Iritsi da azkena. Denboraldiari amaiera dizdiratsua emango dio Donostiako Sari Nagusiak, aurten bai, edizio eder batekin. 106garrena. Eguna ere bikaina amaierarako, estropadekin eta futbolarekin talka egin gabe, jai egun bateko goiza eta PMU sareko jokoarekin aurreneko lau karreretan. Hau da gure azken analisis:
1. Lasterketa (11:35): Amateurren Espainiako Kopa 2022 (handikapa). 2.000 m
01 GAHERIS da dudarik gabe lote honeko onena. Odriozolarena karreraz-karrera gerturatzen ari da Irlandan erakutsitako baliora. Azkenekoan hemen Defined eta El Caneyren atzetik sartu zen, biak Sari Nagusian gaurkoan. Jockeya ere amateurretan txapelduna. Halere, arazo handi bat ikusten diogu: 70 kilo horiek. Halako zama garraiatzeko, Perurena izan ezean, aparteko sasoia behar da eta horrek zalantzak sortzen dizkigu. Alternatibak bilatzen hasita, arin doazenei begiratuko diegu. 04 BABY GROOMek luma-pisua darama eta sasoian dabilela erakutsi du. Buesak uhaletan asmatzen badu proba eskura dezake. 03 EINAR ere antzera. Asperillarekin oso ondo moldatzen da eta deskarguak egoera ezin hobean utziko du.
Gure hautua: 04 BABY GROOM – 03 EINAR
2. Lasterketa (12:05): La Testeko hipodromoa (2 urteko moxalak). 1.600 m
03 MONCAYOk aurrez utzitako abisuak berretsi zituen Criteriumean, laugarren bikain batekin. Gehien erakutsi duena bera da. Gainera, distantzia miliaraino luzatzeak on besterik ez dio egingo, erremate luze zein berandutiarra erakutsi baitu. Dena den, oso kontuz hartu beharreko zaldia dirudi. Irteerako atetxoetan arazoak ematen baititu eta motel irtetzen baita. Arazotxoak arazotxo, gure faboritoa. 02 EL AMERICANOren azken karrera ez da kontuan hartu behar, arazoak izan omen zituen eta. Ez ziren larriak izango berriz pistara badator, aho-uhalak jantzita. Azkenaurrekoan erakutsitako mailarekin oso aurrean egon behar du. 01 AL BARIN SuperLopez modako entrenatzailearen moxala da. Piskanaka hobetzen ari da baina benetako borrokatik oraindik urrun. Piska bat gehiago hobetuko du hemen. 04 PINSAPO estropezuka aurkeztu zen gurean Arizkorretaren debut tipikoan. Jatorri dotorekoa eta prezio altuko moxala. Asko hobetuko du, seguru, baina ez dakigu nahikoa izango zaion hirukoan sartzeko.
Gure hautua: 03 MONCAYO – 02 EL AMERICANO – 04 PINSAPO
3. Lasterketa (12:35): Ur-Kirolak 100 urte (handikap 1. Zatia). 1.500 m
Gaspar Vaz portugaldarra espezialista dugu zaldi beteranoak birgaitzen. 04 MUGUETAJARRA bueltaka ibili da zalditegiz-zalditegi noraezean. Vazek uztailean hartu eta bere onera ekartzen hasi da. Bere balioan eta distantzian arituko da orain. Milimetro gutxigatik galdu berri du 03 BAADIRren gaineko Fayosen kontra. Ez da berriz gertatuko. Behintzat Cadelek ez badu hutsik egiten (20ko ecarta gurean, garaipenik ez….). 08 TALES udako errebelazioa da. 3 garaipen eta bigarren bat segidan, Jaurlaritzan saiatu aurretik. Onenen belarrondokoa jasota, berriz bere tokira dator, handikapera. Guztiz kateatuta ez dago eta deskarguarekin puntan berriz min egingo du. Erne. 03 BAADIR eta 07 ROBLE ere gertu ibil daitezke. Lehenengoari bere sozio Fayos faltako zaio eta handikapean zigortu dute. Bigarrenari distantzia zertxobait labur geratuko zaio eta honek ere Janacek galduko du.
Gure hautua: 04 MUGUETAJARRA – 08 TALES – 03 BAADIR
4. Lasterketa (13:05): Kirol txartela – Donostia Kirola (handikap 2. Zatia). 1.500 m
Konbentzituta gaude 02 PRETTY EMERALD ez dela liga honetakoa. Iazko Criteriumean laugarren izan zen eta Madrilen lanak eman dizkie Anayaren Corps des Pages eta Iron Duke zahar dotoreei. Gaurko hau bigarren zati eskas bat da. Pisuz askeegi ikusten dugu, gaztetxoa izan arren. Esmeralden tokia beste bat da. Irabaztera. 03 BATTLE OF WATERLOO errekuperatzen hasia da Cerqueiraren zaintzekin eta bigarren zatietara erortzearekin. Gaur Fayosen ukabilen falta sentituko du baina oraindik igotzeko tarte dexentea du. Bai ala bai. 09 HANNAk aprobetxatu zuen aurreko astean arerioek emandako pisu-abantaila izugarria. Gaur ez du horrelakorik izango eta, gainera, zapalduta aterako da. Baina jakina da denboraldi bukaeran sasoian egoteak asko balio duela eta berak hori badu. Eta baita Zambudio ere. 05 LEITZA erretiratu egin zuten azkenekoan. Gutxi azaldu da aurten eta horrek zalantzak sortarazten dizkigu. Baina lotea bere neurrikoa da eta ez dugu guztiz gaizki ikusten pisuz. Hobetzeko.
Gure hautua: 02 PRETTY EMERALD – 03 BATTLE OF WATERLOO – 09 HANNA
5 Lasterketa (13:35): 106. Donostiako Sari Nagusia. 2.800 m
Donostiako Sari Nagusian hiru hautagaitza nagusi ikusten ditugu: 02 THE WAY OF BONNIE, 01 CHEVALIER CATHARE eta 07 UP HELLY AA. Azkenekotik hasita, denak erne egon behar dugu Sogorbek gurera Irlandan Listed irabazle eta Gradu kokatu bat ekartzen badigu. Are gehiago Niarchos jakatxoa jantzita duela. Orain urtebete Frantziara ekarri zuen eta orain arte proba errazak eman izan dizkio, konfidantza berreskuratzeko edo. Parisera eraman eta exijentzia maila igo zaionean huts egin du. Azkenekoan Daxeko sari nagusia erraz eraman du hemen paperik izango ez luketen zaldien aurrean. Bere agenda frantsesean ez dago sari handi bakar bat ere eta horrek susmopean uzten du. Iragan loriatsua, baina orain susmagarrikoa. Zalantzak. 01 CHEVALIER CATHAREk oso Urrezko Kopa ona egin zuen. Ibilbide korapilotsua izan zuen baina halere bosgarren. Bere jockey-jabea ez da trebeena lote handietan. Oso zaldi ona eta fidagarria dela frogatu du behin eta berriz, eta Sarabiak uhaletan asmatzen badu sorpresa ederra eman dezake. 02 THE WAY OF BONNIEri ihes egin zion urreak. Ibilbidean kateatuta, errematea aurkezterako gauez egin zitzaion (beste behin). Hemen ez dauka inongo aitzakiarik. Distantzia ere ondo egindakoa da, pista ederki ezagutzen du eta ohiko Janacek kidearekin berriz. Faborito argia. Hirukoa garesti baten bila bazabiltzate ez ahaztu 04 EL CANEY. Osorioren ohiko produktua da, su txikian sukaldatutakoa eta potentziala igartzen zaio, batez ere distantzia luzeetan. Bere maila erakutsiko digu.
Gure hautua: 02 THE WAY OF BONNIE – 01 CHEVALIER CATHARE – 07 UP HELLY AA