zaldilasterketak.eus

Martxoak 12: analisia

Beste denboralditxo bat, lau jardunaldiz osatua, udaberri hasiera honetan zaldi lasterketez gozatzeko aukera emango diguna. Ez dira goi mailako sariak izango bai udan etorriko denaren aperitifa. Ostiral honetan bost lasterketa izango ditugu eta, iragarritako euri apurra kontuan izanik, pentsa genezake lurra bigun antzean topatuko dugula. Ondo gosalduta etorri, asuntua 10etan hasten baita. Goazen analisiarekin.

1. Lasterketa (10:05): Aiete saria (3 urteko ez irabazleak). 2.000 m.

4 ISABELA Baronia gure kuttunaren alaba da, pistako erregina. Hemen egin zuen debuta udan eta bere ikuiluan ohikoa denez hobetzen joan da trebatu ahala. Madrilen Danko oilarrarengandik gertu iritsi zen, hurrengoan kale egiteko (aitzakia bazuen). Hobetzen jarraituko du eta lotea ez da batere gogorra. Irabaztera. 1 HA CHOP Zubietako bere hiru irteeretan beti kokatu da baina kanpoan oso maila eskasa eman izan du. Apala da, baina ibilbide honetara hain ondo egokitzen denez berriz ondo korritzea espero dugu. 2 CHIEF OF STALLek debut polita egin zuen azaroan, Ha Chopengandik oso gertu. Hilabete hauetako hobekuntzarekin aurretik beharko luke orain, baina zikiratu berri dute eta denbora piska bat eman beharko zaiola uste dugu. 5 ASHINGAk odol ezin urdinagoa du zainetan (Kingman eta Ashyila). Bai, ¡Kingmanen alaba!. Udazkenean Provenzan ezin okerrago ibili da bere 4 irteeretan Cédric Rossiren aginduetara. Orain Imazen ikuilura pasa da. Gene horiekin dena da posible. Argi.

Gure hautua: 4 ISABELA – 1 HA CHOP – 5 ASHINGA

2. Lasterketa (10:35): Altza saria (salmenta). 2.000 m.

1 KOREVSKY Listed kokatua da ordekan eta hesitan. Bere gaztaroan. Udan Zubietan erroldatu zen. Azken urtean bi lasterketa bakarrik ditu, osasun eskasaren seinale. Curriculuma ikusita (46ko balioa izatera iritsi zen!) ez legoke konparaziorik, baina ez dauka kolore onik. Albaitariak jakingo du. 7 SAUMETek ere sekulako malda beherakoa egin du udaz geroztik. Pista eta distantzia ez dira arazo, baina osasunez hau ere justu dabilela dirudi. Halere, bere azkenekoan Mendi-Marzanen borrokarako iraganeko adore izpitxo bat ikusi genion. Agian nahikoa hemen irabazteko. 2 BARRY LYNDONen garairik onenak ere aspaldi pasa ziren. Noizean behin karrera txukunen bat izaten du baina jarraikortasunik gabe. Eskuz-esku dabil eta orain Oliveira portugaldarraren zalditegiarekin estreinatuko da. Auskalo. Gainontzerakoek kateatutako porrotak ikusita, ezin inor gomendatu. Karrera oso zaila pronostikorako. Bolatxoa erruletan bueltaka…

Gure hautua: 7 SAUMET – 1 KOREVSKY – 2 BARRY LYNDON

3. Lasterketa (11:05): Anoeta saria (behorrak). 2.000 m.

1 SUDAFRICA zen eguneko irabazlea, baina erretiratu dutenez beste faboritoren bat bilatu beharko dugu. 3 NAYADEk bere debutean hemen irabazi zuen, artean Patrick Olave euskaldunaren ikuluan. Urte terdi geroago ezin esan asko hobetu duenik baina maila nahikoa erakutsi du hemen irabazteko. Orain Ramon Costa kataluinarraren ikulura pasa da, gure karrerak fin prestatzen dituena. Faboritoa. 5 ASCENSION DIRECTE ere gurean oso ondo moldatzen da. Baina distantzia laburragoetan hobeto dabil eta pisuz kalteatuago ateratzen da. 2 BRISCOLA ere irabazle atera zen gurean pasa den udan, orduan Enrique Leonen aginduetara. Orain David Farlete kataluinarraren ikuluan dabil eta azkenak ilun xamarrak ditu. Halere, pisuz ondo ateratzen da.

Gure hautua: 3 NAYADE – 5 ASCENSION DIRECTE – 2 BRISCOLA

4. Lasterketa (11:35): Añorga saria (handikap 2. zatia). 1.500 m

3 JUST ONE LOOK Ramon Avialek entrenatutako behorra bigarren zatian “erori” da eta aukera ez luke pasatzen utzi beharko. Udan lehen zatiko lote gogorragoetan borrokan ibili ondoren eskertuko du kategoriaz jaistea. Gainera etxean jokatzen du. Gelabert gidaritzan. Gure faboritoa. 7 BELLA CANARIASek baldintza berdin-berdinetan lortu zuen garaipena azaroan hemen: distantziak, jockeyak eta deskarguak argi guztiak berde pizten dizkiote. Ea sasoi punttu berdinean dagoen. Oso gertu ibiliko da. 1 DUNNABYk ia bi urte eman ditu hipodromoetatik kanpo. Marc Comas kataluniarrak berreskuratu du eta, bi karrera Paben eman ondoren, prest egon liteke bere balioa emateko. Eta ez zen bigarren mailakoa. Etxean jokatzen du eta pistan irabazitakoa da. Erne. Pereirak bi bala prest ditu karrera honetan, 6 SUCH PROMISSE eta 10 HATHA. Gure denboraldiak ondo prestatzen ditu eta ez ginateke harrituko sorpresa emango balu. Guri gehiago bigarrena gustatzen zaigu.

Gure hautua: 2 JUST ONE LOOK – 7 BELLA CANARIAS – 1 DUNNABY

5. Lasterketa (12:05): Amara saria (handikap 1. zatia). 1.500 m

5 NIRMALI orain arte erakutsitakoa baino askoz hobea dela uste dugu. Aga Khan ohiak itxura polita utzi zuen hemen udazkenean Lone Peak onaren ondoan. Madrilen fibran eta distantzia motzean gaizki egitetik dator baina konbentzituta gaude hemen hobetuko duela. Sousarekin. Gure hautatua. 2 BACIVERrek garaipen polita utzi zuen Madrilen udazken honetan lur oso lokaztuan bere adinekoen kontra. Ahalmena ikusten zaio, baita hobekuntza ere eta seguru azken lehian sartuta egongo dela. 1 CITY GENTek sekulako mauka bilatu du Hrubosovaren deskarguarekin (3,5 kg!). Handikapean altu dabil eta seguraski nekatuta (5. irteera jada aurten!). Baina punta hartzen badu, deskargua baliatu eta bere entrenatzaileak daraman bolada eroarekin jarraituta, dena da posible. Elarre on fire!

Gure hautua: 5 NIRMALI – 2 BACIVER – 1 CITY GENT

Martxoak 12: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top