Udaberriko lehenengo jardunaldi honetan, espero bezala jende gutxi, ehun lagun eskas eta garai honetako ohiko eguraldia: zaparradaren bat, eguzkia tarteka eta fresko. Pista, ofizialki markatutako 3.4 neurketa hori baino zertxobait bigunxeago. Sorpresa gutxi eta ñabardura interesgarriren bat edo beste.

1. Lasterketa (10:05): Aiete saria (3 urteko ez irabazleak). 2.000 m.
Faboritoa zen eta ez zuen hutsik egin. Baronia zubietazalearen ISABELA moxalak aise menperatu zituen beste seiak, buruan egindako ibilbide bati esker. Zuzenaren erdian jatorri aristokratikoa duen ASHINGAk imintzioa egin zuen gerturatzeko, baina indar nahikorik ez. Halere, paper horiekin arretaz jarraituko dugu. HA CHOPek distantziaren luzera ordaindu zuen azken metroetan eta espero baino motelago aritutako CHIEF OF STALLek lapurtu zion hirugarren plaza. Irabazleak bere neurriko karrera topatu zuen, distantziaren luzatzea probestuz. Hobetzen jarraituko du baina ez zaigu iruditzen punta-puntakoa izango denik. Miguel Alonsoren CHIEF OF STALLengandik gehiago espero genuen Derbyan egindako izen-ematea ikusita. Beste aukera bat emango diogu El Ingratoren anaia honi.
Bere tokian: ISABELA / Huts: CHIEF OF STALL / Jarraitzeko: ASHINGA

2. Lasterketa (10:35): Altza saria (salmenta). 2.000 m.
Bezperakoan esaten genuen bezala loteria bat. Batzuk aspaldi korritu gabe, besteak osasunez justu eta gainontzerakoak balio eskasekoak, lasterketa ez zen xamurra pronostikatzeko. Eta hara non goizeko sorpresa nagusia hemen eman den PIROPOren garaipenarekin (13/1). Ibilbidearen garapena ere xelebrea izan da oso, NA RUAk eta COVADONGA´S LAKES punta bizia jarri dute eta denok espero genuenean atzeko faboritoek erraz harrapatuko zituztela, indarge azaldu dira, huts handia eginez. Orduntxe, besterik ezean, ordura arte gordeta joandako PIROPO azaldu da, aurrena NA RUA agortua pasaz, eta ondoren beste iheslaria erraz gaindituz. Oso berandu jarri da martxan SAUMET faboritoa erremate ahul batekin, agian bigunean ezesoro, hirugarrena lortzeko. Sinestezina Kantauri behortegiko COVADONGASi atera zaion karrera, miliara ezin iritsirik ibili da beti eta gaur 2.000 metrotan bigarren egitea lortu baitu, estrategia punteroa eta pisua lagun. KOREVSKY eta BARRY LINDONen lanak oso grisak, ia beltz.
Bere tokian: inor ez / Huts: KOREVSKY / Jarraitzeko: COVADONGA´S LAKES

3. Lasterketa (11:05): Anoeta saria (behorrak). 2.000 m.
Ramon Avial entrenatzailea konbentzituta azaltzen zen karrera aurretik bere behorra sasoi betean zegoela eta irabazi behar zuela. Eta hala egin zuen, Jaime Gelaberten eskutik. Distantzia pittin bat luzea izan arren oso erraz irabazi du ASCENSION DIRECTEk. SUDAFRICAren bajarekin, arerio gogorrik ere ez du topatu ondoan. NAYADE faboritoari fintzea falta zaio oraindik (hala aitortu du Ramon Costa bere entrenatzaileak) eta, ondorioz, BRISCOLA eta VOLGAR izan dira zertxobait gerturatu zaizkionak hirukoa osatzeko , baina irabazlea batere larritu gabe.
Bere tokian: ASCENSION DIRECTE / Huts: NAYADE / Jarraitzeko: VOLGAR

4. Lasterketa (11:35): Añorga saria (handikap 2. zatia). 1.500 m
Beste karrera bat Mila Hrubosovarentzat. Martxa ederrean dabil jockey txekiarra garaipenak bat bestearen atzetik pilatuz, bere deskargu oparoa lagun duela. Oraingoan azaroan lortu zuena fotokopiatuz: zaldi berdina (BELLA CANARIAS), distantzia bera eta estrategia errepikatuz. Berrehun metroren faltan bazirudien DUNNABY birjaioak karrera kontrolpean zuela HATHA puntero ahitua gainditzen ari zenean, baina barrutik hortxe zetorkion Mila metroz-metro abantaila jaten bere 49 kiloei esker arineketan. Marc Comas kataluinarraren 8 urteko zuribeltzak amore eman izan behar du behorraren aurrean gorputz eskaseko diferentziarekin. Hurrengoan, jada zorroztuago, ez du barkatuko zaharrak. Hirugarren, berandu, JUST ONE LOOK etorri da, espero baino apalago. Gutxitan izango ditu eskura handikap errazagoak.
Bere tokian: BELLA CANARIAS / Huts: JUST ONE LOOK / Jarraitzeko: DUNNABY

5. Lasterketa (12:05): Amara saria (handikap 1. zatia). 1.500 m
NIRMALI Aga Khan ohiak goizeko karrera interesgarriena irabazi du jardunaldia ixtekoan. Sousaren hitzetan zaldiak azken metroak gosez jan ditu eta gehiagorako ere joera hartu dio. Madrilen itxura eskasa eman ondoren badirudi Invicible Spiriten seme hau gustura sentitzen dela gurean eta datorren asterako ere hemen matrikulatuta daukagu berriz. Halere, zuzen erdian ez zirudien CITY GENT inork harrapatzeko modua izango zuenik. Ion Elarre donostiarrak entrenatutakoa tximista bezala irten da atetxoetatik Hrubosova arinarekin eta baita sekulako abantaila atera ere tropeltxoari. Baina azken metroetan bateria kolpetik hustu zaio, plof!, eta laugarren tokiarekin konformatu behar izan du. Harrigarria BACIVERen bigarrena. Bugatiren ezezagutzaren madarikazioa ordaindu eta azken-azkena geratu da, martxa ia guztiz galduz, baina zuzenean orekatu, karburatzen hasi eta erremate oso deigarria utzi digu, pista luzeago baten gosez. Lokatza atsegin du eta aurki irabaziko du berriz. Erne ere TROVATORErekin, Aguilera amateurraren gidaritzapean gaur, oso gertu egon baita bere jaka berriaren estreinaldian.
Bere tokian: NIRMALI / Huts: CITY GENT / Jarraitzeko: BACIVER eta TROVATORE
Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar