zaldilasterketak.eus

Nazioarteko kronika: Pouleak, Lockinge eta Preakness Stakes

Makina bat urte pasa dira Gineetako garaileren batek Frantziako baliokideetan saiakera egiten ez zuela (Fincseal Beo 2007) eta aurten Newmarketeko biak Longchampen azaldu ziren dobletea lortzeko asmotan. Ez zuten lortzerik izan baina edizioari aupada handia ematen lagundu zuten.

POULE D’ESSAI DES POULAINS, LONGCHAMP (FRA)

Iaz maila goreneko lasterketetan Ingalaterra edota Irlanda aldetik aukera indartsuak iristi zitzaizkionean, Ioritz Mendizabalek ez zuen inolako huts txikienarik ere egin bere gidaritzetan. Hortxe Aidan O’Brien eta John Gosdenen zaldiekin (Mishriff, Lope y Fernandez, Audarya…) lortutako errendimendu handiak eta garaipen entzutesuak. Covid giro nahasiari esker aukera horiek errepikatu egin dira aurten eta oiartzuarrak burua betiko lepotik duela erakutsi du. Akatsik gabeko gidaritzek, arrakasta handiko garaipenak ekartzen dituzte goi mailako zaldi hauekin.

Lasterketak erritmo motela izan zuen eta ibilbidean zaldi sutsuenek hainbat eragozpen eragin bazituzten ere, helmugan iazko europako bi-urtekorik onena garaile. St.Mark’s Basilicak (Siyouni) bosgarren garaipena eman zien Aidan O’Brien eta Coolmorekoei eta Mendizabali lehenengoa 47 urterekin.

Irteera on bat eta aurreneko postuetan kokatzeko agindua genuen baina zertxobait kosta zaigu erritmo egokia hartzen. Lasterketa erdialdera kokapen on bat lortu dugu Soumillonen zaldiaren itzalean eta azken zuzengunean zertxobait itxaron ondoren, primeran erantzun du St.Mark’s Basilicak. Egia esan, oso errex egin du dena.” Zaldiaren etorkizuna nondik jo dezakeen galdetuta, “Ez dut uste distantzia luzeagotan arazorik izango duenik, Jockey Clubeko 2100 metroak egiteko gai ikusten dut inongo dudarik gabe.”

POULE D’ESSAI DES POULICHES, LONGCHAMP (FRA)

Egundoko ezustekoa emeen lasterketan. Parte hartzaileen historialak zertxobait analizaturik, zaila zen COEURSAMBA-ren alde egitea eta hortik bere 38/1 kotizazioa (66/1 apustu etxe britainiarretan). Zazpi lasterketetan garaipen bakarra zuen eta maila gorenetan aritutako guztietan, kokapenak pilatu bai baina beti aurkari hobeak topatuak zituen.

The Wow Signal esprinterrarenen alabak lasterketa erosoa izan zuen barruko karriletik eta nahiz eta azken zuzengune hasieran errematerako tartea bilatzen kosta, erritmo aldaketa zitala erakutsi zuen, helmugan bera eta Gineetako irabazlearen artean gorputz bateko abantaila erdietsiz. Komisariek ikerketa ireki zuten zuzengune hasiera horretan COEURSAMBAk sortutako kalteak analizatzeko eta Cristian Demuro jockeyari 6 eguneko zigorra ezarri bazioten ere, behin betiko emaitzan ez zen aldaketarik egon.

Ez dirudi historirara pasako denik aurtengo edizioa, espero zitekeen bezala balore nahiko apala ezarri bait zaizkie bai garaileari, zein atzetik oso berdintsu iritsi zen tropeltxoari.

LOCKINGE STAKES, NEWBURY (GB)

Ederki gozatzeko lasterketa eskaini zigun PALACE PIER handiak. Kingmanen semerik onenak izugarri ondo hartu bu bere heldutasuna eta ez dirudi aurkari zuzenik izango duenik miliako lasterketetan aurten. John Gosdenek 2000 metroetara saltoa egiteko asmoa dauka berarekin baina horretarako udararaino itxaron beharko dugu.

PREAKNESS STAKES, PIMLICO (USA)

Aurrekoan aipatzen Kentucky Derbyko garaileari jarraipena egin beharko geniola eta egia esan, gauza asko gertatu dira garaipen hartatik honera. Garaipenetik egun gutxietara jakin zen MEDINA SPIRIT positibo eman zuela antidopin kontrolean betametasona (antinflamatorioa) arrasto batzuk azalduta azterketan. Bob Bafferten enegarren positiboa eta berriz ere ez du zentzuzko arrazoirik azaldu. Gehiegi dira dagoeneko.

Preakness Stakes honetan lehiatu aurretik beste kontrol bat egin zitzaion eta zaldia garbi zegoelarik, bere partehartzea onartua izan zen. Kentuckyko lasterketa-taktika bera eraman zuen aurrera baina bere errendimendua ez zen berdina izaterik izan eta helmugan hirugarren postuarekin konformatu beharra izan zuen. Estatu Batuetako turf munduaren medikamendu eskuzabaltasuna susmopean dago berriro ere. Eraberritze handi bat behar du, zalantzarik gabe.

Nazioarteko kronika: Pouleak, Lockinge eta Preakness Stakes

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top