Baldintza ezin makurragoetan betiko berunezko zaleak elkartu dira Zubietako hipodromoan. Poza ematen du halako ordutegi eta eguraldiarekin gradak bero xamar ikustea. Bada hemen karrerak jarraitzen duen zale multzo nekaezin bat, bertako turfaren gora-behera amaigabeei beti fideltasunez eutsi diena. Bejondeizuela!
1. Lasterketa (09:35): Santa Katalina Zubia (salmenta). 1.600 m.

Futbolean VARarekin bezala, batzuetan hipodromoan ere ez dira ondo ulertzen arauak betearazi behar dituztenen erabakiak. Lehenengo karrera honetan Grilok egin beharreko guztia egin du deskalifikatua izateko (ikusi bideoa). Ohi bezala, azken zuzenean, barruko errailetik kanpokoraino diagonala egin du, bere jokeya eginahalak egin arren zuzentzeko. Zeharkako ibilbide horretan, aurrena Tiermesen errematea oztopatu du eta ondoren Granacci faboritoarena, Chavez gaztearekin pasatzera zetorrela zirudienean. Zalantza izpirik ez zeukan falta argi-argia. Baina komisarioek ez dute nonbait horrela ulertu, beraien ustez Granaccik, gora-behera hori ez bazen gertatu, sekula ez ziolako aurreratuko. Hori bai, 150€ko isuna de Julianentzat. Horrelaxe lortu du bere lehenengo garaipena Helder Pereiraren zaldi ero honek. Asko maite du nonbait entrenatzaileak eskaintza aurkeztu baitu bere zaldiaren salmenta ekiditeko. Gainontzerakoan, historia gutxi, Tiermesek berea zuen hirugarrena galdu du gora-behera horretan Hollokoren mesdetan eta Granaccik borondate eskaseko sintoma kezkagarriak azaldu ditu.
Bere tokian: HOLLOKO / Huts: GRANACCI / Jarraitzeko: GRILO
2. Lasterketa (10:05): Mundaiz Zubia (handikap 2. zatia). 2.200 m

Bezperako analisian esaten genuen zaldi hau handikaperren deskuido batean bere ibilbideko baliorik baxuenera joan zitzaiela. Karreraren baldintzak ere bere neurrira prestatuta ziruditen. Halaxe irabazi zuen. Argindarren argazkian ikusten den bezala, ez zuen aparteko ahaleginik egin izan behar arerioak atzean uzteko. Goizeko bikoaren lehenengo koxka Janacekentzat. Elarreren parea, Noctu eta Na Rua, zalditegi estrategia burutzen saiatu ziren lehenengoa punta eginez bigarrenarekin gero etortzeko. Baina goiza ez zegoen esperimentuetarako. Bai ordea gladiadore beteranoentzako. Eskarmentudun zaharrek, lokatzetan trebatuak, aurrera egin zuten esperientziatik tiraka. Orange Runek bere 13 urterekin, eta kilometroak nekerik gabe jatera ohitua, egin zuen bigarren eta La Frislak, pistara berriz ondo egokitua, hirugarren postua. Oso urruti besteak, aleka iristen. Aurretik zurrumurru izan ziren Piropo eta Na Rua, baina biek huts, baldintza xamurragoak itxaron beharko dituzte hurrengo baterako. Lehenengoari gaurkoa ez diogu kontuan hartuko.
Bere tokian: ORRI / Huts: IVAN EL TERRIBLE / Jarraizeko: PIROPO
3. Lasterketa (10:35): Maria Cristina zubia (handikap 1. zatia). 2.200 m.

Ederki tenkatuta ekarri du lotea Sisonek handikaparen lehenengo zati honetan. Azken bihurguneraino errenkan jarraitu diote eta nekatu denean Briscolak hartu dio lekukoa helmugaraino eutsiz. David Farlete entranatazile kataluinarraren garaipena Nicolas de Julianen gidaritzarekin. Honentzat goizeko bigarren arrakasta. Ez da atzetik inor gai izan errematatzeko, pistak ez baitzuen ere gehiegi laguntzen. Aurreko astean bertan korritzeak ere seguru lagundu diola 6 urteko behor honi, azkenekoan Ascension Directeren kasuan bezalaxe. La Mal Amada, Enrique Leonen behorrak, oso ondo eutsi dio bigarrenari hain baldintza gogorretan. Batez ere kontuan hartzen badugu uztailetik korritu gabe zegoela eta hau bere seigarren karrera bakarrik dela. Ez ahaztu berarekin, Madrilgo Gran Premion izena emanda dago eta. Hirugarren pista lokaztuetako beste klasiko bat izan dugu, Farsaman, bere inoizko baliorik onena emanez. Aipatzekoa ere Maravedi boteretsuaren errematea. Tamaina handikoa, Bugatiko bihurgunea kontrako eztarritik joan zaio, baina norabidea zuzendutakoan arerioak gainditzen joan da, laugarren postua eskuratzeraino. Laster pasako da irabazleen podiumetik, baina Madrilen, hemen ez.
Bere tokian: FARSAMAN / Huts: SOUND OF VICTORY / Jarraitzeko: LA MAL AMADA, MARAVEDI
4. Lasterketa (11:05): Kursaal zubia (3 urteko ez irabazleak). 1.500 m.

Konfidantza handia izan behar zion Arizkorretak Natural Talent honi, baldintza hauetan (60 kilo, berragerpena, lokatza….) Zubietara etortzeko. Baina Janacekek hasiera-hasieratik puntan jarri du, irmo, eta ispiluraino fede handiarekin ekarri du garaipen garbi bat eskuratzeko. Bere nagusitasuna oraindik ozenagoa izango zen azken momentuan pistaren erditik Cocklina behorra ez bazen azaldu faboritoa zertxobait larritzeko. Janacekek garaipena kolokan ikusi duenean bere zaldiari abisu pare bat eman dizkio ustarekin eta honek ondo erantzun du. Hautagaitza polita biena datozen Madrilgo sari inportanteetarako. Hirugarren Alvaro Odriozolaren Marchelo izan da. Zertxobait behartuta aurrekoen erritmoa jarraitzeko, zuzenaren erdian imintzio polit bat izan dun irabazlearekin borrokatzeko, baina berehala amore eman dun. Distantzia gehiago behar du eta seguru aurki ikusiko dugula bere gaitasunak erakusten. New Adelek berragerpen lasaia egin du eta hau ere jarraitzeko modukoa iruditzen zaigu.
Bere tokian: NATURAL TALENT / Huts: FORCE CAT / Jarraitzeko: MARCHELO
5. Lasterketa (11:35): Jose Antonio Agirre zubia (behorrak). 1.500 m

Negutik irtetzen ari garen honetan sasoi puntutxo hori edukitzea asko da eta horixe bera frogatu du Ascension Directek. Guerreira faboritoarekin galtzeko ofizialki hamar kiloko diferentzia izan arren, Avialek entrenatutakoa aurreko astean irabaztetik zetorren eta Guerreira portugaldarra aldiz, oporrak. Faboritoaren huts horretaz aprobetxatu da Lucarmada zalditegiko 6 urteko behor apala Frantziako Listedetan aritutako portugaldarra gainditzeko. Gutxitan izango du aukera berriz horrelakorik egiteko. Goizeko lehiarik ikusgarrienetakoa izan da, azken metroak buruz-buru egin baitituzte. Azkenean lepo bateko aldea irabazlearentzat. Hirugarren, urruti, bigarren faboritoa iritsi da, Faveur Grine zintzoa, beste behin xox batzuk bere zalditegira eramanez. Gainontzerakoetatik ezer gutxi goraipatzeko.
Bere tokian: ASCENSION DIRECTE / Huts: GUERREIRA
Argazki Galeria
Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar