zaldilasterketak.eus

Martxoak 19: analisia

Udaberrko bigarren jardunaldia. PMU hau ere. Dirudienez udaberritik gutxi izango du eta negutik asko, hotza eta euria edukiko baitugu, erruz gainera. Hori gutxi ez eta 9:35ean hasiko da lehenengo lasterketa. Berunezko zaletasunak errebisatzeko hitzordua. Gustuko tokitan, aldaparik ez dugunez ikusten, hantxe izango gara goizean goizetik. Lokatzetara begira ohiko analisia doakizue jarraian… ostiraleko gosariarekin errepasatzeko.

1. Lasterketa (09:35): Santa Katalina Zubia (salmenta). 1.600 m.

Aurreko asteko salmenta karrera baino zertxobait hobea, 4 GRANACCI nabarmendu behar dugu pronostikoan. Calderonek entrenatutakoak hemen ekainean irabazi zuenetik ez du berriz bururik altxa, ia 10 kilo jaitsiz. Bere entrenatzaileak dio gaizki bidaiatzen duela eta lokatza eskertuko duela. Hala bada, etxean jokatzen duen honetan ez dauka aitzakiarik. Berrengaiatua, beste kategoria batekoa da. Irabaztera. 3 TIERMESek ez daki gaizki korritzen. Errealaren antzera, aukera asko behar izaten ditu gola sartzeko, eta behin bakarrik gailendu da, Pinedan. Berdin zaio hipodromoa, lurra eta sasoia, bera beti hor. Beste behin. 5 GRILO ere antzera ibili da pasa den urtean gurean. Udazken aldera esfortzu gehiegi pilatu zituela eta atsedena hartu du azarotik. Freskotasuna aprobetxa dezake. N. de Julianek lanak izango ditu Grilo eroa gobernatzeko, galde diezaiola Fayosi ea nola. Kokatzeko.

Gure hautua: 4 GRANACCI – 3 TIERMES – 5 GRILO

2. Lasterketa (10:05): Mundaiz Zubia (handikap 2. zatia). 2.200 m

3 ORRI inoiz baino baxuago dago handikapean, bigarren zatian erortzeraino. Uste dugu handikaperrei behatz artetik ihes egin diela. Biguna gustuko du, gure pista ere bai, distantziara irits daiteke eta, zalantza izpirik geratzen bazaizu, Janacek zelan. Lotuta eta ondo lotuta, 75ekoa bezalaxe. Faboritoa. 2 IVAN EL TERRIBLE ere ohituago dago lehenengo zatiko arerioen artean. Honek ere inguru zingiratsuak maite ditu. Udazkeneko azkenekoan hemen bigarren egin zuen First Cornillieren atzetik (gaur lehenengo zatiko burua!). 9 urte jada baina balio nahiko segurua. 1 PIROPOk harri eta zur utzi gintuen pasa den ostiralean inork espero ez zuen garaipenarekin, arrakalaz jositako lotean, hori bai. Zailago izango du orain eta frogatu beharko du distantzia eta lokatza kudeatzen dituela. Ikusteke. Ion Elarreren parea, karakola eta barea (dirudite), baina oraindik entrenamenduan mantentzen baditu guk ez diegu begirik kenduko. 6 NA RUAk punta eroan egin zuen Piroporen karrera, amaiera aldera lasai asko bukatzeko. Ordukoan baino 6 kilo gehiagoko abantaila izango du gaur. Ez dira gutxi. Elarreren ikuilua erradioaktibo dabil. Chavez gaztetxoa berriz uhaletan. Orain ala inoiz ez. Kasu.

Gure hautua: 3 ORRI – 2 IVAN EL TERRIBLE – 6 NA RUA

3. Lasterketa (10:35): Maria Cristina zubia (handikap 1. zatia). 2.200 m.

1 FIRST CORNILLIEREk oso baldintza berdintsutan irabazi zuen abenduan hemen azken jardunaldian. Lokatza eta Janacek berriz, baina pisuz estuago. Dizdira handirik gabeko lehenengo zatia da hau eta berriz irabaz lezake. Faborito bai baina su handirik gabe. 6 SISON ere irabazle atera zen hemen udazkenean, askoz gehiagoren iradokiz. Min hartuta hurrengoan, ezin izan zuen maila eman. Berriz ere zoru sakona aurkituko du. Frantzian prestatzetik dator. Zalantza bakarra Victoria Alonso bere jockey gaztearen eskarmentu falta. 5 SOUND OF VICTORYk 36ko balio oso txukun bat ekarri zuen Frantziatik iaz (G2 korritutakoa nonbait). Madrilen maldan behera joan da orain arte. Jada 28,5n dago eta Madrilgo fibran kokatzetik dator. Aspaldi lur lokaztuan irabazitakoa da eta Raul Ramos lasartearra izango du beste behin uhaletan. Outsiderra.

Gure hautua: 1 FIRST CORNILLIERRE – 6 SISON – 5 SOUND OF VICTORY

4. Lasterketa (11:05): Kursaal zubia (3 urteko ez irabazleak). 1.500 m.

Goizeko lasterketa politena. Poulerako bidean testa moxal askorentzat. 5 MARCHELOren debuta oraindik ninian daukagu bueltaka, bihurgunean zabaleraino desbideratu eta zuzenean arerio denak irentsi zituen egunekoa. Hurrengoetan porrota jaso zuen, baina ziur gara debuteko hura ez zela egun bateko lorea izan. Danko ikuilukidearekin bikote killerra osatu behar du aurten. Cameloten semea, beraz lokatzetan pozik. Distantzia luzeagoan agian hobeto. Madrilgo Poulerako proba. Ea Alvaro Odriozolak suertea duen bikote magiko honekin. Merezi du. 1 NATURAL TALENT Arizkorretarenak udan hemen irabazi eta maila mantendu du Madrilen. Pisu gogorra berragertzeko (60 kilo) baina esperantzak dituzte berarekin. Klasikoetan inskribatuta dago. 7 NEW ADELEk oso debut polita egin zuen hemen Marcheloren erakustaldian. Bere amaren klasearen erdia atera badu, erne berarekin. Hilabete gehiegi pistetatik kanpo, baina arreta jarriko diogu hurrengoetarako. 9 COCKLINAk ezustekoa eman zuen hemen udazkenean erdi mailako lote bat mendean hartuz. Marc Comas kataluinarrak Frantziatik berreskuratutako moxal honek hobetzen jarrai dezake baina oraingoan arren atzetik ibiliko dela uste dugu. Halere, emeen Poulerako probetan hau ere.

Gure hautua: 5 MARCHELO – 7 NEW ADELE – 1 NATURAL TALENT

5. Lasterketa (11:35): Jose Antonio Agirre zubia (behorrak). 1.500 m

2 GUERREIRA Frantzian ibili da Listed mailko karreretan borrokan beltzatxoa lortu nahiean. Helburua lortu ez baina maila polita eman zuen, baita Madrilgo bere azkenekoetan ere. Hemen kategoriaz asko jaisten da eta irabaztera derrigortuta dago. Bere prestatzaileak aipatzen dituen iel egotearen arazoek ez badute oztopatzen ez dago beste irabazlerik. Badaezbada ere Janacekekin. 3 ASCENSION DIRECTEk oso garaipen polita lortu zuen pasa den ostiralean arerio askoz apalagoen kontra. Hemen pisuz kaltetuta atera arren, inork ez du bere sasoi punttua izango eta bere etxean jokatuko da. Faboritoen hutsen esperoan. 1 FAVEUR GRINE lasterketako bigarren baliorik altuena da. Oso saiatua, beti dago lehenengoen artean. Lokatzetan kontrastatu gabea. Madrilgo fibran sasoia erakustetik dator (bi kokatu eta garaipen bat azken hiruetan). Kokatzeko. 8 BAAQY berrengaiatu dute karrera honetan. Al Maktoum ohia pistetatik kanpo urte terdi eman ostean Madrilen egokitzeko bi lasterketa apal jokatu ditu. Antonio Sanchez bere entranatzailea propio dator berarekin gurera. Begi bat jarriko diogu.

Gure hautua: 2 GUERREIRA – 3 ASCENSION DIRECTE – 1 FAVEUR GRINE

KOMUNIKABIDEEN PRONOSTIKOAK

Denboralditxo honetan ez gara gaizki hasi. Aurreneko jardunaldian bigarren. Ea bide horretatik jarraitzea lortzen dugun. Hemen koadro osoa:

Martxoak 19: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top