Zaldi lasterketak

Martxoak 29: kronika + argazki galeria

Atarikoan esaten genuen negu osteko denboraldi hasiera hauek nahiko nahasiak izaten direla pronostikorako. Motz geratu ginen. Bete-betean txikien matxinadaren lekuko izan gara aurreneko egun honetan, Liñan, Farlete eta Puente entrenatzaileen garaipen harrigarriekin, azken honena gainera bikoitza!

Haize beroa (txoro-haizea) ibili da Zubietan eta emaitzak ere hala. Pista harrigarriki bigun (3,5). Ohiko zale amorratuek ez diote huts egin, beste behin, hitzorduari. Hemen ikusitakoaren kronika, Dabid Argindarren argazki bikainez hornituta.

1. Lasterketa (11:35): Buenetxea kafea saria (handikap 1. zatia). 2.200 metro

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena 1-Jardunaldia-2023-hipodromoa-7677.jpg da
ALDUFOOF (Nicolas de Julian) / Argazkia: ©Dabid argindar

02 GLORYTOF ez da zaldi argia eta berriz ere apostuzaleei huts egin die. Faborito nagusia izanik ez da sekula karreran eroso aritu eta ozenki huts egin du. Espero bezala 04 ALDUFOOF eta 07 ASTURIAS joan dira puntaren bila. Biek ere ez zuten itxura oso erakargarririk padockean. Txandakatuz ibilbidean, azken zuzenera abantailarekin sartu da aurrenekoa eta nahiz eta Janaceken errematea 05 COBRECESekin irabazlea zirudien, azkenean honi birikak falta izan zaizkio eta puntazaleak eutsi egin dio zeukan abantailari. Goizeko aurreneko sorpresa PMUn 14/1 ordainduz. Oso urruti (ia 10 gorputzera!) 07 ASTURIAS sartu da. Hau denboraldian aurki irabaziko duela iruditzen zaigu.

Bere tokian: 05 COBRECES / Huts: 02 GLORYTOF / Jarraitzeko: 07 ASTURIAS

2. Lasterketa (12:05): Alcar leihoak saria (salmentakoa). 1.600 metro

COOLMEN VEGA (Cristina Perez) / Argazkia: ©Dabid argindar

Jockey aprendiz eta profesional gazteentzako karrera honetan, Cristina Perez eta Vicky Alonso mutilak baino bizkorrago ibili dira. Hasieratik grinatsu, tximistak bezala atera dira 01 PUNTA CANAILLE eta 02 SO HI STORM, atzetik 04 MUGUETAJARRArekin De Julian metroak ez galtzeko estututa zihoala. Zuzenaren hasieraraino eutsi diote abantailari, baina esfortzua ordaintzen joan diren heinean, atzetik errematatzen freskoago etorri dira 06 COOLMEEN VEGA eta 09 SPANISH CARA, pronostiko guztiak ipurdiz gora uzteko. Bi neskek, hurrenez hurren, karrera ondo irakurtzen jakin dute eta komeni zitzaien erritmoari eutsi diote. Halere, deskuidoan, Vicky Alonsok barruko erraila libre utzi dio Cristinari eta zirrikitutik sartu zaio 06 COOLMEEN VEGArekin garaipena ostutzeko. Sorpresa itzela izan arren, PMUn irabazleak bakarrik 4,60 ordaindu du. Kota bai, sorpresa…

Bere tokian: 02 SO HI STORM / Huts: 04 MUGUETAJARRA / Jarraitzeko: 06 COOLMEEN VEGA

3. Lasterketa (12:35): Arregi argindarra saria (3 urteko moxalak). 1.600 metro

URBIETA (Jaime Gelabert) / Argazkia: ©Dabid argindar

Nola azaldu Militar Behortegiko 09 URBIETA izeneko behorrak irabazi duela karrera hau? Ezin. Aurreko urtean zein baino zein karrera ilunagoak utzi zituen. Guztira 5, inoiz sikiera gertu ere egon gabe. Eta gaur, berragertuz, garaipenarekin topatu egin da. PMUko apostulariak aho bete hortz utziko zituen 42/1 kotarekin. Etxekoak ere bai. Ez dago azalpen posiblerik. 03 EMPELek arazo fisikoren bat izan du karreran eta zuzenean Janacekek ez du estutu. Horri esker, bazirudien Sousak 01 TEXEIRArekin aise utziko zuela atzean militarra, baina honek eutsi egin dio eta kiloen diferentzia baliatu du aurretik sartzeko. Dezente atzerago Comasen 08 SIXTEEN TONSek zeozer errematatu du (metroak eskatzen, itxuraz) eta beste militarrak, 10 URRACA, ondo itxi du laugarren egiteko. Horixe azalpena. Txoro-haizea.

Bere tokian: 01 TEXEIRA / Huts: 03 EMPEL / Jarraitzeko: 09 URBIETA

4. Lasterketa (13:05): Izagerri loteriak saria (handikap 2. zatia). 2.200 metro

MONZALVOS (Vaclak Janacek) Argazkia: ©Dabid argindar

01 BARENTON, 05 IRUÑIA eta 09 LE RAFALEren erretiratzearekin, karrera txikia geratu zaigu laugarren hau. Aldufoof bezalaxe, 06 MONZALVOS gure pistako klasiko handi bat da eta bere 9 urteekin ez du pasatzen utzi aurrean jarri zaion urrezko aukera. Janacekek une oro kontrolpean eraman du karrera, lehenengoetik gertu, eta zaldi zaharraren fondoa baliatu du ihes eginda zihoazen 07 UPSILON eta 03 MARCHELO mendean hartzeko. Historia gutxiko lasterketatxoa, non partaide gehienak oso sakabanatuta iritsi diren. Ez du ematen lote honetatik aurten irabazle askorik aterako denik.

Bere tokian: 06 MONZALVOS / Huts: 03 MARCHELO / Jarraitzeko: 04 MAKOTOINABAGOU

5. Lasterketa (13:35): Ola markoztatzea saria. 2.000 metro

JASPEROID (Jaime Gelabert) / Argazkia: ©Dabid argindar

Sorpresa ere, nola ez, goiza ixteko. Izan ere, orain Horcajadak entrenatzen duen 03 JASPEROIDek erraz mendean hartu ditu karrerako faboritoak. Espero bezala, 02 TRITONek puntan egin du ibilbide osoa, Julia Zambudiok ondo neurtuta. Aurreneko aldia zuen gurean, baina iruditzen zaigu zaldi honi Zubietako ibilbidea asko gustatuko zaiola. Bestelako loteetan aritu beharko du, hori bai. Azken zuzenera nahiko juntu iritsi dira lauak. 01 DEFINED saiatu da erasoa botatzen, baina neguko ajeak eta 62 kiloek galga jarri diote. Bere ondoren, eroso, 03 JASPEROIDekin Gelabertek aurkeztu du berea (sasoi ederrean dabil jockeya, gaur garaipen bikoitza) eta pasa egin da, baina ez zirudien bezain erraz, puntazalea ondo defenditu baita. 04 LOVELY DIAMONDen imintziorik ere ez dugu ikusi. Agian berragertu behar zuen, eta metro gehiago, hori bai. Irabazleak Frantziatik fitxatu zutenean zeukan 46 balio horren arrastoak utzi ditu pistan. Berriz ikusi beharko dugu proba zorrotzagoetan bere egungo balio errealari tamaina hartzeko.

Bere tokian: 02 TRITON / Huts: 04 LOVELY DIAMOND / Jarraitzeko: 03 JASPEROID

Martxoak 29: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top