Bukatu da. Akabo. Klasikoetan klasikoena jokatu da, Donostiako Sari Nagusia bere 105. edizioan, eta irabazle bikain bat izan du: Liberri. Adin klasikoan izarra izateko guztia zuen zaldia baina hainbat arazoren ondorioz sekula bere potentziala ustiatu ez duen zaldia. Orain, adinarekin, badirudi zentratu egin dela eta bere onena emateko bidean dagoela. Raul Ramos lasartearrak gidatu zuen eta poz handiz hartu zuen harmailak bere garaipena. Astean zehar pista bigun antzera egon zitekeela esan bagenuen ere, eguraldiko iragarpenak ez ziren nahikoa bete eta azken egunotako beroarekin pista gogor antzean zegoen. Giro bikaina hipodromoan eta edukiera bete-beteta. Hau amaitu zaigu. Pandemiaren zurrunbiloan sartuta jarraitzen dugula pentsatzen hasita, nahikoa txukun joan da den denboraldia. Hurrengo urtera arte. Musukorik gabe, espero.
1. Lasterketa: Nagore Otañoren oroimenezko saria (jockey amateurrak). 1.600 m

04 JARANAk pronostikoarekin bete zuen eta erraz nagusitu zen lehenengoan. Behorrak Zubietan bere mailarik onena eman du, bi garaipen eta kokapen bat lortuz hiru karreretan. Cesar Alonso jockey gazteak txukun egin zituen lanak eta horrelako probetan jarraitu beharreko usta dela erakutsi zuen. Sarabiak aldiz ezin izan zuen O1 EL INGRATO puntan jarri berari gustatzen zitzaion bezala eta amore eman behar izan zuen 03 ROBLEren errematearen aurrean, bigarren plaza galduz. Aipatu urtebete beranduago 06 SHAHANIANek jarraitzen duela arazoak ematen eta irteerako atetxoetan geratu zen.
Bere tokian: JARANA / Huts: EL INGRATO / Jarraitzeko: GAUSS
2. Lasterketa: La Zarzuelako hipodromoa saria (2 urteko moxalak). 1.400 m

Oso pronostiko irekia zuen karrerak 01 LE MINABLE erretiratu ondoren. Azkenean Madrildik M.A. Marinek propio ekarritako 06 WALKCZAK behorrak eraman zuen karrera baina ez polemikarik gabe. Izen ere Bugatiko bihurgunean kanporantzako mugimendu nabarmena egin zuen 07 GLORYTOF debutaria nabarmenki kaltetuz. Azken honen jockeyaren arabera, gorabehera hori gabe, bera izango zen irabazlea. Baina komisarioek ez zuten hainbesterainoko falta ikusi eta ordena bere horretan mantentzea erabaki zuten. Nicolas de Julianek bere jaka gorri-horiarekin aurreneko garaipena lortu du horrela udan gurean. Debutaria jarraitzeko modukoa iruditu zaigu nahiz eta oso berde egon. Harrigarriki hirugarren postuan Militar Behortegiko jaka sartu da 05 TURIA behorrarekin, hirukoa 954 €tan jarriz. Moxal hau Itaqui bikainaren alaba da eta jarraitzeko modukoa litzateke beste esku batzuetan egonez gero. Karrerako albiste beltza 03 AQABA izan du protagonista. Lesio larria pairatu eta eutanasiatu egin behar izan dute Relampagoren alaba hau. Lastima.
Bere tokian: WALCKZAK / Huts: ZEUS CANARIAS / Jarraitzeko: GLORYTOF
3. Lasterketa: Donostia Kirola – Kirol Txartela saria (handikap 1. zatia). 1.400 m

Atarikoan esaten genuen 04 ROSY MOON oso arriskutsua zela bere lehenengo handikap honetan. Karrera puntan egiten utzi diote eta lur gogorrean bizkor-bizkor ez du inork harrapatu. Bi urterekin bere adineko onenen egon eta gero krisialdi bat izatetik zetorren eta errekuperatuta azaldu da berriz. Distantzia laburretan jarraitzeko modukoa. Bigarren 03 LINDA izan da beste behin. Ez du ibilbide bat borobiltzen, nahiz eta gaurkoan pisuz oso arin atera. Zuzenaren erdian errazegi zetorrela zirudien baina Vicky Alonsok, agian konfiatuta, beranduegi jarri du martxan. Hirugarren pistako klasiko handi batek sartu du burua 03 HOLLOKO Janacek bere ohiko kidearekin. Pisuz larri dabil handikapean baina gure pista izugarri maite du. 02 BORN TO BEk ezin izan du korritu Fonseca bere jockeya zigortua izan delako krontol baten ondorioz.
Bere tokian: ROSY MOON / Huts: LINDA / Jarraitzeko: BOSTON BRUIN
4. Lasterketa: Hipodromoen Elkartea saria (handikap 2. zatia). 1.400 m

Faboritoen artean zeuden 01 DREAM START eta 03 MANUMART erretiratu egin dira. Biak ala biak txertoekin bete beharrekoak egunean ez edukitzeagatik. Gauzak horrela pronostikoa 11 ROCKOLA eta 09 HANNAren artean banatu da eta biek osatu dute azkenik bikoa. Baina helmugan 10 TALES izan da bigarren Vicky Alonsorenaren aurretik. Kontua da zaldi honek zuzenean birritan Hannaren gainera bota dela bere aukerak nabarmen kaltetuz. Komisarioek argi ikusi dute eta Freddy Martinez gidatzen zuen Tales hirugarren postura bota dute faboritoen bikoa utziz. Pistan udan lau aldiz kokatu ostean azkenean garaipena lortu du Celtic Rocken alaba honek. Kosta zaio. Laugarren tokian, harri eta zur utzi gaitu 12 STERLING GOLD ikusteak. Bere karrera guztietan atzeko postu galduetan ibili ondoren aurrenekoz kobratzeko aukera izan du. Jarritzeko modukoa ez balitz gure denboraldia bukatu egin delako. Beranduegi jarri zaigu martxan Enrique Puente kantabriarra aurten.
Bere tokian: ROCKOLA / Huts: BRUJILDA / Jarraitzeko: STERLING GOLD
5. Lasterketa: 105. Donostiako Sari Nagusia – Irizar saria. 2.800 m

Promesa eternalak azkenean sari handi bateko garaipen batekin atera zaigu. 04 LIBERRIz ari gara. 2019an hemen Foru Aldundiaren saria irabazi zuen proiekzio handiko zaldi hark dezepzioak bat bestearen atzetik besterik ez ditu pilatu gaurdaino. Urte hartako Urrezko Kopako outsiderra krisialdian sartu zen ordutik aurrera eta lau urterekin apenas ikusi genuen pistetan. Orain, lau urterekin, Joanes Osorioren ikulura pasata, aurpegia eman izan du sari handienetan baina beti onenen atzetik. Distantziako oilarren faltan Donostiako Sari Nagusi hau esku-ekura geratzen zitzaione eta ez du hutsik egin, zuzenaren erdian 07 NAVIA Maria Cristinako irabazlea makurraraziz. Lasaiago dirudi eta kalitatea eta distantzia ez zaio falta Cameloten seme honi. Festa harmailetan Raul Ramos lasartearraren garaipen ospatuz. Janacekek onartzen zigun arren kontra horrelako karreretan zaila dela, are gehiago behorra distantzian justu dabilenean. Gainontzekoen berri handirik ez da izan. Mirafloreseko 01 EMIN (2019ko irabazlea) eta 03 ISKANDERHON (2020koa) penagarri aritu dira beste behin. Urte oso beltza daramate, euren zalditegia bezalaxe, Zubietan irabazteko gai ez baitira izan 16 agerraldi eginda ere. Kezkagarria.
Bere tokian: NAVIA / Huts: EMIN / Jarraitzeko: LIBERRI
Argazki galeria
Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar