Zaldi lasterketak

NEWMARKET: 1000 eta 2000 Gineen asteburuko, analisia.

Ekainak 5, 16:35 CORONATION CUP 2414m

Urteko lehen 1G lasterketa Britainia Handian. Ohituraz Epsomen izaten da lasterketa hau baina egutegiaren berrantolaketarekin Newmarketen izango da aurten. Data mantendu da baina Epsom eta Newmarketeko pistek ez dute inongo zerikusirik.

Ez dakigu zergatik baino GAIYYATH-en (Dubawi) inguruan duda laino bat somatzen da askotan. Izugarri balore altuak lortzen ditu bere garaipen handietan baina tarteka hutsak izaten ditu. Hala ere, faborito argitzat hartu dezakegu bere balorerik onena errepikatuko duen itxaropenez. STRADIVARIUSek (Sea The Stars) saltsa berezia jarriko dio lasterketari. 2017 bukaeratik, 11 lasterketetatik bakarra ez du irabazi luzera handiko metraietan. Hemendik bi astera izango da Ascot Gold Cup eta horri begira lasterketa hontan egon daiteke. Besteen artean, BROOME (ia urtebete pistetatik at), DEFOE (2019ko garailea) eta ANTHONY VAN DYCKE (Derby 2019) aipatu daitezke baino zaurgarri agertu daitezke GAIYYATHen aurrean.

IRAGARPENA: GAIYYATH – Stradivarius – Broome

Ekainak 6, 16:35 2000 GINEAK, 3 urtekoak, 1609m lerro zuzenean.

PINATUBO (Shamardal) FRANKELen garaitik ezagutu dugun bi-urtekorik onena izan da. Garaipen ikusgarriak pilatu zituen 2019an zehar eta aurten zer egiteko gai den ikusteko desiratzen gaude. Jatorrira begiratuta arazorik ez da ikusten milia ondo burutzeko, Lava Flow (Dalakhani) bere ama garailea izan baizen 2.200 metrotan 3 urterekin. Ezin dugu PINATUBOren aurka egin, ikusmin handiz egongo gara pantailaren aurrean adin klasikoa nola hartu duen ikusteko.

Zaldi bakarreko lasterketa al da? Ez noski, 2000 Gineatan gaude eta hor egongo da O’Brienen (10 garaipen, azken 3 urteak jarraian) taldea: ARIZONA, WICHITA, ROYAL DONOCH eta NEW WORDL TAPESTRY. Ohikoa da bere zaldirik onenak lasterketa honetan denboraldia hastea eta ez dira entrenamendu faltan egongo. Garaipena zaila jartzen saiatuko diren arren, ez dirudi izar handiegirik daukatenik aurten. Irlandarrez gain, KAMEKO (Kitten’s Joy) aipatu beharra dago, PINATUBOz gain 1G mailan garaipena lortu duen bakarra bait da. Inguruabarrak tarteko, Futurity 1G hondar gainean izan zen eta lasterketa ezohikotzat hartu dezakegu, bere garaipenari duda puntu bat jarriz.

Beste parte-hartzaileen artean, lasterketa gutxi baina itxaropen handia duten batzuk ditugu. Gure gustokoenak hiru dira: KINROSS (Kingman) bitan ikusi dugu bakarrik. Maiden bat irabazi ondoren arestian aipaturiko Futurity-ra 1G eraman zuten zuzenean eta ez zuen batere gaizki egin, kontutan izanda bere esperientzia falta. MILITARY MARCH (New Approach) bitan ikusi dugu ere, maiden eta 3G garaipenak lortuz. Lastertzeko era eta atorriari begira distantzia luzeagoa beharko du baina kalitate handikoa da. Gertutik jarraituko dugu. KENZAI WARRIOR (Karakontie) baita ere bitan ikusi dugu, Military Marchen antzeko bidea eginez baina honen gaitasun handienak distantzia honetan izan daitezkeela dirudi.

IRAGARPENA: PINATUBO – Military March – Arizona.

*Argi utzi nahi dugu zaldilasterketak.eus-ekoak ez garela Godolphin zaleak inoiz izan, kar-kar…

Ekainak 7, 16:35 1000 GINEAK, 3 urteko emeak, 1609m lerro zuzenean.

1. BOOMER (T.Dascombe / R.Kingscote): Oso sasoi ona burutu zuen 2019an onenetatik oso gertu iritsiz lasterketa nagusienetan. Aurten ere zaila izango du horien aurka. Zaila.

2. CLOAK OF SPIRITS (R.Hannon / A.Atzeni): 3 lasterketa bakarrik eta bakoitzean hobetuz,, 2G mailan hirugarren postu bat lortuz azkenekoan. Hobekuntza beharko graipenerako borrokan egoteko. Posible izan daitekeena. Gutxietxi gabe, adi.

3. FINAL SONG (S.Bin Suroor / P.Cosgrave): Dubaien lortutako emaitza eta mailarekin, ezer gutxi lortu dezake hemen. Dexente hobetu beharra dauka.

4. GRACEFUL MAGIC (E.Johnson Houghton / C.Bishop): Distantzia motzagoetan aritu zen 2019 eta emandako mailak ere ez dio onene aurka borrokatzeko aukerarik ematen. Zailegia.

5. LES HOGUES (G.Baker / C.Fallon): Cuadra Nearcok hezitako moxal honek bere debuta egingo du zalditegi berri batentzat. 2019 DREAM AND DOrekin borrokatzen bukatu zuen 3G batean eta itxaropenaren ateak zertxobait zabaltzen ditu. Hala ere, hobekuntza beharko luke kokapen bat lortzeko ere. Kokapen baten bila.

6. LOVE (A.O’Brien / R.Moore): Aurreko denboraldiko emerik onenetakoa izan zen eta hemen Aidan O’Brienek moxal bakarra aurkezten badu… 1400 metrotan 1G mailan irabazi zuen eta Newmarketeko milia luzeegia egin zitzaion azken lasterketan, garaipenerako borrokan egon arren. Lasterketan zehar erreferentzia izango da Galileo handiaren alaba hau. Aukera handiak.

7. MILLISLE (J.Harrington / O.Murphy): Jessica Harringtonek baditu aurten zenbait eme hemen lehiatzeko moduan baino aukera bakarrarekin aurkeztuko da. Distantzia egiteko gaitasunarekin dudak sortzen dizkigu baina kalitate aldetik ez dago dudarik. Lasterketa luzeegia?

8. QUADRILATERAL (R.Charlton / J.Watson): Apustu etxeen faboritoa. Izan ere, Frankelen alaba honek baldintza guztiak betetzen ditu. 3tik 3 garaipen lortuak dita eta gaitasun handiak erakutsiz gainera. Nagusitasuna erakusteaz gain, borrokarako grina agerian utzi Fillies Mile 1G lasterketan, egun honetako distantzia eta hipodromoan. Meritu osoz, faboritoa.

9. RAFFLE PRIZE (M.Johnston / M.Barzalona): Beti lehenen bi postuetan bere lasterketetan, nahiz eta arren aurka aritu ere. Sprinter itxura hartzen diogu eta Newmarketeko milia luzeegia egingo zaiola iruditzen zaigu. Sprinterra.

10. ROMSEY (H.Morrison / T.Marquand): Onenetatik nahiku urrun orain arte. Sorpresa izugarria izango litzake. Ez

11. ROSE OF KILDARE (M.Johnston / J.Fanning): 12 lasterketa 2-urteko denboraldian. Ez dugu uste hori denik klasiko bateko irabazlearen profila. Klase puntua falta duela erakutsi du.

12. SHIMMERING (J.Gosden / F.Dettori): Abenduan lortu zuen garaipenaren balorearekin ez dauka zer egiterik hemen. Gosden+Dettori binomioa nahikoa egiaztagiri Lope de Vegaren alaba honek beldurra sortzeko. Ez dirudi.

13. SUMMER ROMANCE (C.Appleby / W.Buick): Uda hasieran sortutako itxaropenak ez zituen gauzatu ondoren, zenbait arazoengatik. Godolphin boteretsuaren lehen aukera ematen du. Ezin gutxietsi, sorpresarako prest.

14. UNDER THE STARS (J.Tate / P.J.McDonald): Meritu handiko kokapena lortu ondoren, dirusari aberatseko lasterketa irabazi zuen 1200 metrotara jaitsita. Esperientzia handia du eta borrokarako sena baduen arren, distantzia motzagoetan ikusi nahiko genuke. Luzeegia?

15. YES ALWAYS (K.Burke / B.Curtis): Garaipena lortu zuen bere lasterketa bakarrean. Sprinterako jatorria dauka eta balore hobekuntza handia, ikaragarria, beharko luke kokapen bat lortzeko. Aldapan gora.

IRAGARPENA: QUADRILATERAL – Love – Cloak of Spirits

NEWMARKET: 1000 eta 2000 Gineen asteburuko, analisia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top