Asteburu pontentea datorkigu Uztail hasieran, Frantzia eta Ingalaterrako klasikoak, Enable erreginaren berragertzea egundoko Eclipse Stakesean, Madrilen sari nagusi garrantzitsuenak eta nola ez, Zubietako lasterketak ostiralean.
EPSOM, larunbata.
Hipodromo aldapatsua benetan, non zaldi askok ez dute bere onena ematea lortzen. Tattehham Corner bihurgune famatuak lehen selekzioa egiten du, ondoren aldapa behera luzea, azken 200 metroak aldapa gora malkartsuan izanik, zuzengune osoan zehar barrurantz botatzen zaituen lurraren peraltea ahaztu gabe. Gora Epsom!

16:40 THE OAKS.
Hiru behor ikusten ditugu beste guztien gainetik. 2019an LOVE (R.Moore/AP.O’Brien) bi-urteko emerik onenetakoa zela ikusi genuen eta 2020 urtea ezin hobeto hasi du 1000 Gineatako garaipen erosoarekin. Milia terdirarekin gai izango dela dirudi jatorriari begira, zein lauhazka luzatzeko duen gaitasuna ikusita. Ezin zaio kontrakorik jarri Galileoren alaba honi. Beste bi faboritoak lehiaketa gutxirekin (3 lasterketa bakoitzak) azaltzen dira eta Royal Ascoten lehiatzetik datoz, Ribblesdale 2G lasterketan hain zuzen. Egun hartan FRANKLY DARLINGek (Frankel) nagusitasuna erakutsi zuen garaipen erraza lortuz nahiz eta lehen metroetan indarrak xahutu, gehiegizko indarrez arituz. Gosden – Detorri binomioaren eskuetan… “sky is the limit”. Bi faboritoen akatsaren zain, ENNYSTIMON (Galileo) agertzen da. Milia terdiarekin arazorik ez du izango eta erasoa urrutitik botako duela pentsatzen dugu.
IRAGARPENA: LOVE – Frankly Darling – Ennystimon
17:55 THE DERBY.
Edizio arraro honetan, zaldi “berri” asko azaltzen zaizkigu, gehienak kontrastatu gabe, MOGUL eta KAMEKO izan ezik. Egiaztagiri onenak aurkezten dituena KAMEKO da, 2000 Gineatako garailea. Iaz ere 1G Futurity irabazi zuen, eta inork ez du hemen horrelako historialik. Jatorriari begira eta lasterketak nola bukatzen dituen ikusita, metro gehiagorako gai dela dirudi baina pertsonalki, ez dugu ikusten 2400 metroraino iristeko gai. MOGUL iaz Kamekorengadik gertu aritu zen eta aurtengo berragerpenean oso inpresio ona utzi ez zuen arren, jockeyak ikusita, bere zalditegiko lehen aukera dirudi. Gure ustetan hobekuntza nabarmena beharko du.
Zaldi “berrien” artean eta apustu etxeetako faborito ENGLISH KING azaltzen zaigu. Ekainak 5eko Listed batean garaipen erosoa lortu zuen. Lasterketa hartako bigarrenak maila handia eman du ondoren, Ascoten SANTIAGOrengandik hurbil egonik, azken honek Irlandar Derbya irabazi duelarik. Hala ere, egun hartako beste inork ez du balio handiegirik eman ondoren. Lasterketa guztietan martxan jartzen kosta zaio eta hori errepikatzen bada ibilbide egoki baten beharrean egongo da. Azkar asko, Frankie Dettoriren gidaritza kontratatu dute. Faborito bai, baina…
RUSSIAN EMPEROR da lasterketa honetarako inpresiorik onena eman diguna. Royal Ascoteko 2000 metroko 3G bateko azken metroetan bere onena erakutsirik. Izan beharko luken hobekuntza kontutan harturik eta 400 metro gehiagoren laguntzaz, gure faborito izateko izendapena lortu du. Bere hirugarren lasterketa izango da azken hilabetean baina profesionaltasun handia behar izaten da beti Epsomgo bihurgune eta aldapetan.
MOHICAN HEIGHTS ezustekoa emateko gai izan daitezkeen taldeko buru ikusten dugu. Hiru lasterketa bakarrik, bi garaipen iaz maiden eta listed mailan eta aurten kontutan izateko azken zuzengunea burutu zuen Royal Ascoten, MOGUL bera atzean utziz bukaeran. Adi berarekin.
IRAGARPENA: RUSSIAN EMPEROR – Kameko – Mohican Heights
CHANTILLY, igandea.
Epsomgo klasikoen parekide frantziarrak Chantillyko hipodromo elegantean eta distantzia motzagoko 2100 metroetan izaten dira. Chantillyn garrantzitsua da barruko erreietatik bidaiatzea, bihurgune luzean metro asko ez galtzeko eta beraz, irteera postuak bere garrantzia izaten du.
15:10 PRIX DU JOCKEY CLUB, Chantilly.
Bi faboritoak André Fabre maisu donostiarraren (bai, ondo irakurri duzu) zalditegikoak dira. VICTOR LUDORUMek garaipena besterik ez du ezagutzen 1G mailan, azkenekoz Poulean nagusitasuna erakutsiz frantziar moxalen artean, hori bai, aldeko ibilbide bat izanik, izan ere, azken 400 metroak hesi ondoko korridoretik egin zituen. Faborito zilegia baina baditu bere ahulguneak. OCEAN ATLANTIQUE (1,100,000€-ko erosketa bi urte zituelarik) prestaketa egokia izan du lasterketa honetara begira, azkenekoz izugarrizko nagusitasuna erakutsiz listed batean. Zaila egingo zaio ohiko lehen postuetan jartzea lasterketa hasieran 14. irteera postutik baina kalitate handia duela erakutsi du. Hala ere, distantzia luzeagoa beharko ote duen susmoa dugu.
PAO ALTOk Jockey Cluberako bidean ohikoa den 3G lasterketa batean garaipena lortu zuen Maiatzean, non zaldi guztiak berragertzen ziren. Ordutik lehiatu gabe egon da eta %100ean azalduko da. Hala ere, aurreko bi faborito horiek bere gainetik ikusten ditugu. MISHRIFFek berriz, 2020 arraroa darama, Saudi Arabiako Derbyan (hondarretan) aritu zelarik Otsailean. Europara bueltan, Newmarketeko listed batean garaipen erabakiorra lortu zuen 2000 metrotan. MISHRIFFen anaiak ondo ibili izan dira pista biguinetan eta irteera postu egokia suertatu zaio (3), goraka datorren Gosdenen zaldiari. Ioritz Mendizabal oiartzuarra gidaritzan. Berarekin hitz egin dugu lasterketari buruz:
Ezustekoa emateko talde zabal bat dago eta horien artean gehien gustatzen zaizkigunak dira: THE SUMMITi garaipenak lortzen asko kostatzen zaio baina beti egoten da lehian maila gorenean ere. GOLD TRIPentzat gaurko aurkariak gehiegi izan daitezkeen arren bere azken lasterketa oso ona izan zen. Adi.
IRAGARPENA: MISHRIFF – Ocean Atlantique – Victor Ludorum

15:55 PRIX DIANE, Chantilly.
Moxal bat azaltzen zaigu besteen gainetik, ALPINE STAR. Sea The Moonen alabak egundoko erakustaldia eman zuen Royal Ascoteko Coronationen orain dela bi aste juxtu. Ez dugu bere limiterik ezagutzen oraindik. Rougeten RAABIHAH eta Coolmore inperioko PEACEFUL eta FANCY BLUE (berari buruz hitz egin genuen sakon irlandar 1000 Gineatan) gauzak zail jartzen saiatuko dira baina “superstar” maila beharko dute ALPINE STAR bere onenean badago.
Kontuz! Gogoratzen al zarete SPEAK OF THE DEVILetaz? Hemen izango dugu berriro ere gure moxal kuttuna. Oraingoan pista biguina espero da eta horrek bere alde jokatuko du. Berriz ere lehian ikusiko dugu seguru.
IRAGARPENA: ALPINE STAR – Speak of The Devil – Fancy Blue
16:35 ECLIPSE STAKES, Sandown.
Gaur egun 2000 metrotan eta pista egokian GHAIYYATH menderaezina ikusten dugun arren nor gara gu ENABLEren aurka egiteko?
IRAGARPENA: GHAIYYATH gaurkoan, ENABLE beti.