
Coronavirusaren astinduak hankaz gora utzi du La Zarzuela hipodromoko programazioa. Martxoaren erdialdean itxi behar izan zuenetik bere programa etenda gelditu da, abisu berrira arte.
Honez gero atzean gelditu dira jada korrituta behar zuten Duque de Alburquerque (2.000 metro) edota hiru urtekoen Pouleak. Denbora aurrera doa eta hipodromoak programa berri baten zirriborroa atera du, non udaberriko sari nagusi guztiak hilabete eskasean jokatuko liratekeen. Zip artxibo bat bezalaxe. Honela:
- Pouleak (Cimera eta Valderas): ekainaren 7an (prestaketakoak maiatzaren 24an)
- Duque de Alburquerque: ekainaren 14an
- Gran Premio Claudio Carudel: ekainaren 21ean
- Gran Premio de Madrid: ekainaren 28an. Egun hau “Champion´s Day” antzeko bat izango litzateke, bertan jokatuko bailirateke beste sari handi hauek ere: Martorell (2 urtekoak), Urquijo (sprinta) eta Beamonte eta Villapadierna (Derby) klasikoak.
Berez, Gran Premio de Madrid egun horretarako zegoen aurreikusia, ekainaren 28rako, Martorell saria bezalaxe. Klasikoen pilaketa honek sareetan kritika bat baino gehiago jaso ditu, baina ezohiko egoera kontutan hartuta eta sektorean dagoen premiari erreparatuta, gaitzerdi esan beharko.
Hortik aurrera, La Zarzuelak uztailaren 2tik abuztuaren 8ra, ostegunero, lasterketak ematen jarraituko luke. Itxuraz belarrean, gauetako hondarrezko festa-giroko jardunaldiak alboratu eta goizeko jardunaldiak eskainiko lituzkete. Hango beroarekin, oso goiz ibili beharko…
“Programazio berria betetzeko ezinbestekoa da Madrilek “deseskaladaren” 1. fasera maiatzaren 11an pasatzea”
Baina guzti hauek asmoak baino ez dira. Datozen orduak erabakigarriak izan daitezke. Izan ere, “deseskalada” ospetsuaren lehenengo fasera pasatzeko Madrilek etxekolanak eginak ote dituen ez baitago batere argi. Eta gobernuak ezarritako osasun adierazleak ez badira betetzen, hipodromoaren asmo guzti hauek jai izango dute. Epe guztiak atzeratu egingo lirateke eta. Asuntoa ministroaren eskutan gelditzen da.