zaldilasterketak.eus

“Lasarte kirol-erria” artikulua (1934)

Edu Galardi (@edugalardi) atari honen lagun lasartearrak 1934an Andoni Arozena kazetariak zaldi lasterketei buruz idatzitako artikulua helarazi digu. Hona hemen harribitxia. Mila esker Edu.

Sarrera

Gaur egun euskal kazetaritza alor guztietara iritsi baldin bada, aitzindari batzuk izan zituelako izan da. XX. mende hasieratik 1937. urtera arte hainbat izan ziren euskaraz aritutako hedabide eta kazetariak.

 Andoni Arozenak (Lasarte-Oria,  1907-1989) Lasarte-Oriako gertakizunen berri eman zuen 1930. hamarkadan “Euzkadi”, “El Día” eta “Argian”. Aldian-aldian zaldi lasterketei buruzko aipamenak ere egiten zituen. 

Artikulu honetan, garai hartako euskara garbizalean, hipodromoaren sorrerari buruzko datuak eta Lasarten izan zuen eraginaren gainean irakurri ahalko duzue. Hipodromoari buruz hitz egiten den lehen euskarazko artikulua izan daiteke

Beste askok bezala, 1936ko (Francoren aldekoen) altxamenduaren eta gerraren ondorioz, Andoni Arozenak Venezuelara erbesteratu behar izan zuen. 

Goza ezazue! Izan dadila honako hau Arozenari eta orduko beste kazetariei omenaldi bat.

EDU GALARDI

Honela dio “Lasarte kirol-eria” artikuluak:

Donostiar Iŕatetxean, asteazkenex, “A-Bi” euskal idazle bikañak irakuŕitako lan egokia.

Agur iŕatentzule euskaldunak.

Ozta-ozta mila biztanle besterik ez dituen eŕia izan aŕen Lasarte, beronen izena ospe aundiaz jabetu da. Euzkadi´n ezezik atzeŕian ere bai.

Lasarte´ren aupada orain emezortzi urtezkerokoa, Ipodromoa eginzanezkorokoa dala esan dezakegu.

1916´aŕen urteko Garagaŕila aldera Lasarte jende aŕotzez betetzen asi da: Prantzeraz eta englanderaz izenak dituen edaritegi dotoreak ere iriki dira: “Jockey bar”, “Chantilly bar”, “Tea Garden”, “Sport bar” ta abar.

Zaldientzat etxe beŕi berezi asko egin dira. Etxe dotoreak gero. Zaldi bakoitzarentzat “box” bat, ikulu bat, oetzat lasto  luze garbiarekin. ¿Ukulu izena zatartxoa ez ote? Hamaika gizon-emakume zaldi oien “box” edo ukuluak baño gela zikin eta arloteagotan bizi bai dira.

Zaldi laxterketak ditugu ba Lasarte´n. Ipodromoa, laxterketa tokia. Zubita mendian tajutu da. Ipodromo ori Zubita´ko muga baŕuan egon aŕen Lasarte izena eman zaio. Ona, aldi artako izpaŕingi batek Ipodromo onetzaz ziona: “Situado en un valle magnífico, el hipódromo de Lasarte no tiene igual en todo el Sur-Oeste de Europa”.

Lenengo zaldi laxterketak 1916gaŕen urteko Uztaila´ren 2´gaŕenian jokatu ziran. Orain emezortzi urte.

Zaldi laxterketa gaŕantzitsuenak lehenego urtetakuak izan ziran. Guda, geŕa urte aietan Prantzian zaldi laxterketarik jokatzen etzalarik. Europa´ko zaldi ta “jockey” onenak Lasarte´n biltzen bai ziran.

Orduko “Antivari”, “Tedy”, “Ukko”, “Nouvel An”, “Choix de Roi”, “Billycoch” ta beste zenbait zaldien izenak etzaizkigu aztu.

Stern, Stokes, O´Neill, Archibald, O´Connor, Riolfo, Lyne, Gaudinet  ta beste” jockey” batzuetaz ere gogoratzen gera oraindik.

Guda, geŕa bukatu zanean aldegin zuten guziak eta geroztik urtetik urtera argalago izan dira emengo zaldi laxterketak.

Oietzaz gelditzen zaigun oroipen biziena 1922´gaŕen urteko Agoŕa´ren 10´gaŕena da. Egun ortan jokatu bai zan bosteun da beŕogeitamar mila pesetako laxterketa aundi ura. Beŕorek zaletasun bizi-bizia sortu zuen eta zaldi onenak emen bildu ziran. Bat. “Franklin” izenekoa, Inglateŕa´tik etoŕi zan. Beŕoren kontu lau gizon zetozen eta pentsuk eta edateko ura ere England bertatik, Inglateŕa beratik ekaŕi zituzten.

Aratsaldeko iru t´erdietako Lasarte´ko zoko guziak automobilez ta jendez beterik zeuden. Lasarte´tik Donosti´ra bitarteko bidean, automobilak bat bestearen atzetik, eŕenkada luzean, oñez baño askoz biziago ibili eziñik.

Laxterketa ortako laurogei ta zortzi zaldiren izenak eman ziran aŕen pista´ra hamasei irten ziran.

Garaile, orduko eŕege zanaren “Ruban” zaldia, jockey Lyne zala.

2.400 metro 2 minutu ta 34 segundotan bete zituan.

Apustuan, irabazleari duro bakoitzagatik 236 pezeta ordaindu ziran.

Pentsuk eta ura Inglateŕa´tik ekaŕi ziozkaten “Franklin” zaldia azkenetakoa izan zan. Baña uŕengo igandean eun mila pesetakoa berak irabazi zuan jockey Lyne zeramala.

Ludian ezagutu dan zaldi laxterketa sari aundiena ori izan omen da. Izan ere laxterketa bakaŕean miloi erdia ta geigo pezeta!

Urte ortan, 1922´g, 33 laxterketa egunetan, 1.447.400 pezeta banatu ziran saritan. Ia miloi t´erdi pezeta.

Emezortzi urte auetan Lasarte´n zaldi laxterketak urtero jokatu izan diran aŕen asko dira oraindik kirol oŕen beŕirik ez dutenak.

Laburki bederik azaldu dezagun ba.

Geienean aŕatsalde bakoitzean bost laxterketa jokatzen dira.

Laxterketa bakoitza milatik bi mila eta bost eun metro bitartekoa izaten da.

Laxterketa auŕez zaldi guziak ikuslien auŕean ibiltzen dira. Zaldiak zapitxo batean bere zenbakia, numeroa darama. Zaldi bakoitzak zein “jockey” eramango duen ere agirian egoten da idatzita eta oŕela jokalariak bere gogoko zaldi edo “jockey”ari  jokatzen dio.

Jockey izen englandara euskerazko zaldun ta gaztelerazko jinete da.

Nagusi bakoitzak bere ezaugaŕitzat margo bereziak ditularik “jockey”aren jantzia zaldiaren nagusiari dagokiona izaten da.

Irtetzen dira ba zaldiak pistara ta guziak berdin daudenean irteera emateko dagoen jaunak jexten du ikuŕin goŕia ta zaldiak laxterketari ekiten diote.

Zaldi asko diranean, irteera bear bezela ematen lan zaila izaten da. Batzutan orduerdia ta geigo igarotzen da abereak berdin jaŕi eziñik. Eta zaldi bat edo beste irteeran gelditzea ere gertatzen da.

Zaldi asko leian diranean, elduera, llegada, oso polita izaten da. Askotan gorputz erdiaren aldirik gabe eldutzen bai dira bi edo iru zaldi.

Zaldiak ondo ezagutzen dituztenak asmatzen dute batzutan laxterketa bakoitza zein zaldik irabaziko duen. Baña askotan ustegabeko ziria ere sortzen da. Ezin irabazi zezakean zaldiak irabazi. ¿Sorginkeria ala? Ez, ezta sorginkeria. Askotan nagusiak, “jockey”ak edo zaldi moŕoiak berak “doping” izeneko autsak ematen bai diozkate zaldiari laxterketa bizigoa egin dezan. “Doping” auts oiek abereari ematea galerazia dago, baña…. Jokalaria galerazpen gañetik jauzi egiten, iaioa izan oi da.

“Jockey” geienak beŕogeitamar-beŕogeitamabost kiloz berakuak dira. Legeak agintzen dutenez zaldi guziak ez dute pixu berdiña eramaten. Zaldi batek irabazten duen laxterketa bakoitzagatik uŕengo laixterketarako ainbesteko pixu bat geitzen bai diote.

Zaldiari al dan pixu txikiena jartzeagatik ba, askotan “jockey”ak bere korputzari kendu bear izaten dio. Ori dala-ta neke aundiak egin bear izaten dituzte. Egun batzuek goseak igaroaz gañera eŕopa berogaŕiz jantzirik eguzkiak indar aundiena duen orduan lau, sei amar edo kilometro geioko ibiladiak oñez ein al dan izerdi aundiena ateratzen. Onelako ibilaldietan bi kilo inguru arintzen dira pixuan. Oŕetzaz gañera, ta pixuz geigo arintzeagatik, “jockey” batzuek laxterketa egunean Carabaña botila bat edaten dute.

Gai au ezin utzi dezakegu emezortzi urte auetan Lasarte´ra etoŕi diran atzeŕitaŕen artetik bat berextu gabe: maitiena auxe izan zan Lasarteaŕontzat O´Connor “jockey” iaio, aipatua. Gizon argi ta biotz onekoa.

Lasarteaŕoi etzaigu sekula aztuko O´Connor´ek Ipodromo´ko zelaiean egindako jai edeŕa. Txekor bat erosi zuen ta Ipodromo´ko zelaiean bertan eŕeaz eŕiko guzien artean banatu zuen.

Gure izakerara ain osoki lotu zan ipar-amerikar aren oroiz izan bitez itz auek.

Zaldi laxterketaz gañera egazkitzak, abiaziyoak, beibil laxterketa edo automobil kaŕerak ta “golf” kirolak ere Lasarte´ren izena asko zabaldu dute. Egazkin, aeroplano edeŕik asko jetxi izan dira Lasarte´n.

Orain 14-16 bat urte Txikierdi bideko zelaia, orain “Michelin” ola dagon zelai orixe, berezi-bereziki egazkintzarako zegoala iru edo lau egazkin egoten ziran egunero-egunero egaldiak egiteko.

Beibil laxterketak, automobil kaŕerak dirala ta Lasarte´n jendetza aundiak bildu izan dira. 1926´gaŕen urtean Europa´ko txapeltza jokatu zanean batez ere.

Beibileramale onenak emen ikusi izan ditugu: Seegrave, Benoit, Divo, Constantini, Massertti, Chiron, Varzi ta beste asko. Azkenik, iaz, ementxe izan zan guztien txapeldun dan Nuvolari iaioa.

Orain 19 urte, 1915´gaŕenean asi zanetik uda ta negu egunero izaten dira jokalariak “golf” kirolerako Lasarte´n dagon landa edeŕean.

Gure eŕiko landak kirol jolasetarako egoki-egokiak izan nunbait eta “cross-country” koŕika txapeltzak ere jokatu dira Lasarte´n. España´ko txapeltzak iru ta Gipuzkoa´koak bi.

Agur jaun-andreak, eta euskal iŕatsaio auen lenengo itzalditxoan Lizardi zanak bezela, nik ere amets zakaŕik gabeko loa opa dizutet. Gabon.

EL DÍA egunkarian, 1934ko martxoaren 17an, larunbatez.

Andoni Arozena zenaren lekukoa harrotasunez hartzen dugu www.zaldilasterketak.eus gure ataritxoan, kirol honi buruzko informazioa euskaraz hedatu asmotan. Eskerrak hemendik Andoniri halako kronika ederrarengatik eta baita Eduri aintzindaria gogora ekartzeagatik!

“Lasarte kirol-erria” artikulua (1934)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top