zaldilasterketak.eus

Oztopo guztien gainetik beste denboraldi bat Zubietan

Zaldi lasterketen irteera
Argazkia:Dabid argindar

Azkenean baietz, bendeinkazio guztiak bildu dituela gure hipodromoak eta asteazkenean beste behin ekingo diola ohiko udako denboraldiari. 15 jardunaldi izango ditugu guztira, ekainaren 3an hasi eta irailaren 6an amaituta.

Ez dira gutxi izan gainditu beharreko oztopoak. Hesi-lasterketa baten moduan, bertako arduradunak oztopoak banaka-banaka saltatzen joan dira irteerako zutoinera iristeko. Bejondeiela.

Frantzia eta Alemania izan ziren lehenak bueltatzen lasterketekin, maiatzaren bigarren astean. Deseskaladaren hasierarekin batera Madrilek esperantzak zituen lasterketekin maiatzaren 24an bueltatzko , baina pandemiak hiriburuan eragindako txikizioak gutxienez 3. faseraino atzerako ditu bertako karrerak. Hori diote. Zubieta aurreikusitako datan bueltatuko da, ekainaren 3an. Hori bai, aurreneko bi jardunaldiak ateak itxita. Gero gerokoak.

Gauzak horrela. eta deseskaladaren erritmoen aginduetara, Hipodromoak han eta hemengo berrespenak (PMU eta LAE) eta administrazioaren baimenak erlojuaren kontrako lasterketa batean eskuratu behar izan ditu, suspentsea azken eguneraino luzatuz. Hori guztia gutxi ez, eta azken konfirmazioaren bezperan, Mallorkako trostarien PMU jardunaldia bertan behera utzi zuen Espainiako CSDk, 3. fasera arte horrelakorik ezin zela egin argudiatuz. Bertakoak sutan jarri dituzte eta hemengo zaleak zalantzetan itota. Zorionez EAEn CSDk ez du eskumenik arlo honetan eta Eusko Jaurlaritzak bere OKa eman zuen ostegunean (maiatzak 28). Luzapenaren azken minutuan eta penaltiz. Baina gure denboraldia aurrera!

15 jardunaldi ekainetik irailera

Azkenean, beste aldaketarik ez bada, 15 jardunaldi izango ditugu guztira. Eta baldintzazkoa sartzen dut, ikusi beharko baita zein den Madrilgo osasun egoera deseskalatze honetan. Baina printzipioz badirudi dena lotuta dagoela, edo.

Zubietako jardunaldiak azkenean hauek izango dira (beltzez igandeak):

  • Ekainean: 3, 7, 10, 17 eta 24. Guztiak asteazkenetan (11:10ean). 7koa izan ezik (17:30etan).
  • Uztailean: 3, 19 eta 26. 3koa ostiral goizean (11:10ean)
  • Abuztuan: 2, 9, 15, 23 eta 26. (15ekoa 16:45ean eta 26koa, asteazkena, 12:10)
  • Irailean: 2 eta 6. (2 asteazkena 12:10ean).
Turf

7 igande arratsaldez, 7 lanegun goizez eta… Urrezko Kopa

Ikus daitekeenez jardunaldien erdia baino gutxiago, zazpi, igandez izango dira. Eta, nahikoa deigarria dena, beste zazpi goizez! (6 asteazken eta ostiral bat)

Jakina da PMUk ezartzen dituela gure hipodromoko jardunaldi askoren ordutegiak, baina kasu honetan ere badirudi Madrilerako tartea egin nahiean uztaila hasierako jardunaldia propio asteazkenera pasa dela hiriburuari bere egun handia uztailaren 5ean ospa dezan uzteko, hemen karrerarik gabeko bi asteko zuloa utziz. Beste behin ere, gure hipodromoa erreskate lanetan. Kontrako norabidean tarteka zeozer ere ikusi nahiko genuke. Ordutegi eta truke hauei buruz beste batean hitz egingo dugu. Orain ospa dezagun datorrena.

Hitzordurik nagusienak

Hipodromoak jakinarazi berri du udako behin betiko programa zein izango den . Nabarmena sarietan sartutako guraizea, baina gainean daukagun krisia ikusita, gaitzerdi. Hemen ohiko hitzordu nagusienak, gehienak igandearekin:

  • Abuztuak 2: Criterium Nazionala (2 urtekoak)
  • Abuztuak 9: María Cristina Hotela Saria (behorrak)
  • Abuztuak 15 (larunbata): Urrezko Kopa
  • Abuztuak 23: Eusko Jaurlaritza Saria
  • Abuztuak 26: Nazioarteko Criteriuma (2 urtekoak)
  • Irailak 2 (asteazkena): Listed bat (4 urtetik gorako arabiarrak)
  • Irailak 6: Donostiako Sari Nagusia

Arabiarrentzako guztira 3 lasterketa izango dira: abuztuaren 9an bat eta irailaren 2an beste bi.

Madrilek bere programa berregin du (berriz)

Aurretik esan bezala, bi hipodromoen artean elkarlana izan da deseskalatze honetan elkar ez zapaltzeko. Horrela, suposatzen da Madrilek ekainaren 14ean berrekingo diela lasterketei eta abuztuaren 13an amaituko. Ekainaren 10ean ospatu nahi baina egin ezin izan duten jardunaldia, gurera pasa da.

Aurkeztu berri duen programazio berrian esaten denez, printzipioz lasterketa guztiak belarrean egitekoak dira, goiz edo arratsaldez izateko aukera zabalik utzita. Eta ateak itxita edo ikusle murrizketekin, egoeraren arabera. Sarietan guraizea hemen ere.

Programaren 57 orrialdeak irakurtzeko gogorik izango ez duzuenez, hona hemen jokaldirik onenak:

  • Ekainean: 14, 21 eta 28 (igandeak)
  • Uztailean: 5, 9, 12, 16, 23 eta 30 (bi igande eta lau ostegun)
  • Abuztua: 6 eta 13 (ostegunak)

Gogoratu beharreko hitzordu nagusienak, berriz, hauek. Hartu agenda:

  • Ekainak 21: Pouleak (G.P. Cimera eta G.P. Valderas)
  • Uztailak 5: Gran Premio de Madrid eta Gran Premio Claudio Carudel (egun handia denez Hipódromo de San Sebastián izeneko handicap zatitua ere bada…)
  • Uztailak 12: Oaksa (G.P. Beamonte) eta Derbya (G.P. Villapadierna)

Virusarekin dantzan, ea oraingoan aurreikuspenak betetzen diren.

Oztopo guztien gainetik beste denboraldi bat Zubietan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top