Denboraldi berria, pertsiana igotzeko ordua. Lan-loturarik ez dutenentzako plana, 11:35etan hasiko baita jardunaldia. PMU sarean jokatu ahal izango da. Hasiera guztietan bezalaxe zalantza ugari partaideen forma punttuaren inguruan. Baina beste hipodromoetan neguan ikusi ahal izan dugunarekin, hortxe doa gure analisia.
1. Lasterketa (11:35): Buenetxea kafea saria (handikap 1. zatia). 2.200 metro
02 GLORYTOFek faborito izatea merezi du. Sasoi onean dabilela erakutsi du neguan La Zarzuelan zein Sevillan kokatuz. Zubietan hiru aldiz aritu da eta hiruetan bigarren. Sousa izarra zelan eramateak ere plus bat ematen dio bere hautagaitzari. Metroetara justu-justu iritsiko da. Baina gehiegitan bigarren geratu ohi da, lana borobiltzeko azken kolpe hori falta balitzaio bezala, eta beldur gara beste behin bigarren ez ote den geratuko. Janacek saiatuko da faboritoaren metro ahulezi hori aprobetxatzen 05 COBRECESekin, honek distantzia arazorik ez baitauka. Pistan irabazitakoa da eta J. Lopez entrenatzailearenak bolada onean dabiltza. Lanak emango dizkio Sousarenari. Biek erne ibili beharko dute 04 ALDUFOOFekin. Farlete kataluinarrak entrenatzen duen behor hau eraldatu egiten da Zubieta usaitzen duenean. Hemen bere karreren erdia irabazi izan du (4/9). Punta hasieratik hartu, ihes egin eta saiatuko da faboritoei ziria sartzen, beti ere Nicolas de Julianek horretarako inspirazio nahikoa aurkitzen badu. Ez daitezela deskuidatu berarekin. 07 ASTURIASek udazkena amaitu zuen handikapean irabazteko pronto zegoela (7 kokapen jarraian). Bere jockey, jabe -eta orain entrenatzaile- Cristina Buesa amateurrarekin beti. Lau hilabeteko deskantsuaren ostean agian pittin bat fintzea faltako zaio baina laster irabaziko du.
Gure hautua: 03 GLORYTOF – 05 COBRECES – 04 ALDUFOOF
2. Lasterketa (12:05): Alcar leihoak saria (salmentakoa). 1.600 metro
Ea aparkalekuan eraikitzen ari diren hockey-zelaiaren harmailekin irteerako zatitxoa ikusterik badaukagun…. Imajinatzen jarrita, ikusten dugu han 03 SO HI STORMek ziztu bizian salto egingo duela eta karrera tenkatuko duela helmugaraino. Miliara iristea asko kostako zaio eta Saccu ez zaigu gidaririk onena iruditzen bere muga horiek kudeatzen jakiteko. Kokatzeko hortaz. 04 MUGUETAJARRAri aldiz distantzia eta hemengo ibilbidea neurrira egindako trajeak dira. Negu oso txukuna borobildu du Sevillan (garaipen bat eta hiru kokapen) eta aspaldiko partez sasoi betean dabil. Salmenta karreretan ez da besterik behar. Marc Comasen 07 NUBIA amerikarrak ez du eman espero zitekeen maila. Distantzia luzeagoko eta kategoria handiagoko karreretan ibilia (Listeden kokatua 2021ean Fabrerentzat), susmagarria da bere presentzia bigarren eskuko merkatutxo honetan. Ez dugu espero gaur baina irabazteko balioa soberan badu. Zer esanik ez bere jockeyak. 01 PUNTA CANAILLEk bere karreratxoa irabazi zuen neguan Pauen distantzia honetantxe. Han ez dauka programa handirik eta hemen saiatuko da xoxen bat harrapatzen, baina pisua oparitzen die arerio guztiei eta ez zaio erraza izango. 06 COOLMEEN VEGArengandik (Lope de Vega) beti zeozer gehiago espero izan dugu. Azkenean Arizkorretaren ikulua utzi eta Puenteren kamioian omen dator Laredoko hondartzetatik. Gure azken itxaropenak zapuzteko beste.
Gure hautua: 04 MUGUETAJARRA – 03 SO HI STORM – 01 PUNTA CANAILLE
3. Lasterketa (12:35): Arregi argindarra saria (3 urteko moxalak). 1.600 metro
Sousa eta Janacek beste behin buruz-buru. Bien moxalak Madrilgo Poulean izena emanda. Lehenengoak 01 TEXEIRA gidatuko du txekiarraren 03 EMPELi 2 kilo emanez. Etxean jokatzen du Miguel Alonsorenak eta gainera Arizkorretarenari aurre hartu zion (gorputz eskas baten aldearekin) hilaren hasieran Madrilen, pisu berarekin biek. Bere aldeko argudio bakarrak dira, ze… Janacekenak itxura boteretsua erakutsi zuen udan hemengo debutean eta oraingo bere bigarrenean berragerpen oooooso lasaia egin zuen, Arizkorretak ohi duenez. Hobetzeko igartzen zaion tarte izugarriarekin, jatorri horrekin (Pravia eta Hold on Now bikainen anaia) eta pisu abantaila ikusita, ez dugu beste irabazlerik aurreikusten. Bankiloan zain 08 SIXTEEN TONS daukagu. Berriz Comasen ikuluan, arreta jarriko diogu bere berragerpenari. Madrilen karrera ona egin zuen Canarion eta Maderas bikainen atzetik. Distantzia behar du, baina bi faboritoen hutsaren zain egon daiteke. Beste maila batean, 02 PIKOLE eta 04 ZERETH portugaldar beharginak irabazle bisarekin datoz, baina hobekuntza urriarekin. Apal-apal, hirukoa osatzeko agian. Elarre zein Militar behotegiko bi ordezkariek oraingoz ez dute kolore onik…
Gure hautua: 03 EMPEL – 01 TEXEIRA – 08 SIXTEEN TONS
4. Lasterketa (13:05): Izagirre loteriak saria (handikap 2. zatia). 2.200 metro
Deluxe, bigarren zati hau. Urte asko dira ez duela bigarren zatia irekitzen 32 baliodun batek (Urrezko Kopan parte hartutaekoa gainera, 2020an). Eskalaren “altuera” horrek zapalduta utzi ditu azpiko hiruak (08 SISSI BARELIERE, 09 LE RAFALE eta 10 NA RUA). Balioei erreparatuta irabazleak goiko zenbakietatik atera behar luke. Baina 01 BARENTON aspaldi zombie baten antzera dabil eta, lokatzari esker berpizten ez bada, ez dugu espero. Sarabiaren 02 CHAM´S PRIDE eskas aritu da Sevillan lote flojotxoagoetan eta, gainera, badirudi hondarra nahiago duela. 03 MARCHELO ez da bereziki gaizki ari (ondo ere ez…) baina sekula ez ditu ondoan izan hain arerio eskasak. Txundituta utzi gintuen 2020ko bere debut irabazlean, baina ordutik haren itzal triste bat baino ez da. Jada tokatzen zaio nahiz eta ustarik onena ez dioten jarri. 04 MAKOTOINABAGOUk ez du ezer erakutsi Farleteren ikuilura iritsi denetik. Baina bere paperei erreparatuta ezin pasatzen utzi arnas luzeko karreretan eta lokatzetan irabazlea dela Frantzian Shimizu entrenatzailearekin, 35eko balioa izatera iritsiz. Eta 3GR korritzera ere iritsi zela, 2.800 metrotan. Gerora hesietan aritutakoa, burumakur dabil aspaldi. Baina gure hezetasunak eta aldaketak on egin diezaiolakoan, oso erne berarekin. Asko ordainduko luke. Gaurko ez, baina hurrengoetarako 05 IRUÑIAren izena aspalditik azpimarratuta genuela oroitu gara. Abuztutik giharrak luzatu gabe dago eta denbora behar du. Hurrengoetan ez ahaztu. Hainbeste susmagarrien artean balio seguru baten bila dabilenak hor dauka 06 MONZALVOS bere 9 urteekin. Pistan 3 aldiz irabazitakoa da, Janacek lagun, distantzian, negua lanean pasa du eta pisuz ez dago bereziki zigortuta. Eskaintza hoberik?
Gure hautua: 06 MONZALVOS – 03 MARCHELO – 04 MAKOTOINABAGOU
5. Lasterketa (13:35): Ola markoztatzea saria. 2.000 metro
Lote txikia baina interesgarria. 01 DEFINED Arizkorretak John Gosdenen zalditegitik duela bi urte egindako fitxaketa da. Donostiarra su txikian sukaldatzen joan den proiektua da Golden Horn hau eta udazkenean abisu ozenak utziak ditu, Madrilen gupidagabe irabaziz gure Sari Nagusian hirugarren izan ostean. Aurten eztanda egin dezakeelakoan gaude. Madrilgo Sari Nagusian izena emanda dago jaka bereko The Way of Bonnie eta Amtiyazekin (Frankel) batera. Karga handia darama (62 kg) baina pizti itxura hartu diogu. Beldurgarri. 02 TRITON forfait izan ondoren, berrengaiatua. Tira ba. Zaldi sinpatikoa da, puntazalea, gure pistara oso ondo egokitu daitekeena baina ondokoak Listed itxurakoak dira eta bera ez. 03 JASPEROID (Galileo) Fabreri erosi zioten Madrilgo sari handiei begira, baina Memorialean aurkeztu eta ez zen haren berririk izan. Frantziatik 46ko balioa ekarri zuen eta hemen, derrigorrez, zertxobait gehiago erakustera behartuta dago. Auskalo. 04 LOVELY DIAMONDek beltzatxoa lortu zuen Tolosan ekainean eta gero seigarren izan zen Urrezko Kopan. Urritik korritu gabe, ederki etorriko zitzaion atsedena iaz lau Listed gogorretan parte hartu eta gero. Errodajea faltako zaio baina oso pisu arina darama eta, nahiz eta distantzia pittin bat laburra izan, halako gol aukerak aprobetxatu beharko lituzke.
Gure hautua: 01 DEFINED – 04 LOVELY DIAMOND – 03 JASPEROID