Zaldi lasterketak

Martxoak 26: Kronika + Argazki galeria

1. Lasterketa (09:35): Miramar jauregia saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 2.000 metro

LUANCO (V. Janacek) / Argazkia:Dabid argindar

Luancok pronostikoa bete du eta aurreikusitako garaipena eskuratu. Iruditu zaigu Janacekek momentu oro karrera ederki neurtua eta kontrolpean zuela. Baina uste baino izerdi gehiago atera behar izan du azken txanpan, Speedfulek estu hartu baitu azken metroetan. Ez da hainbeste azken honen meritua izan, irabazlearen esperientzia falta baizik. Aurrean jarri denean, garaipena eskuan zuela, zertxobait erlaxatu eta azkenean gorriak ikusi ditu Borja Fayosenaren erremate aguantatzeko. Speedfulek, irabazlea baino 3 kilo gehiagorekin, hondarrean eta distantzian erakutsitako maila ona berretsi du gaur. Norgehiagoka honetatik kanpo, 6 gorputzera, Chief of Stall sartu da itxura politarekin. Hobetzeko tarte handia du oraindik. Ashingak berriz espero baino makalago amaitu du, laugarren postua azkenean Tangoren kontra galduz. Erne azken honen erremate berandutiarrarekin, jarraitzeko modukoa iruditu baitzaigu.

Bere tokian: LUANCO / Huts: ASHINGA / Jarraitzeko: CHIEF OF STALL, TANGO

2. Lasterketa (10:05): Bakearen usoa saria (salmenta). 2.200 metro

SAUMET (A. Loaiza) / Argazkia:Dabid argindar

Gaurkoan bai. Saumet burutik gertuago egin du ibilbidea eta ez du inork ustekabean harrapatu. Puntan oso erritmo eroa ezarri du Roselanek Paquito Jimenezekin. Saumet 20 gorputzeko atzerapenarekin hura noiz lehertuko zein joan da, bigarren. Bihurgunean, espero bezala, Roselane seko gelditu da eta Loaizak gidatutakoa buruan aurkitu da bakarrik, aparteko konpetentziarik gabe. Garaipena bertako Jon Jauregiren zalditegi berriarentzat. Erdialdetik saiatu dira Piropo, Granacci eta Volgar irabazlea harrapatzen, baina aparteko energiarik ez erremate irabazlea botatzeko. Azkenean, Granacci zalantzati batek eraman du zilarra eta Piropok brontzea. Volgarrek ezin izan du distantziarekin. Granaccik borrokarako gogo gutxi azaldu du beste behin. Ezertarako batere gogorik ez duena Korevsky da, irteeran bertan lasterka hasteari muzin egin baitio. Eta ez da aurreneko aldia. Salmenta karrera izanik, eskaintzarik ez da jaso inorengatik.

Bere tokian: SAUMET / Huts: GRANACCI / JARRAITZEKO: VOLGAR

3. Lasterketa (10:35): Flemingi omenaldia saria (handikap 1. zatia). 1.600 metro

IRON ROCK (B. Fayos) / Argazkia:Dabid argindar

Gauza jakina da zaldi batzuk bereziki egokitzen direla pista jakin batera eta bertan eraldatu eta bere onena eta gehiago emateko gai direla. Horixe da Iron Rocken kasua. Turfaren kontu hau jarraitzen dugunok jada topea jo duela eta ezin duela bere balioa hobetu epaitzen dugunean, leku txarrean uzten gaitu behin eta berriz, gaurko garaipenarekin bezalaxe. Bere bosgarren handikapa irabazi du gurean urtebete eskasean! Eta bere balioa 14 kilo igo da (gehi gaurkoarengatik beste kilo pare bat?). Guk ez dugu horrelakorik ikusi hemen. Baina Helder Pereira portugaldarrak sasoi betean dauka sei urteko irlandar hau eta, beste behin, sorpresa eman digu gaurkoan ere. Merituaren parte bat Borja Fayosi ere eman beharko diogu kanpo-kanpotik sutsuki gidatu baitu bere ohiko konplizea (5 horietatik 4tan Borjarekin irabazi du). Iron Rock, Zubietako seme kuttuna. Seguru Sousa Lindarekin aho bete hortz geratu dela kanpotik, ohiko kanela-koloreko itzal hori ikusi duenean. Lote osoa gainditua zuen pistaren erditik, baina kanpoko errailean betikoa azaldu zaio azkenean lepo bateko tartea ezartzeko. Hurrengoan izan beharko du. Atzerago, gure handikapetako beste ohiko portugaldar bat sartu da, Holloko. Honi ere gure pista asko gustatzen zaio, baina handikapean kargatuegi dabil. Eta baita Midnight Star ere. Edo behintzat hala uste dugu guk…

4. Lasterketa (11:05): Estela saria (handikap 2. zatia). 1.600 metro

BELLA CANARIAS (H. Hrubosova) / Argazkia:Dabid argindar

Honekin ere beste horrenbeste. Bella Canariasek bere 39. karrera arte ez zuen sekula irabazterik lortu. Inflexio puntuko 39. hori hemen jokatu zen pasa den azaroan. Hain justu Enrique Puenteren ikuilutik Olilveirarenera pasa zenean. Eta ordutik -Frantziako bi irteera ilun tarteko- beste bietan irabaztea lortu du jarraian berriz hemen. Alegia, Zubietan azken hiruetatik hirurak golkora. Eta denak berdin, Hrubosova lagun duela eta bere pisu arina baliatuz, pistaren barruko errailetik, atzetik aurrera erraztasunez pasaz. Pentsatzen dugu handikaperrek matrikula hartuko ziotela eta dagokion pisuan jarriko dutela hurrengoan. Xelebrea 6 urterekin Bellaside bikainaren alaba honen berpizkundea. Beste Puente-ohi baten berpizkunde harrigarria bezalakoxea, Stormy Dance (bihar Madrildik Pornicheteraino doana….); hau zortzirekin. Hrubosovak ez du areriorik aurkitu bidean eta esango genuke hiruetatik garaipen erosoena gaurkoa izan duela. Oso atzean Myaldagobak ustekabeko bigarrena eskuratu du Hatha bizkorraren aurrean. Guk Just One Looken errematearen zain ginen baina oso motel azaldu da gaur ere.

Bere tokian: BELLA CANARIAS / Huts: JUST ONE LOOK / Jarraitzeko: HATHA

5. Lasterketa (11:35): San Telmo museoa. 2.000 metro

EL INGRATO (J. Grosjean) / Argazkia:Dabid argindar

Alvaro Odriozolaren El Ingrato ohiko protagonista izaten da ere Zubietako helmugetan. Normalean kokatua izateko, baina gaur, bere hamargarren agerraldian gure pistan, garaipena lortu du. Oso tarte txikiarengatik, pixel gutxi batzuk baino ez foto-finishak agertu duenez. Sousa oso fidakor ikusi dugu Obanos faboritoarekin, gehiegi agian, langaren ondotik aurrean zihoan El Ingrato une oro kontrolpean zuelakoan. Baina azken rushean azeleragailua zapaldu duenean, Grosjeanena oldartu egin zaio eta buruz-buru eman dituzte azken metroak lehia ederrean. Esan bezala, argazkiak banandu behar izan ditu. Azken berrehun metrora arte ezusteko lagun bat ere izan dute ondoan, Molly King. Zortzi urteko fondista honek urtebete zeraman konpetiziotik kanpo eta harrituta utzi gaitu erakutsi duen grina. Ondo azpimarratu hurrengoetarako, batez ere distantzia luzeagoetan, maratoizalea baita. Marc Comasen beste kideak, Tito, berragerpen lasaia egin du zikiratua izan ostean eta karrera hau ez zaio oso kontuan hartu behar.

Bere tokian: EL INGRATO / Huts: OBANOS / Jarraitzeko: MOLLY KING

Argazki Galeria

Martxoak 26: Kronika + Argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top