Iritsi gara amaierara gure klasiko handienarekin: Donostiako Sari Nagusia. Distantzia luzeko espezialista nagusienak izango ditugu irteeran eta protagonismoa Frantziatik datozen bi faboritoentzat. Ikusiko dugu ea udako beste sari nagusietan bezalaxe honetan ere saria mugaz bestaldera berriz joaten ote den. Programa interesgarria daukaguna aurretik denboraldi arraro xamar honi bukaera emateko. Jardunaldia aletzen joango gara, hitzordu nagusiari arreta berezia jarriz.
1. Lasterketa (17:30): Nagore Otaño memoriala. Handikap (jockey amateurrak). 2.000 metro.
1 PARABAK – 2 ALGAIDA buruz-burukoa errepikatuko da bi aste beranduago ia baldintza berdinetan, nahiz eta oraingoa handikap bat izan (kostatzen zaigu ulertzea behorrak handikapean izan duen igoera txikia bi karrera aise irabazi ostean). Ordukoan ALGAIDA nagusitu zitzaion, ibilbide osoa kanpo-kanpotik egin eta askoz metro gehiago osatuz. Hau matematikak balira, emaitza errepikatu beharko litzateke. Baina ez dira. Eta jockey amateurrak tartean egotean aldagaiak biderkatu egiten dira. Lara Martinez, Algaidaren jockey gaztetxoak, 12 kilo inguru berun eraman beharko ditu zelan. Ez dira gutxi. Behorra sasoi betean dabil eta garaipena jockeyaren eskuetan egon daiteke. Ea asmatzen duen. 1 PARABAK irabazteko dago baina gaur ere oso karga astuna kudeatu beharko du (68 kilo!). Horrek zalantzan uzten gaitu. 3 ASCENSION DIRECTEk ere forma erakutsi du bere azken handikapean eta pista honetan irabazlea da. Jockey nahiko fidagarria, Urbano. Distantzia zertxobait luzea. Guztien artetik seguruena iruditzen zaigu. 4 FARSAMANen balioa asko igo da aurten (10 kilo!). Bere azkena, Tuvalu, Federico eta abarren kontra, ez zaigu batere txarra iruditzen. Deskarguarekin pisuz oso arin ateratzen da. Jockeyaren erreferentzia gutxi daukagu (Sr. Hernandez) baina asmatzen badu berarekin, sorpresa polita eman dezake. 5 LUCKY LAWYER jubilazioa erregutzen dabil bere 11 urte eta 108 lasterketekin. Badirudi honen ostean iritsiko zaiola. Bejondiola!
Gure hautua: 3 ASCENSION DIRECTE – 4 FARSAMAN – 2 ALGAIDA
2. Lasterketa (18:05): Errazu obrak saria (2 urteko moxalak). 1.400 m
Pronostiko oso zaila inork ez baitu ezer aipagarririk erakutsi beren aurreneko urrats hauetan. 3 NATURAL TALENTi, lanbidea ikas dezan, oso debut xuabea eman zioten hemen Urrezko Koparen egunean. Bere entrenatzailearen ohiturei jarraituz, seguru gaurkoan lehiatzeko prest edukiko dutela. Aukeratzeko askorik ez dagoenez, kasu egingo diogu. 9 VALTIERRA, Hipodamo de Mileto txapeldun handiaren arrebak, La Testen izan zuen debuta orain hilabete. Atzean iritsi zen baina baita ibilbidean bere burua zertxobait erakutsi ere. Familiarengatik eta ñabardura ñimiño horregatik, kontuan izango dugu. 10 RED LIGHTek debuta egingo du hemen. Bere entrenatzailea espezialista da gaztetxoekin. Jatorri polita du eta oso goiztiarra. Debuta beti ordaintzen da, baina konpetentzia hain ahula izanik, berarekin geratuko gara. Gainontzerako partaideek, gaurdaino ikusitakoagatik, oso-oso apalak dirudite.
Gure hautua: 10 RED LIGHT – 3 NATURAL TALENT – 9 VALTIERRA
Azken orduko oharra: 9 VALTIERRA erretiratua
3. Lasterketa (18:40): 14+1 Komunikazioa saria. 1.400 metro. Handikap 1. zatia.
1 ALADIERNA abisu ozen bat uztetik dator bere azkenekoan, oraingo hauek baina askoz arerio gogorren kontra. Pistan irabazlea da eta handikapean bere balio onena baino 5 kilo beherago dago. Ignacio Melgarejoren deskarguak (gori-gori dabil jockey gaztea) posizio ezin hobean uzten dute lehengo saria eramateko. Biguna komeni omen zaio eta distantzia hau da egokiena berarentzat. Irabaztera! 3 PULSING DRAGONek garaipen erraza lortu zuen Madrilen esprintean Anayaren patioan sartu berritan. Ondoren huts egin zuen hondarrean. Orain berriz belarrean, eta hain arerio ahulen kontra, helmugan espero dugu. 5 ROYAL DESTINY irabazteko zorian ibili da bere azken bietan hemen. Janacek jaitsi eta Gelabert igoko da. Bere zalditegikoak topera dabiltza. Gaur ere hortxe espero dugu. 8 HATHA ere garaipenetik oso gertu dabil bere azkenekoetan eta oraingo distantzia, aurrekoetan baino laburragoa, hobeto egokituko zaiola uste dugu. Halere, gaurkoak baino arerio ahulagoen kontra ezin izan badu, ez dugu uste gaur gailenduko denik. Gertu.
Gure hautua: 1 ALADIERNA – 5 ROYAL DESTINY – 3 PULSING DRAGON
4. Laserketa (19:15): Serbilau Soc. Cooperativa saria. 1.400 m. Handikap 1. zatia
5 IRON ROCK uda honetako handikapetako protagonista nagusia da: bi garaipen, bi bigarren eta hirugarren bat bere bost lasterketetan. Honez gero 10,5 kilo igo da eskalan, baina sabaia jo duela dirudienean berriz ere hobetzen du. Moralez gainezka, ez gara ausartzen baztertzera. 3 DREAM STARTek luxuzko jatorria du. Bere Ingalaterrako lasterketen ostean ,ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik (lesioak?), bi urte terdi pistetatik kanpo egon zen. Hemen berragertu eta distantzia laburretan trebezia erakutsi du Oliveira entrenatzaile portugaldarraren eskutik. Itxura onarekin irabaztetik dator amateurren karrera batean eta Valenzuelaren deskarguarekin errepika dezakeela uste dugu. 7 NYALAk irabazi zuen hemen udako bere lehenengo irteeran distantzia honetan eta lokatzetan. Orain eskalan antzeko egoeran dago berriz eta Melgarejoren deskarguarekin pisuan ateratzen da berriz. Lokatzik ez du aurkituko, baina kokapen bat eskura dauka. 6 TIMPLE CANARIASek oso berragerpen lasaia izan zuen hemen. Orain zorroztuago egongo da eta diruren bat eramateko moduan ikusten dugu. Bere entrenatzailea ez da Madrildik alperrik etortzen den horietakoa.
Gure hautua: 3 DREAM START – 5 IRON ROCK – 6 TIMPLE CANARIAS
5. Lasterketa (19:50): Donostiako Sari Nagusia. 2.800 m
1 ELUAN (GB). Balioa: 39,5. 4 urte. R.C. Montenegro / R. Martin V. 60 kilo. Azkenak: 3-1-5-8. Distantziarekin ez du arazorik baina hemen arerio gogorregiak ditu aurrez-aurre. Hiru urtekoen artean iraupen-lasterketetan nagusitasuna erakutsi zuen iaz, baina aurten zaharragoen kontra oso gaizki aritu da. Gainera pisurik altuena darama. Zeresan txikia du hemen.
2 FEDERICO (GB). Balioa: 39,5. 7 urte. R. Sousa / E. Leon. 58 kilo. Azkenak: 8-9-4-2. Aurten Urrezko Kopa saihestu du lasterketa honetara freskoago iristeko. Urteekin bere errendimendua jaitsi egin da eta jada ez da sari handietan kokapenen bat lortzen zuen hura. Udako bi karreretan hemen kokatzea lortu du baina askoz maila baxuagoko lotetan. Bere garairik onenak pasa ziren eta ez dugu uste aurrean ibiliko denik.
3 ISKANERHON (USA). Balioa (FR): 41,5. 4 urte. J. Grosejan / M. Delcher. 58 kilo. Azkenak: 8-8-9-7. Mauri Delcherrek Parisetik zaldiren bat ekartzen duen bakoitzero saria haruntza doa. Itxura guztien arabera oraingo honetan ere horrelaxe gertatuko da. Lau urteko zaldi amerikar hau iaz maila altueneko iraupeneko probetan aritu zen Frantzian, 3Gn kokatuz eta 1Gn seigarren postu bat lortuz. Hori beste upeleko sagardoa da. Aurten bere emaitzak ez dira hain onak izan baina beti ere oso maila altuko karreretan parte hartu du. Bere kategoriakorik ez dago hemen eta faborito nagusia izatea merezi du ezbairik gabe.
4 KOSCIUSZKO (IRE). Balioa: 42. 4 urte. J.L. Martinez / G. Arizkorreta. 58 kilo. Azkenak: 2-0-0-1. John Gosden zaldi entrenatzaile britainiar sonatuari 60.000 €tan erositako zaldia da hau. Madrilgo bere lehenengoan, 7 hilabete korritu gabe izan eta gero, ez zitzaion ikusi ere egin. Baina hurrengoan oso erraz irabazi zuen maila ertaineko lote batean, itxura ona emanez. Potentziala igartzen zaio eta distantzia luzeetan ondo ibiliko da Australiaren seme hau. Halere, uste dugu sari handietan lehiakor izateko errodaje piska bat faltako zaiola. Sorpresa eman lezake.
5 PUTUMAYO (FR). Balioa: 43,5. 5 urte. N. de Julian / X. Thomas. 58 kilo. Azkenak: 0-1-3-2. Urrezko Kopan bigarren izan ondoren faborito nagusia izan behar zuen Frantzian Xavier Thomasek entrenatzen duen zaldi honek. Baina azken orduan Delcherrek berrengaiatutako Iskanderhonek kendu dio ohorezko postu hori. Abuztuaren 15ean oso karrera serioa egin zuen baina ezin izan zuen irabazlea estutu. Ordukoa errepikatuz gero irabaztetik oso gertu egon beharko luke. Halere, ez du sekula hainbeste distantzia egin. Dena den bere entrenatzaileak dio ez duela arazorik izango. Lehenengo postuetan ibiliko da.
6 QATAR RIVER (FR). Balioa: 41. 5 urte. J.L. Borrego / B. Valenti. 58 kilo. Azkenak: 1-9-7-5. Negua ezin hobeto aprobetxatu zuen Frantzian eta Espainian lau karrera segidan irabaziz. Geroztik maila altuenekoen kontra saiatu da baina ez du errendimendu onik eman. Lasterketa honetan azken orduan berrengaiatu dute. Ez dugu sasoi onean ikusten, ez du pista ezagutzen, distantzia hain luzean ez da sekula aritu eta arerio hauek bere gainetik daude. Ez.
7 RING CYCLE (GB). Balioa: 41,5. 4 urte. B. Fayos / J.C. Cerquiera. 58 kilo. Azkenak: 3-0-2-1. Erretiratua.
8 TUVALU (GB). Balioa: 40. 8 urte. J. Gelabert / J.M. Osorio. 58 kilo. Azkenak: 4-6-0-1. Karrerako aitona. Hipodromoan entrenamenduan dauden zaldien artetik inork ez dauka bere kurrikuluma. Azken lau urteotan estatuko sari nagusi guztietan aurpegia ematen ibili da. Sari honen azken hiru edizioetan bigarren izan da. Adinaren pisua nabaritzen hasia da baina inork ez du bere eskarmentua proba honetan eta Urrezko Kopan mus eman ondoren, argi dago honetarako gorde dituela indarrak. Errespetu bat edadetuari. Irabazteko ez, baina kokatzen ikusten dugu berriz.
9 WE KNOW (IRE). Balioa: 39,5. 5 urte. Sr. Sarabia / E. Leon. 58 kilo. Azkenak: 2-2-6-7. Urte borobila darama, distantzia luzeak atsegin dituela erakutsiz. Madrilgo Gran Premion eta Urrezko Kopan lasterketa txukunak egin zituen tropelaren erdian geratuz. Bere jabea tematuta dabil berak gidatu behar duela sari handi guztietan. Hemen ez dago bromarik eta uhaletan esku amateurrak asko nabaritzen dira. Horregatik ez balitz lasterketako sorpresa izan zitekeela uste dugu. Baina baldintza hauetan ez zaigu gustatzen.
Gure hautua: 3 ISKANDERHON – 8 TUVALU – 5 PUTUMAYO