
Berandu bada ere, hemen ditugu Madrilgo Pouleak ezohiko garai eta egoera berezian. Apenas denborarik izanda 3 urteko moxalak prestatu eta elkarren kontra alderatzeko, klasika handietako bati aurre egin beharko diote. Baldintza hauetan, iragarpenak oso halamoduzkoak izango dira, baina horri ekingo diogu. Aipatu, aurtengo Poule hauetan, itxuraz, aurreko urteetan baina maila altuagoa dugula iruditzen zaigula. Inpresioa da, karrera gutxi izan baitira hau frogatzeko. Ea pistan ikusten dugun.
Valderas (12:30): emeen txanda
1 FAVEUR GRINE: Zubietan irabazi berri, forma punttua bere alde du. Bere alde ere saiatua dela eta borroka egingo duela. Baina uste dugu lote honetan maila handiko behorrak daudela eta bera koska bat azpitik dabilela. Bestelako konpainietan ondo irabaziko du bere bazka.
2 GUERREIRA: iaz bere adineko guztiak menpean hartuta zituen Frantziatik etorritako Salar Island beteranoa bere bidean gurutzatu zen arte. Bere entrenadoreak dio kiloren bat soberan duela eta ezin izan duela nahi bezala prestatu. Partaideen ibilbideari begiratuta irabaztetik oso gertu beharko luke, baina egoera berezi honetan zalantzak ditugu bere sasoi puntuaz. Faborito logikoa, baina susmopean.
3 JARANA: Soto gazteak prestankutzako lasterketan berrengaiatu zuen onenen kontra bere debuta egin zezan duela hamabost egun. Gustura gelditu omen zen eta horregatik izango da irteeran. Guri ere bere debut lasaia gustatu zitzaigun, nahiz eta noski berde xamar egon aurrenekoetatik oso gertu bukatu zuen bat ere behartua izan gabe. Sorpresa.
4 LADY TRINITY: lehenengo edo bigarren bere karrera guztietan, irailetik pistetan ez dugu ikusi. Guerreirak ondo menperatuta zeukan Zubietan eta hemen ere uste dugu puntu bat azpitik egongo dela. Baina Leonen patiokoa denez -kanariarra dena irabazten ari da azken aldian- ez dugu guztiz marratuko. Outsiderra.
5 LINDA: iraileko bere debuteko garaipenaren bideoa berrikusi dugu orduko hura prestakuntzako karreraren ondoan alderatzeko, ea moxal berdina den. Berriz liluratuta gelditu gara ordukoa ikusita, zein erraz nagusitu zitzaien Abu, Jack Jack eta abarrei! Leon entrenatzailea on fire dabil eta Lefebrve frantsesa ekarri dute uhaletarako. Asko gustatzen zaigu.
6 NERVA: bere emaitzarik onenak Sevillan lortu ditu erdipurdiko loteetan. Prestakuntzakoan, Zubietan, argi gelditu zen ez dagoela onenen mailan. Azken postuetarako hautagaia.
7 PRAVIA: kostata, baina azkenean irabazi du. Prestakuntzakoan. Aurreko bostetan kokatua, baina ezin irabazi zebilen Rocio Behortegiaren fitxaketa galaktiko hau. Oso erregularra, hori bai. Bere garaipenean erakutsitako mailarekin uste dugu gertu egon daitekeela, baina beste batzuei garapen handiagoa somatzen diegu. Kokatzeko.
8 ROLA: dezepzioa eraman genuen Zubietako berragerpenean berarekin. Bere entrenatzaileak dio oso gaztea dela eta dena arrotza egin zitzaiola prestakuntzako karrera horretan. Beste aukera bat emango diogu eta debutean erakutsi zigun erremate hori berriz ateratzen duen. Sorpresa hau ere.
9 ROSY MOON: orain arteko bere irteera guztiak ederki zukutu ditu, 6 karreratik bi garaipen eta hiru bigarren. Prestakuntzakoan, oso jarrita egonik, amore eman behar izan zuen azkenean Praviaren aurrean. Bere patioa ezagututa, uste dugu goraka jadanik ez duela asko egingo. Baina oso erregularra da eta bere maila emango du, irabazteko emango ez diona. Peslier jauna zelan. Bigarren multzo batean ikusten dugu.
10: TARANTELA: azken ordutetan bereari buruz hitz egiten entzuten ari gara. Irabazlea debut lasai baten ostean -Arizkorreta etxearen marka- itxura onarekin baina atzean ezer gutxi utziz. Ordutik -azaroa- ez dugu berriz pistan ikusi. Inbertitzen duen diru guztiarekin AGF Behortegiak merezi du horrelako garaipen bat, baina uste dugu hurrengo batean izan beharko duela, hemen otso asko baitago. Zalantzak.
11 VIANA: guztien ahotan dabilen Rodaballo -Cimerako faboritoa- menpean hartu zuen bere debutean, estilorik onenarekin. Hori abenduan izan zen lokaztutako pistan. Bere entrenatzailea ez dabil oso animoso eta badirudi gehiago pentsatzen dabilela Oaksen oraingo lasterketan baino. Jatorriarengatik badirudi distantzian hobeto ibiliko dela. Dena den, debutean erakutsitakoarengatik lehenengoen artean egon behar duela uste dugu. Hortxe.
Gure hautua: 5 LINDA – 2 GUERREIRA – 11 VIANA – 3 JARANA
Cimera Saria (13:00): arrak eszenara
1 ALBORAN: martxoko Opcionalean borrokan ibili zen eta sasoi puntu onean irits daiteke. Bere prestatzaileak dio ordutik asko hobetu duela eta indartsu iristen dela hitzordura. Guk uste dugu zertxobait falta zaiola podiumean egoteko. Erdi parean.
2 BAADIRR: Zubietan aurkeztu zuen bere burua duela bi aste, prestakuntzakoan. Aurretik Britania Handian 35 balio sendoa erakutsi zuen. Bere erremate berandutiar eta indartsua gustatu zitzaigun eta seguru ordukoa hobetuko duela. Kokatzeko aukerak ikusten dizkiogu.
3 BABA KARAM: bere bederatzi irteeretatik zortzitan kokatua. Prestakuntzakoan huts egin zuen. Saiatua bera bezalakoa, baina horrek ez dio aukera ematen konpainia honetan. Atzean.
4 DRAPER: beste bat zintzo baino zintzoagoa. Beti hor dago, diruan. Seitan kokatua zazpi irteeretatik baina onenengandik urruti. Poule bizitzan behin korritu daiteke eta horri eutsi diotela uste dugu. Hemen egiteko gutxi dauka.
5 EL SALADILLO: Sevillan irabazlea, beti zurrumurru izan den zaldi horietako bat. Bizia, distantzia motzagoetarako egokia. Uste dugu hemen ez zaiola ezer galdu.
6 ILYOCHKINE: ez dugu ulertzen bere berrengaiatzea karrera honetan. Parisetik dator 35,5eko balioarekin. Zazpi irteeretatik bakarrik behin irabazi du bigarren mailako hipodromo batean, Pornicheten. Gainera milia terdian egin ditu bere azken lasterketak, eta ez emaitza onarekin. Aste honetan bertan salmenta karrera baterako zeukan izena emana Croise-Larochen. Bere aukera marratzeko adierazle guztiak biltzen ditu. Baina Mauri Delcher jauna du entrenatzaile eta honek inork baino hobeto badaki zer egiten duen. Estatuan dagoen mailari neurria hartua dio, oso. Urruti gabe, iaz gauza bera egin zuen Einarrekin, salmenta karrera batetik, 34 balioarekin Cimera irabaztea. Bakarrik horregatik, atea irekita utziko diogu badaezpadaere.
7 MARRERO: aho bete hortz utzi gintuen duela hamabost egun Zubietan. Bihurgunean jada karrera erabakita zeukan ateratako alde izugarriarekin. Ordukoa gogoan, ez daitezela despistatu. Sasoi bete-betean dabil. Fayosi puntan egiten uzten badiote sorpresa eman diezaieke belaunaldiko oilartxoei. Erne.
8 ORZOWEI: abenduan irabazi zuen Sevillan itxura onarekin baina atzean ezer utzi gabe. Aurkari hauen kontra ez diogu aukerarik ikusten, nahiz eta hobetzen joango den. Ez.
9 PELLIQUERO: garaipen txundigarria utzi zuen martxoan. Ez hainbeste garaitu zituen aurkariengatik, egiteko moduagatik baizik. Prestakuntzakoan, Zubietan, erremate polita utzi zuen azken orduan, nahiz eta pistan oso eroso ikusi ez eta bidaia txarra izan. Oso ondo hitz egiten dute berari buruz. Itxura ona baina guri bere patioaren egiteko moduak ez digu konbentzitzen eta hemen denak zorrotz baino zorrotzago aurkezten dira. Halere, gertu.
10 RODABALLO: Vianaren atzetik debutean, era guztietako laudorioak jaso zituen bere bigarrenean sekulako erakustaldia eginez. Hori martxoan izan zen. Egia esan behar bada, bere atzean gelditu zirenak ez dute ezer aipagarririk egin eta esperientzia gutxi du. Zalantzarako itzal bakarrak hortxe aurkitu diezaizkiokegu. Lope de Vegaren seme honek handien itxura du baina kontrastea falta. Txapeldunen antzera entrenatzen omen du. Faboritoa.
11 ROYAL DANCER: esperientzia handikoa, 7 karrera, eta ia beti lehenengoen artean. Prestakuntzakoan ere bigarren izan zen, Salar Island faboritoaren atzean. Hemengo onenen azpitik dagoela dirudi, baina bere erregulartasunetik tiraka, besteen hutsak aprobetxa ditzake. Peslier handia zelan. Ez dugu uste.
12 SALAR ISLAND: Frantziatik ekarri zutenetik hemengo errege bihurtu da, dena irabaziz. Prestakuntzakoan ere aise menperatu zituen gaur arerio dituen asko. Bere 40ko balioak langa oso altu jartzen du gehienentzat. Irabazi nahi duenak langa horren gainetik salto egin beharko du. Janacek liderra zelan. Loteko seguruena, irabaztera.
13 TRUHAN: Dream Ahead honek bere abiadura aprobetxatu zuen 2 urterekin kaxa egiteko distantzia laburretan. Prestakuntzakoan guk uste baino hobetu korritu zuen teorian luzetxo gelditu behar zitzaion milian. Iparrorratzik gabeko patioa. Uste dugu hemen ez zaiola ezer galdu.
Gure hautua: 12 SALAR ISLAND – 10 RODABALLO – 2 BAADIRR – 6 ILYOUCHKINE