Iritsi da urteko asterik onena, Royal Ascot. Betidanik, Europan behintzat, urteko turf munduko panorama aldatzen da Royal Ascot ondoren. 3 urtekoak, miliako klasikoen ondoren hemen izaten dute bere maila berresteko lehen aukera eta zaharrak berriz, denboraldi erdiko momentu gorenean bere lekua hartzeko aukera probesten dute.
Aurten publikoa bueltan izango da Ascoteko tribuna erraldoian, egunero 12.000ko aforoa mantenduz. Iazko parentesiaren ondoren, erregina eta jende eleganteak kolorea emango dio meetingari baina benetako ikuskizuna belarretan izango da. Beti bezala.
ZaldiLasterketak.eus-en jarraipen estua egingo diogu meetingari, urtero bezala. Hasteko, egunez eguneko lasterketa nagusien analisiak.
Ekainak 17, Gold Cup (1G)
4014m, 4 urtetik aurrerakoentzat. 4 STRADIVARIUS lau urtez jarraian Ascoteko maratoia irabazteko asmotan dago, 2006tik 2009ra YEATSek lortu zuen balentria berdinduz. Azken hiru urteetan ez du itzala egin ziezaiokeen aurkaririk aurkitu eta “stayeren” buru izan da urtetik urtera. Aurkezpen handiegirik ez du behar Sea The Starsen semeak. Lokatzetan bakarrik azaldu ditu ahuleziak eta aurtengo lasterketa bakarrean bikain aritu da. Faborito argia nahiz eta adinez zahartzen ari zaigun.
Gure ustez, guztien gainetik hiru aurkari zaindu beharko ditu lasterketan zehar Stradivariusek: 5 TRUESHAN, 12 SUBJECTIVIST eta 3 SPANISH MISSION. Trueshanek badaki zer den Ascoten bertan Stradivariusi irabaztea, pista biguinean eta bi miliatan (3200m). Subjectivist bi lasterketa garrantzitsu irabaztetik dator 3100 eta 3200 distantziatan Frantzian eta Dubain modu erabakiorrean. Spanish Mission, 2019an Pedro Cara ezagunaren garailea Belmont Parkeko lasterketa aberatsean, ez du beti bere mailarik onena eman baina iazko Doncaster Cupean (3600m) bezala, aurtengo Yorkshire Cupean bikain aritu da.
Gure hautua: Faborito ugari eman ditugu lehenengo bi egunetan eta ezustera jokatuko dugu lasterketa honetan. Beti pentsatu izan dugu 3 SPANISH MISSION lasterketa honetarako zaldia dela. Inoizko mailarik onenean dago, heldutasunean ondo sartuta eta beste aurkari nagusi batzuk ez bezala, duda gutxi sortzen ditu distantziarekin. Etekin goxoa izan daiteke takiletan.

Ekainak 15, Queen Anne (1G)
1609m lerro zuzenean, 4 urtetik aurrerakoentzat. Ezinezkoa da PALACE PIER-en (Kingman) aurka egitea. Europako miliari onenak abantaila handia die aurkariei bai balorean zein historialean. Gosden eta Dettorik hasiera bikaina emango diote meetingari, ezer arrarorik gertaten ez bada. Atzetik, O’Brienen bi zaldiak saiatuko dira gauzak zail jartzen, LOPE Y FERNANDEZ (Lope de Vega) delarik gure gustukoena. Lockinge Stakesen PALACE PIERengandik oso urruti iritsi zen helmugara baina gaurkoan lurzoru azkarra lagun, abantaila hori murriztu dezake.
Gure hautua: 6. PALACE PIER fijo

Ekainak 15, King’s Stand (1G)
1006m lerro zuzenean, 4 urtetik aurrerakoentzat. “BATTAASH handia hemen egonda, ezin dugu beste inoren alde egin. Izaera berezitasunak erakutsi ditu askotan, bere maila asko jaitsiz “etxetik kanpo” gaua pasatzen duenean adibidez, baina bere onenean, ez dago bera bezalakorik. 4 urte betetakoan hazitarako lanetan murgildu zuten baina antzutasuna zela medio (maitagarria benetan), pistetara bueltatu zen, eta eskerrak, egundoko erakustaldiak eman bait dizkigu askotan“. Lasterketa honetako iazko testuari gehitzeko iruzkin bakarra da ziurrenik ez duela bere onenean egon beharko bigarren aldiz irabazteko. Bere burua du bere aurkari nagusia.

Gure hautua: 2. BATTAASH
Ekainak 15, St.James Palace Stakes (1G)
1609m, 3 urtekoak. Eguneko lasterketa nagusietan irekiena iragarpenerako. Formari erreparatuta 11. POETIC FLARE da garaitu beharreko zaldia. 2000 Ginea – Poule frantsesa – Irlandar 2000 Ginea hirukoitzean denak eman ditu hilabete baten barruan eta berriz ere laugarren zita handi batean garaile ateratzeko esfortzu gehiegi direla uste dugu. Ez da urruti ibiliko hala ere. Beste hautagaiak bi multzotan sailaktu ditzazkegu, batetik, klasikoren batean (hala bitan) lehiatu direnak eta bestetik, lasterketa xumeagoetatik bere balorean goraka datozenak.
O’Brien familietako 1 BATTLEGROUND eta 12 THUNDER MOON faboritoen artean zeuden 2000 Gineatan baina azken bi postuetan iritsi ziren. Esperotzeko da beraien aldeko hobekuntza nabaria. 13 WEMBLEY antzeko lanak bete zituen 2000 Ginea irlandar zein britainarretan. 6 LUCKY VEGA berriz, garaipenerako borrokan egon zen (hirugarren, gorputz batera) Newmarketen baina Curragheko lokatzetan ez zen horren gustura aritu. Lurzoru azkarrera bueltan, garaipenerako borrokan egon beharko luke berriro ere. Taldetxo honekin bukatzeko 3 CHINDIT azaltzen zaigu. Bosgarren izan zen 2000 Gineatan baina oso adierazgarria izan zen zelako arazoak izan zituen bere errematea erabili ahal izateko, Newmarketeko aldapei aurre egin ezinik. Hobekuntzarako tartea du, adi Wootton Bassetten semearekin.
.jpg)
Bestetik, “goraka” datozenen artean atentzioa gehien deitzen duena 8. MOSTAHDAF da. Hirutik hiru garaipen lortu ditu, azkena Listed mailan. Gosdenen zaldiak jatorri ezinhobea izateaz gain (Frankel x Dubawi), lurzoru azkarrean ondo moldatu daitekeela dirudi. Listed horretako bigarrena 4 HIGHLAND AVENUE ere kontutan hartu behar da, irabazleari kilo t’erdiko abantaila ematen baizion. Azkenik, 9 NAMOOS handikapetatik jauzi egiten du maila gorenera eta zaila dirudien arren, kokapen bat lortzeko aukera izan dezake. Ez dago hain urruti balorez.
Gure hautua: 3 CHINDIT fresko dago eta hobekuntza nabarmena izan dezakeela uste dugu pista erregularrago honetan. Hala ere, 6 Lucky Vega, 11 Poetic Flare eta 8. Mostahdaf zaila jartzen dute konfiantzazko hautu bat egitea.
Ekainak 16, Prince of Wales (1G)
Zaila da 3 LORD NORTHen aurka egitea iaz lasterketa honetan eman zuen erakustaldia eta aurtengo Meydaneko garaipena kontutan hartuta. Dubaiko lasterketan odol-hodi bat hautsi zitzaion eta dudak sor ditzake berriz ere bere mailarik onenean ikusteko. 7 LOVE denok maitemindu gintuen iazko 1000 Ginea – Oaks – Yorkshire Oaks hirukoitza lortuz, denak ere aixetasun handiz. Arc de Triomphen ezin izan zuen parte hartu lesio arin baten ondorioz eta hemen azalduko da berragerpenean. Forma puntu handian badago, bera izan beharko luke garailea. 1 ARMORY garaipen ikusgarri bat lortzetik datorren arren, aurreko bien azpitik ikusten dugu eta bi faboritoen akatsen zain egon beharko da.
Gure hautua: 7 LOVE – 3 Lord North