotziko diogu huts hura. Proba honen 2019ko irabazlea bera da. Euriak bere ajeak arintzen lagunduko dio eta Kopan mus emateak ere on egingo zion. Bere ikuluaren denboraldi negargarriari (0/13) ea amaiera itxaropentsua ematen dion. Krisialdian dirudien stayer zaharrarengan jarriko dugu gure konfidantza. 04 LIBERRIk oso urte txukuna darama sari handi guztien borrokan agertuz (Corpa, GP Madrid, Urrezko Kopa…) baina kokatzea lortu gabe. Hemen maila baxuagoko arerioak aurkituko ditu eta Corpan jada erakutsi zuen distantzia ondo egin dezakeela. Hortxe egongo da. 07 NAVIAk hirugarren bat lortu zuen iazko Urrezko Kopan eta aurtengo Maria Cristina irabaztetik dator. Zaildutako gladiadore zaharren kontra dena zailagoa egingo zaio behorrari eta ez dugu argi distantzia hau ondo egingo ote duen. Zalantzak. 03 ISKANDERHONek iaz irabazi zuen proba hau, erraz gainera. Aurten egin duen guztia penagarria izan da, badirudi lehiarako gogo apurrik ere ez zaiola geratzen. Baina ezin da ahaztu orain bi urte 47,5ko balioa zuela Frantzian eta 2Gn kokatu zela iraupen luzeko proba lokaztuetan. Igandean topa dezakeena, hain zuzen ere. Inork ez du horrelako iragan dizdiratsurik. Kaskezurrean jartzen zaiona egingo du. Batek daki. 02 FINELY TUNED faboritoen nagusienen artean aipatzen dute. La Testen irabaztetik dator baina Fayosek muturreraino zukutu behar izan zuelako handikapeko zaldi arrunt bat gainditzeko. Ez du distantzia hau sekula egin eta, nahiz eta Madrilgo Sari Nagusian bosgarren izan, bere azken garaipena ez zitzaigun batere gustatu. Ez dugu ikusten.
Gure hautua: 01 EMIN – 04 LIBERRI – 03 ISKANDERHON